Anari, Ødei, Antton Telleria... Basaizearen Kulturaldian

Data

25.04.06 - 25.04.26

Lekua

Nafarroa Beherea - Aldude

Iruñean aurkeztu dute egitaraua ostegun honetan.
Iruñean aurkeztu dute egitaraua ostegun honetan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroaren Eguna apirilaren 27an ospatuko da Baigorrin ‘Kateekin ateak hauts!’ lelopean. Aurretik, Basaizea Kultur Batasunaren eskutik egingo den Kulturaldiari amaiera emango dio Nafarroaren Egunak.

‘Ninini’ komedia ikuskizunarekin emango dio hasiera aurtengo edizioari Kulturaldiak apirilaren 6an. Baigorriko Bil Etxean da hitzordua 17.00an.

‘Ura ez baita beti gardena’ liburuaren aurkezpena iragarri dute apirilaren 11rako. Aldudeko liburutegian izango da ekitaldia 19.00etan. Nafarroako Erriberako herri batean girotu du Xabi Lasak bere lehen eleberria. ‘Thriller’ kutsuko kontakizunak ingeniari bat du protagonista. «Usaian aurkitzen ez ditugun pertsonaiak eta lekuak ekarriko dizkigu», diote antolatzaileek.

Ødei eta Ziztada & Rlantzen kontzertua izango da apirilaren 18an Baigorrin. Eta Anari igoko da agertokira apirilaren 30ean 19.00etan. Hitzordua, Izpegiko Behereko Bentan.

‘Xiberoa kantuz loraturik’ ikuskizunaz gozatu ahal izango dute apirilaren 26an Baigorriko Bil Etxera bertaratzen direnek. Maddi Oihenart, Ihitz Iriarte, Beñat Achiary, Julen Achiary, Mixel Etxekopar, Nicolas Nageotte eta Jordi Cassagne arituko dira kantuan eta musika sortzen. Ondoren Arranoband Lesakako taldearen saioa izango da Ikastolan.

Interesatuek basaizea@gmail.com helbidean eskura ditzazkete sarrerak.  

1979tik

1979. urtetik hona antolatzen da Kulturaldia (Kultur Astea garai batean). «Baigorriko eskualdean orotariko euskarazko ekitaldien eskaintzea du helburutzat: ikusgarri, antzerki, kantaldi, eztabaida, gogoeta... Eskas bati erantzuteko sortu zen, garaian euskarazko sorkuntzak eta emanaldiak arrunt murritzak baitziren», adierazi dute sustatzaileek.

«Gaur egun, eskaintza aberatsagoa bada ere, ez dugu begi bistatik galtzen euskaraz bizi nahi badugu horrelako ekitaldiak beharrezkoak direla eta oraino lan handia gelditzen dela euskal kulturak leku ttipiegia baitu gure lurraldean. Beraz, gure maneran eta gure ahal xumeekin entseatzen gira Euskal Herri barnekaldean kultura biziarazten eta bazterren inarrosten, euskaraz».

1979an lehen Nafarroaren Eguna ospatu zenetik, gauza anitz aldatu dira. «Euskal kultura bera ere aldatu da eta etengabeko aldaketan ari da. Gure aldarrikapen katea aldiz, nahiz eta denboran zehar aldatzen den, ez da sekula moztu. Kateak erasotzeko etengabeko saiakerak gauzatu dituzte azken hilabeteetan. Gure balore kateak suntsitu nahi izan dituzte iaz, Nafarroaren Egunean emaniko LGBTIK+ bandera urratuz. Eskuin muturrak eta faxismoak geroz eta indar eta leku gehiago hartzen duen heinean, kateak lot ditzagun!», gonbita luzatu dute.

«Indibidualismoa zabaldu, eta gure arteko kateak hautsi nahi dituzte, baina guk, norberaren etxeko ateak hautsi eta erasoen kontra batzeko deia zabaltzen dugu, elkartasun kateak lotuz. Euskararen kateek nehoiz baino indar gehiago behar dute, gure hizkuntzaren kontrako erasoei aurre egiteko eta dena delako oldarraldiari katez-kateko erantzuna emanez», gaineratu dute.



Kokapena

Aldude
Aldude
Aldude. Nafarroa Beherea