Angelica Dassek eta Bilboko ikasleek migrazioaren erretrato bizia osatu dute Itsasmuseumen
Data
25.01.15 - 25.03.07
Lekua
Bilbo -

«Migratzea aldaketa ikaragarria da pertsonarentzat, eta nora joaten den da garrantzirik gutxien daukana», irakur daiteke Bilboko Itsasmuseumeko Carlo Iglesias espazioan Angelica Dass argazkilari brasildarrak ezarri duen muralean. Esaldi honen egilea gaztetxo bilbotar bat da, hain justu, argazkilari eta artista honek martxan jarritako proiektuan parte hartu duten 196 ikasletako bat.
Bilboko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Batxilergoko sei ikastetxe publikoetako ikasleekin Angelica Dassek egindako proiektu zirraragarriaren isla baita ‘Sustrairik gabeko zuhaitzak ez du aurrera egiten’ erakusketa. Martxoaren 7ra arte egongo da zabalik, baina, paraleloan, aretoan bertan eta museoaren web orrialdean ‘horma interaktibo’ bat sortu du Dassek, non bisitariak bere migrazio-historia partekatzera gonbidatzen dituen #gurezuhaitza etiketa erabiliz.
Jon Ruigomez Matin, Itsasmuseumeko zuzendariak, Iñigo Zubizarreta zinegotziak eta Angelica Dass argazkilari eta aktibistak aurkeztu dute asteazken honetan erakusketa eta proiektua. Rio de Janeiron jaioa, Angelica Dass inklusioa eta berdintasunarekin konprometitua dago eta, artearen bitartez, identitateari, aurreiritziei eta kultura-aniztasunari buruzko gaiak jorratzen ditu.
Proiektua, eskuragarri online eta liburu batean
Dass nazioartean ezaguna den ‘Humanae’ proiektuaren sortzaile da. Giza kolorearen edertasunaren aniztasuna erakusten duten erretratuen bilduma hau –bakoitzak bere Pantone kolore propioa duela erakusten du munduan zehar egindako 4.000 bat erretratuen bidez; ez baitago ‘haragiaren’ kolore bakarra, kolore anitz baizik– arrazakeriaren aurkako testigantza global aparta bihurtu da.
Bere lanek museoak gainditzen dituzte eta munduko hainbat lekutako ikasgeletan aurkitu izan du emakume honek arrazakeriaren aurkako tresnak. 2021an, esaterako, ‘The Colors We Share’ haurrentzako argazki-liburua argitaratu zuen Apertura argitaletxearekin, eta New Yorkeko eskola publiko guztietan erabiltzen den hezkuntza-gida bat ere ekoitzi zuen.
Bilboko ikastetxeetan sortutako proiektu aitzindari hau ere libre eta erabilgarri jarriko du Itsasmuseumeko web orrialdean, hezkuntzarako lagungarri.
‘Sustrairik gabeko zuhaitzak ez du aurrera egiten’ erakusketan, gazteek beraiek, Dassen bidez, beraien familiaren historian egin duten ikerketa islatzen da. Artistak aukeraketa bat egin behar izan du, ez baitziren denak muralean sartzen, baina arras interesgarria da ohartzea migrazioa betidaniko fenomeno bat izan dela gurean. Esaterako, mapa eta grafiko batzuen bidez, munduan zenbat Euskal Etxeak dauden jakin ahal izango dugu edo 2024an Bilbon kanpoko jatorria duen biztanlegoaren zenbakiak zeintzuk diren (31.287 guztira, 35 herrialdeetatik iritsitakoak).
Aretoan ere, ‘horma interaktiboaz’ gain, hainbat motako migrazioari buruzko liburuak ezarri ditu publikoaren eskura. Hor dago, esaterako, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen ‘Miñan’ edo Gregorio Arrienen ‘Niños vascos evacuados a Gran Bretaña’, 1936ko Gerran Euskal Herritik kanpo joan behar izan ziren hainbat haurrei ingurukoa.
Urtarrilaren 15ean, 18.00etatik 20.00etara, erakusketaren inaugurazioa soziala izango da. Ekitaldia publiko orori zabalik dago eta bertan proiektuaren liburua aurkeztuko da.
Erakusketaren sarrera librea da.
Kokapena
Itsasmuseum
. Bilbo