Abian da Pantailaldia, euskarazko edukiz gozatzeko egitasmoa

Data

25.05.06 - 25.05.14

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Aurtengo edizioaren kartela.
Aurtengo edizioaren kartela. (PANTAILAK EUSKARAZ)

Pantailak Euskarazek euskarazko ikus-entzunezko edukiak sustatzeko antolaturiko aktibazio sozialerako ariketaren II. edizioa astearte honetan hasi eta maiatzaren 14ra arte egingo da.

Euskaraldiaren testuinguruan eta honen sinergiak aprobetxatuz antolatu den ekimen honek helburu bikoitza izango du: batetik, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea, eta bestetik, pantailen munduan euskarak dituen gabeziak agerian utziz erakundeak euskararen aldeko pausoak ematera gonbidatzea. ‘Euskaraz ikus-entzunez egingo dugu!’ da aurtengo leloa.

Mota guztietako pantailetan (telebista, streaming plataforma, zinema, sare-sozial, bideo-joko) euskarazko edukiak erabili, kontsumitu, edo sortzeko erronka da Pantailak Euskarazek herritarrei luzatu diena: alegia, hamar egunez, pantailetan ere, euskaraz bizitzeko erronka.

Edozein herritarrek izango du #PANTAILALDIAn parte hartzeko aukera. Herritarrei goian aipaturiko erronka betetzea eskatuko zaie, eta haien bizipenen berri sare sozialetan zabaltzea #pantailaldia traola erabiliz. «2022an ospaturiko lehen edizioan 500 herritarrek eman zuten izena, eta ondoren egindako ikerketak erakutsi zuen horietatik %77k euskarazko baliabide berriak ezagutu zituela, eta %64ak edukiak sortu eta kontsumitzerakoan zituen hizkuntza ohiturak aldatzeko balio izan zuela. Aurtengoan parte-hartzaile kopuru hori gainditzea izango da erronka», adierazi dute sustatzaileek.

Pantailaldia hasteko, maiatzaren 6 astearte honetan 20.00etan Bilboko Kafe Antzokian, ‘Kneecap’ telesail irlandar arrakastatsuaren emanaldia euskaraz azpititulatuta eskainiko da, azpitituluak.eus ekimenaren laguntzari esker.

Ipar Irlandan irlanderak pairatzen duen diglosiari modu irmo eta irudimentsuan aurre egitea erabakitzen duten hiru raperoren istorioa kontatzen du ‘Kneecap’ filmak. Rich Peppiatt zuzendari eta gidoilariak Belfasteko Kneecap taldearen istorioa kontatzen du film honetan. «Komedia ganberroa eta autobiografikoa da, gai asko jorratzen dituena; batzuk, gainera, hurbilekoak egingo zaizkigu Euskal Herrian. Protagonistak Belfasteko hiru gazte dira, bi kaleko mutikoak dira eta bestea irlandera irakaslea eta musika sortzailea», esan du Pantaila Euskarazek.

«Iaz arrakasta handia izan zuen Sundance jaialdian eta aurten Oscar sarietarako hautagaien artean izan da, Irlanda ordezkatzen. Taldeak, eskenatokietan Palestinaren alde adierazitako jarrerak, nazioartean are eta oihartzun gehiago izatera eraman du», jarraitu du.

Aurretik, 19.40ean hasita, Pantailaldia ekimenaren aurkezpena eta DYMXN rapero irlandarraren emanaldi laburra izango ditugu eta, ondoren, 20.00etan, filma ikusi ahal izango da. Sarrera doan har daiteke webgunean eta Zenbat Gararen bulegoan. «Sustraiak Dublinen eta Bilbon dituen rapero irlandarra da, eta bere musika letra zorrotzengatik eta erritmo itsaskorrengatik nabarmentzen da. Zaragozako freestyle eszenan hezia, ‘A letter to myself’ mixtape-ak kritika sozialarekiko eta bere talentu narratiboarekiko konpromisoa erakusten du. Estilo paregabe eta benetakoarekin, egungo hip-hop eszenan agintzen duen artista gisa kokatzen da DYMXN», diote sustatzaileek.

Beste egunetan euskarazko edukiak sareetan kontsumitzeko hainbat gomendio egongo dira, esate baterako, maiatzaren 14ean ‘Urak eginen du bide’ dokumentala, euskarak pantailetan dituen erronkei buruzkoa, emitituko dute 20.00etan Ipar Euskal Herriko Kanalduden eta 22.00etan Hamaika TBn. «Ekintzen baitan protestarako tartea ere egongo da: maiatzaren 10 larunbatarekin herriko zinemara joan eta euskarazko eskaintzarik ez badago web orriaren bitartez dagokion salaketa jartzea izango da erronka», diote.

«Pantailaldian zehar, euskal kulturgintzako hainbat erreferentek ere euskara eta pantailekin dituzten bizipenak partekatuko dituzte sare sozialen bidez, euskarak aurrera egin dezan ikus-entzunezkoek eta pantailek duten garrantzia jendartean zabaltzeko helburuz. Izan ere, gaur egungo mundu digitalean, pantailak dira hizkuntza eta kulturaren transmisiorako bitarteko nagusia», esan dute.


Kokapena

Kafe Antzokia
Done Bikendi, 2
Bilbo. Bizkaia