Egun osoko egitaraua Andoaingo Rock Jaialdian
Data
26.06.13 - 26.06.13
Lekua
Gipuzkoa - Andoain

Ekainaren 13an Andoaingo Rock Jaialdiaren XVII. edizioa burutuko da egun osoan zehar. Beste urte batez egitarau ederra prestatu da rock musikaren mila koloreen barna gozatzeko.
Eguerdian ‘Aperitif’ saioak izango dira, eta herriko gune ezberdinetan kontzertuak ikusteko aukera izango da kale giroko emanaldietan. Iiingles, Katiuskak eta Barrrk ariko dira zuzenean 12.00etatik 15.00etara bitartean, talde bakoitzak 50 minutuko saioak eskainiko dituelarik.
Arratseko emanaldik hasi baino lehen Las Petunias taldekoen musika pintxada egingo dute Goiko plazan, hasiera batean iragarria zegoen 'Norbait hil da hemen' irratsaioa ordezkatuz. Azkenik, 18.00etan hasiko dira emanaldi nagusiak Nafarroa Plazan, eta, Maruja (Erresuma Batua), Exnovios (Euskal Herria), Lézard (Belgika), Paco Te Quiero (Katalunia), Las Petunias (Estatu espainiarra) eta Silitia (Euskal Herria) ariko dira zuzenean.
Nafarroa plaza
Nafarroa plazako agertoki handian ospatuko dira iluntzeko emanaldiak, eta sei izango dira zuzenean ariko diren taldeak. Jaialdiak ez du kartel-buru bakar bat, eta talde guztiek emango dute zer esanik.
Maruja izenaren atzean Manchester (Erresuma Batua) hiritik datorren laukote bat topatuko dugu. Proposatzen duen musika eskaintza ez dago non sailkatzerik: Postpunk iluna, jazz askea, rock basatia, noise zaratatsua, distortsioa, saxo eroak, spoken word… hori dena (eta gehiago) sartzen da Marujaren koktelera arriskutsuan.
Lézard Belgikako Gante hiritik datorren musika proposamena da. Post-punka, disko giroak, glam rocka, new wave-a eta electro-clasha uztartzen dituzte kantuetan, Talking Heads edo The B-52’s taldeak gogorarazten dituzten soinuekin. Emanaldian ‘Que Se Passe-t-il’ diskoa aurkeztuko dute, berriki argia ikusi duen estudioko azken emaitza. Hauxe izango da taldeak gurean eskainiko duen emanaldi bakarra.
Aurtengo kartelari begiratuta izen bitxi ugari topatuko ditugu, baina Paco Te Quiero gaindiezina izango da. Bartzelonatik datoz, 90eko hamarkadako shoegaze eta eyadream-pop estiloak uztartuz, besteak beste. Lan berria aurkeztuko dute gurean, eta nola ez, izenburua bitxia du ere: ‘Hay un pez naranja en el suelo del metro’.
Las Petunias, berriz, Madril hiritik datorren hirukoa da. Musikalki popa eta rockaren arteko nahasketa basati bat da, punk jarrera eta esentziarekin, eta gaztetasunak ematen duen indar eta kuraiarekin. Izan ere taldekideen gaztetasunak lotsagabe aritzeko aukera ematen die, ausardiaz beteriko kantuekin. Bateria azkarrak, sintetizadore eroak, gitarra riff beroak eta munduari su eman nahi dioten ahotsak.
Euskal Herritik
Euskal Herriko bi talde ariko dira gaueko emanaldietan, eta horietako lehena Silitia izango da. Silitia taldearekin ez dute balio etiketarik, zeren denak eskas geratzen zaizkie. Beraz, hoberena beraiek erabiltzen duen ‘Brioche Pop’ erabiltzea da, taldea definitzen duen etiketa eder bezain jostaria.
Ordutegi polita izango du jotzeko Bilboko laukoteak, eta 23.05etan taularatuko da banda, eta ikuslegoa bero denean. ‘Mirari Orok Tapatzen Zauria’ aurkeztuko dute emanaldian.
Bigarrena Exnovios talde nafarra izango da. Iruñea zaharreko bandak ere disko berria dakar besapean, eta ‘Fin’ laneko diskoak izango dira protagonista kantu zerrendan. Pop psikodelikoaren orbitan dator taldea, eta The Smiths, The Byrds, Spiritualized, Brian Jonestown Massacre edo The Jesus And Mary Chain aipatzen dituzte erreferentzien artean.
Aurtengoan ere nabarmendu behar da jaialdiak musika talde gazteen alde egindako saiakera, non aurreko edizioetan jo izan zuten banda legendario eta mitikoak alde batera utzita, gaur egun egiten ari denaren aldeko apustua egin du Bloody Mary sustatzaileak. Era berean, emakume musikarien presentzia geroz eta handiago da jaialdian, oholtzak guztientzat izan behar direla aldarrikatuz.
APERITIF SAIOAK
12:00 Iiingles – Zumea plaza
13:00 Katiuskak – Plaza Morea
14:00 Barrrk – Goikoplaza
16:00 Las Petunias taldearen eskutik musika pintxada
NAFARROA PLAZA
18.00 Exnovios
19:05 Paco te Quiero
20:10 Lezard
21:45 Las Petunias
23:00 Silitia
00:15 Maruja
Kokapena
Nafarroa plaza
Nafarroa plaza
Andoain. Gipuzkoa