Agur ‘Cerodenero’

Data

25.05.31 - 25.05.31

Lekua

Bizkaia - Barakaldo

‘Cerodenero’ diskoaren bira itxiko du Izarok emanaldi berezi batean.
‘Cerodenero’ diskoaren bira itxiko du Izarok emanaldi berezi batean. (IZARO)

Maiatzaren 31 arrats gauean ‘Cerodenero’ diskoaren bira itxiko du Izaro musikariak Barakaldoko BEC gunean. Emanaldi errepikaezina iragarri du musikariak, eta horretarako lagun musikariak batu ditu festara, bere ohiko zuzeneko bandako kideez gain.

19.00etan zabalduko dira ateak eta 20.00etan Olaia Inziarte ariko da zuzenean ‘Zerrautsa’ diskoa aurkezten. 21.00etan igoko da Izaro agertoki gainera azken aldiz bira honetan ‘Cerodenero’ diskoa taularatzea modu berezian. Emanaldian zehar Baiuca, Olatz Salvador, Miki Núñez, Valeria Castro, Esanezin, Janus Lester, Zetak, Olaia Inziarte, Oreka TX eta Martin Urrutia musikarien parte hartzea iragarria dago.

Oraindik geratzen dira sarrera bakan batzuk, eta 42,90 euroen truke eskura daitezke Izaroren atari digitalean. Aurrez denak saltzen ez badira, egunean bertan BEC gunean eskuragai izango dira emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago.

‘Cerodenero’

 2023ko neguan ikusi zuen argia Izaroren ‘Cerodenero’ diskoa. Musika bideko estudioko laugarren emaitza izan zen honakoa, eta 2024 urteko urtarrilean abiatu zuen bira Bilboko Euskalduna Jauregian eta Barakaldoko BEC gunean amaiera jarriko dio larunbat honetan.

Bi emanaldien artean dozenaka zuzeneko, Euskal Herrian zein atzerrian: Madril, Sevilla, Bartzelona, Reykjavik, New York, Austin, Dallas, Bogota... izan ere, disko berriarekin saiakera egin du abeslari bizkaitarrak gure mugetatik kanpo bere musika zabaltzeko, eta bide horretan kokatu daitezke emanaldi hauek. Gurean, berriz ere, kontzertu arrakastatsuak eskaini ditu, Donostiako Kursaal auditorioa, Iruñeako Baluarte antzokia, Azpeitiako Soreasu kulturgunea eta Gasteiz hiriko Principal antzokia leporaino betez.

Perlak

2025. urte honetan zehar hainbat kantu zintzilikatu ditu abeslariak plataforma digitaletan, eta horien artean kokatzen dira Valeria Castro abeslariarekin egindako ‘Amiguita como tú’, Baiuca eta Oreka TX txalapartariekin osaturiko ‘Xorieri’, Olaia Inziarte lagun izan duen ‘Saldu genizun’, eta ‘Ordu bik eta laurden’ abestia, non Izarok bere bandari aipamen egiten dion kantu barnekoi eta ederrean. Disko berezi hau ixteko ‘Noizbait iritsiko dira’ kantuaren moldaketa egin du ‘a cappella’. Diskoak ekainaren 6an ikusiko du argia baino BEC gunera gerturatzen denak fisikoan eskuratzeko aukera izango du salbuespen berezian.

Lagunak agertokian

Izaroren musika bidean ugariak izan dira egin dituen lankidetza eta kolaborazioak, eta beraz, ez da harritzekoa bira itxiera honetan lagunez inguratzea emanaldi berezi honetarako. Hasteko, Olaia Inziarte gonbidatu du emanaldia zabaltzeko. Urtarrilean kaleratu zuen musikari nafarrak estudioko bere bigarren emaitza luzea den ‘Zerrautsa’ lana, eta disko hori taularatuko du BEC-en. Bestetik, Baiuca, Olatz Salvador, Miki Núñez, Valeria Castro, Esanezin, Janus Lester, Zetak, Olaia Inziarte, Oreka TX eta Martin Urrutia musikarien parte hartzea iragarri du, bere kantuei bestelako kolorea emateko asmoz, lagunarteko musika festa handian.

Lan taldea

Izaroren bidean garrantzi handia izan du lan taldeak, eta bide horretan Garazi Esnaola (teklatuak), Iker Lauroba (gitarra), Mattin Arbelaitz (bateria) eta Julen Barandiaran (baxua) musikariak lagun izan ditu azken urte hauetan guztietan diskoetan eta agertokian. Banda sendo eta gazte bat osatu du Izarok bere ondoan, eta azken garaian Jaiotz Osak gidaturiko dantzariak batu ditu zuzenekoetara, emanaldiei bestelako kolore bat emanez.

Hau dena eta askoz gehiago larunbatean Barakaldoko BEC gunean bizitzeko aukera izango da ‘Cerodenero’ biraren itxiera emanaldian.

ORDUTEGIAK
19.00 Ateen irekiera
20.00 Olaia Inziarte
21.00 Izaro

 

Kokapena

BEC
BEC
Barakaldo. Bizkaia

Loturak