Alerta Gorria, disko berria aurkezten Arbizun

Data

26.05.09 - 26.05.09

Lekua

Nafarroa - Arbizu

Etxean aurkeztuko du disko berria Alerta Gorria taldeak.
Etxean aurkeztuko du disko berria Alerta Gorria taldeak. (ALERTA GORRIA)

Alerta Gorria taldeak ‘Lurrak bere bidea darrai’ disko berria aurkeztuko du larunbatean Arbizuko plazan. Emanaldia 22.30etan hasiko da eta Bulkada taldeak zabalduko du gaualdia.

Kontzertua Arbizuko Gazte Asanbladak antolaturiko egun osoko egitarauaren barnean kokatzen da, non argazki erakusketa, elkartasun bazkaria, eta ‘Inperialismoari su, herriok burujabetza’ izenpean kontzentrazioa prestatu diren. Kontzertuak doakoak izango dira.

Alerta Gorria

2012 urte inguruan eman zituen lehen pausoak Alerta Gorria taldeak Nafarroako Arbizu herrian. Musikalki punk oi! giroetara lotu ziren nerabe zirela, eta streetpunkaren errepidean eman dituzte urte hauek guztiak.

Ehunka kontzertu eskaini ditu bandak, bai eta estudioko lau disko grabatu. Debutekoak 2013 urtean ikusi zuen argia eta taldearen izen bera eraman zuen, ibilbidea abiatuz. 2015 urtean, berriz, ‘Piztiak basoan’ diskoa kaleratu zuten eta 2019an ‘Amets gaizto bihurtu arte’ lana, trilogia ederra osatuz etenik gabeko bidean.

Sei urte ondoren kaleratzen da orain artean taldearen azken estudioko lana den ‘Lurrak bere bidea darrai'’diskoa. Musikalki tinko eusten diote punk oi! doinuei, eta lan berria osatzen duten sei kantuetan nabari da taldea indartu eta garatu dela. Izan ere, sei kantu barneratu ditu bandak 18 minutuko iraupenean.

Lurrak bere bidea darrai

2025 urteko abenduan kaleratu zen taldearen laugarren emaitza, eta dagoeneko egin dituzte lehen aurkezpenak. Lazkaoko jaietan eta Gernikako Astra gunean jo du bandak, eta larunbatean emanaldi berezia eskainiko du Arbizun, taldearen sorterrian.

Agertokian Bulkada taldea izango dute lagun, Sakanako Etxarri, Arbizu eta Lakuntzatik datorren streetpunk banda. Taldeak beste emanaldi bat iragarri du bere Instagram orrialdean, eta ekainaren 11 gauean Bilboko Kafe Antzokian ariko dira zuzenean.

Kokapena

Plaza
Plaza
Arbizu. Nafarroa

Loturak

Alerta Gorria

Bulkada

Arbizuko Gazte Asanblada