Aranzadiren azken ikerketa arkeologikoen hitzaldiak, San Telmo Museoan

Data

24.02.13 - 24.02.24

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Nendertalak ardatz dituzten bi filma eskainiko dira jardunaldietan.
‘Néandertal’ filma eskainiko da jardunaldietan. (ARANZADI)

Azken ikerketa arkeologikoak aurkeztuko ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak XX. Arkeologia jardunaldietan.

Gipuzkoan egiten diren ikerketa arkeologikoak argitara ateratzea dute helburu jardunaldiek, publiko guztiari zuzendutako hitzaldien bidez. Hitzaldiak otsailaren 13tik 16ra bitartean izango dira, guztiak San Telmo Museoan arratsaldeko 19.00etan.

Jardunaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailarekin eta San Telmo Museoarekin batera antolatzen dira.

Otsailaren 13an ‘Baskoi-Akitaniar eremuko eta bere inguruko txanponak. Pirinioez gaindiko berezitasunak eta kontaktuak Burdin Aroan’ izenburupean izango da saioa. Eneko Hiriartek, CNRS-eko ikertzaileak (ArcheoSciences Bordeaux laboratorioa, Bordeaux Montaigne Unibertsitatea) Gipuzkoan K.a. azken bost mendeetan aurkitutako txanponak aurkeztuko ditu. Eta txanpon hauen dinamikak ikertuz, Pirinioen bi isurietan dauden populazioak, berezitasun kulturalak eta harremanak zehaztuko ditu. Hitzaldi hau euskaraz eskainiko da.

Otsailaren 14an ‘Iragan arriskutsu baten oihartzunak. Lehoiak Euskal Herrian’ gaia izango dute ardatz. «Gaur egun, lehoiak batez ere sabana afrikarrarekin lotzen ditugu. Historiaurrean, ordea, hiru lehoi leinu egon ziren. Eurasian eta Alaskan haitzuloetako lehoia bizi izan zen, eta Euskal Herrian erregistro fosil garrantzitsua aurkitu da», ohartarazi du Aranzadik. Asier Gomez Olivencia EHUko ikertzaile eta Giza Eboluzioan adituak animalia hauen bizitzara hurbilduko du publikoa.

Hilaren 15ean ‘Emakumeak eta haurtzaroa arkeologian. Hezurrek hitz egiten dute’ izango da landutako gaia. Patxuka de Miguel osteoarkeologoak iraganeko gizarteez hitz egingo du emakumeak eta haurtzaroa ardatz hartuta. Arkeologia-ikerketak garrantzia handiko tresnak dira iraganeko gizarteak ezagutzeko. Emakumeak eta haurrak ezagutzeari esker, hainbat bizitza-historiatara hurbil gaitezke (osteobiografiak), eta horien bidez amatasunarekin, hazkuntzarekin, haurtzaroarekin eta gaixotasunarekin lotutako gorabeherak ezagutzen ditugu. Informazio horren bidez, populazioen jarraitutasunerako, zaintzarako, funtsezkoa dena antzeman daiteke.

Otsailaren 16an ‘Neandertalen aztarnaren atzetik’ hitzaldia eta ‘Neandertal’ filmaren proiekzioa iragarri da. Neandertal espeziea enigma bat da paleo antropologoentzat. «Bere gaitasunei, kulturari, garapen teknologikoari, gizarte-antolamenduari, gaitasun sinbolikoari eta desagertzeari buruzko galderak gaurkotasunean daude», adierazi dute Aranzadiko arduradunek.

‘Neandertal’ dokumentala galdera horietako askori erantzuten saiatu da, Rozelgo aztarnategian (Normandia, frantziar Estatua) egindako aurkikuntzetatik abiatuta. Bertan, duela 80 mila urte inguruko kostaldeko habitat honetan utzitako milaka giza aztarna aurkitu dira. Dokumental honen proiekzioaren aurretik, Joseba Riosek, Bilboko Arkeologia Museoko arkeologo teknikoak, gai honi buruzko aurkezpen labur bat egingo du.

Hitzaldietara sarrera doan aretoa bete arte. Streaming bidez ere ikusi ahal izango dira museo bereko youtube kanalean (hilaren 16koa izan ezik).

Horrez gain, otsailaren 3, 17 eta 24an ‘Paleolitiko gizarteak eta paisaiak’  familientzako tailerra antolatu da. Gizakiaren bizimoduak eta paisaia ezagutuko dituzte partehartzaileek. Haien tresnak eta irudikapen artistikoak ere ikusiko dituzte, eta horiek erreproduzitzen saiatuko dira.

Tailerra euskaraz izango da 5 urtetik gorako haurrentzat 17.00etan San Telmo Museoan. Familia bakoitzeko prezioa 5 eurokoa izango da eta Museoko bazkideentzat 4,50 eurokoa.

Kokapena

San Telmo Museoa
Zuloaga Plaza
Donostia. Gipuzkoa