Arestiren idatziak eta objektuak ikusgai jarri ditu Euskaltzaindiak Bilbon
Data
25.10.08 - 25.11.07
Lekua
Bizkaia - Bilbo
50 urte joan dira Gabriel Aresti hil zenetik. Idazle eta euskaltzain urgazlearen urteurrenaren harira, egitaraua antolatu du Euskaltzaindiak Bilbon «XX. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zena omentzeko eta beronen ekarria goresteko». Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koral Elkartearekin elkarlanean prestatu du egitaraua Euskaltzaindiak.
Ekainean estreinatu zen egitaraua Bilboko Txistularien Bandaren kontzertuarekin, eta harrezkero jardunaldi, liburu aurkezpen eta bestelako musika emanaldiak izan dira poeta bilbotarraren omenez. Orain, Euskaltzaindiak erakusketa prestatu du Bizkaiko Foru Liburutegiaren Areto Nagusian: ‘50 urte ba(GA)rik’.
Erakusketa horrekin, –«bitxi bezain deigarria» antolatzaileen esanetan– Aresti bera eta beronen lanak ezagutzera eman nahi dira, eta, bide batez, «Arestiren ekarria balioan jarri, hots, beronen lanak duen meritua aitortu, balioetsi eta ezagutarazi, Arestik euskal literatura modernizatzeko eginiko ahalegina gogoraraziz eta euskararen batasunaren hastapenetan izan zuen eragina eta ikuspegi zorrotza nabarmenduz».
Arestiren objektuak
Erakusketan, hain ezagunak ez diren Gabriel Arestiren kontu autobiografikoak ageri dira, eta, horiekin batera, haren lanen lagin deigarri bezain interesgarriak, paneletan jasota: itzulpenak, antzerki-pieza baten deskribapena, Bilbori eta bere emazteari emandako poema ederrak...
Aipu, deskribapen eta poema-lagin gehienak ‘Harri eta herri’ (1964), ‘Euskal harria’ (1967), ‘Harrizko herri hau’ (1970) eta ‘Azken harria’ (1976) poemarioetatik jaso dira. Baina ‘Egan’ eta ‘Anaitasuna’ aldizkariak ere arakatu dira, Arestiren jatorrizko testuen bila, haren idazkera zehatza agertuz, «garai hartako euskara batuaren ahalegina», adituek behin eta berriz azpimarratu izan duten bezala.
Antzerki piezak ere idatzi zituen Arestik, tartean, Oilarganeko etxola batean. «Basa hondatu bat... ferde iluna. Laharrak edonundik. Arnotegi mendiaren atzekaldea da. Aldapa gora erpina. Etxolen itxurak edonundik. Eskuman, goialdean, burdin-mehatz abandonatuak...» dio antzezlanaren hasierako deskribapenak.
Erakusketak itzulpen lanei ere jarri die fokua. Arestik ‘Don Kixote Mantxako’ eleberriko lehen zortzi kapituluak euskaratu zituen 1969an (gero, Susak argitaratu zituenak, 1986an), Eugéne Pottierren ‘Internazionala’ (gero Anaitasuna aldizkarian argitaratu zena, 1977an) eta Nazim Hikmet turkierazko idazlearen poema batzuk (‘Lau gartzelak’ izenburupean, Lur, 1971) ekarri baitzituen euskarara, besteak beste. Bere idatziak ez ezik, idazlearen ahotsa entzuteko aukera ere ematen du Foru Liburutegiko laginak.
«Jakina denez, Arestiren lanetan leku berezia dute bai Bilbok (‘Bilbaoko kaleak, / gora eta behera, / errekatik mendira, / batzuk artezak, / gehienak zeiharrak...) bai Meli Esteban bere emazteak (Orienteko perlea / Nobia neurea / Biotzeko puskea / Melitxu maitea...’), eta erakusketa honetan ere nabarmen ikus daiteke hori dena. Azkenik, familiak lagatako objektu ugari dago erakusketan; besteak beste, Arestiren idazmakina eta haren betaurreko ezagunak», adierazi dute.
Erakusketa doan ikus daiteke azaroaren 7ra arte, astelehenetik ostiralera (11.00-14.00 / 16.30-19.30) eta larunbatetan, goizez (10.30-13.00).
Kokapena
Foru Liburutegia
Diputazio Kalea, 7
Bilbo. Bizkaia