Igandean, berriki sortu direnetik bide luzea duten taldeetaraino

Data

25.12.07 - 25.12.07

Lekua

Bizkaia - Durango

Silitia taldeko lau kideak.
Silitia taldeko lau kideak. (LUME)

Igandean hamar musika proposamen ikusteko aukera izango da Durangoko Azokako Ahotsenean, berriki sortu diren egitasmoetatik, bide luzea duten taldeetaraino.

11.00, Harribitxi

Aitor Urquiza eta Iker Alvarez dira Harribitxi. Sustraiak, tradizioa eta garaikidetasuna dira taldearen hiru zutabeak, eta hortik sortzen dituzte kantuak.

Txistua, danbolina, bonbetea, ttun-ttuna, panderoa, gitarra, edo mandolina esku artean, musika festa handia da taldeak proposatzen duena. 

12.10, Isuo

Mukuru kolektiboak kaleratu du Isuo musikariaren disko berriena. Urteak dira gitarra eskuan alde batetik bestera aritzen dela, ahots xuxurla eta melodia ederreko kantuak lagun.

‘Suzko ikurra’ izenpean dator lan berria, eta bikote formatuan grabatu dute Bargi abeslariak eta biek, eta hala aurkeztuko dute zuzenean: gitarra akustiko bat eta bi ahotsekin.

13.20, Ilargi

Ilargi musikari gazteak ere disko berria taularatuko du Ahotsenean, ‘Dolu(s)min’ izenpean argitaratu den lan monografikoa. Doluaz ari dira diskoko kantu guztiak, eta lan sakona eta barnekoia izan arren, argi izpiz beteriko diskoa da honakoa.

Bakarka akustikoan egindako kantuak pop itxura hartzen dute banda lagun duenean. 

14.30, Sara Zozaya

Ibilbide luze bezain oparoa du Sara Zozaya musikari gipuzkoarrak. Hainbat taldeetan ibili eta gero, bakarkako bideari ekin zion bere izenpean diskoak kaleratzearekin batera. Merina Gris taldean erabiltzen dituen erregistroak alde batera utzita, txikian handi da Sara Zozaya.

‘Attä’ izenpean kaleratu du lan berriena, lau kantuz osaturiko EP lan txikian sartuak.

15.40, GAR

Urteak atzera Mocker's taldean jardun eta gero, Jon Garcia musikariak GAR egitasmoa jarri du martxan barnean zituen kantuei bide emateko. Garai bateko rock sutsua alde batera utzita, bestelako giroetan dator GAR, kantu bakoitza mimoz landuz.

Debuteko ‘Oraina eskuetan’ lana taularatuko du Ahotsenean.

16.50, Karma

2023 urtean sortu zen Nafarroa Behereko eta Lapurdiko musikariek osaturiko Karma rock taldea. Hiruko moduan taularatzen dira, eta Antton Araspin (gitarra eta ahotsa nagusia), Benjamin Delabaca (baxua eta koroak) eta Miguel Etxeberri (bateria eta koroak) dira taldeko kideak.

‘Dirudienez’ diskoa dute estudioko bigarren emaitza.

18.00, Silitia

Biko izatetik laukote izatera igaro da Silitia taldea, eta lehen zuten potentzialtasuna biderkatu egin dute. Proposamen eroa bezain beroa da honakoa, eta ‘Mirari Oro Tapatzen Zauria’ diskoak ederki erakusten du hori.

Hala ere, diskoa disko, zuzeneko emanaldietan dago Silitia taldearen esentzia, eta bide horretan Ahotsenean eztanda egingo dute kantuek.

19.10, Harria

Bestelako giroetan dator Harria taldea, abiadura alde batera utzita, sosegua eta lasaitasunari toki eginez folk rock kantuetan. Aitor Aldanondo musikariak jarri zuen abian Harria proposamena, eta egun banda bezala aritzen dira kantu sorkuntzan zein zuzeneko emanaldietan. 

20.20, Ginka Biloba

Olatz Urkia (baxua), Iker Leibar (bateria) eta Julen Ribas (gitarra eta ahotsa) dira Ginka Biloba. 2023an sortua, taldearen izen bera daraman diskoa argitaratu berri dute. Abiapuntu bezala rock estiloa hartzen dute, kantu bakoitzari bere bidea egiten utziz.

Debuteko diskoa aurkeztuko dute Ahotsenean.


21.30, Gailu

Okene, Mikel eta Mariano dira Gailu, eta ‘Bizi eta Ixo’ izena darama taldearen berriena. Punk eta hardcore mugimendutik datoz taldeko kideak, eta ‘zuk zeuk egin’ filosofiari segika egin dute bidea. Azken bost urteetan estudioko hiru disko grabatu eta kaleratu dituzte, ‘hemen eta orain’ bizi behar dela aldarrikatuz.

Eskola zaharreko punka, egungo doinuekin uztartzen ditu bandak, zuzeneko indartsu bezain erakargarrian. Modu ezin egokia igande gaua musikaz amaitzeko.

Kokapena

Ahotsenea - Plateruena
Landako gunea
Durango. Bizkaia

Loturak