Arte instalazioa jarri du Tadanori Yamaguchik Mañariako Angurreta harrobi zaharrean

Data

23.05.19 - 26.05.19

Lekua

Bizkaia - Mañaria

Instalazioa ostiral honetan aurkeztu da.
Instalazioa ostiral honetan aurkeztu da. (GEREDIAGA ELKARTEA)

Arteaz eta naturaz gozatzeko, eta, aldi berean, bisitariaren begirada zabaltzeko balio duten hainbat eskulturaren instalazioa sortu du Tadanori Yamaguchi artista japoniarrak. Lau instalazio erraldoik osatzen dute ‘Denboraren aztarna’. Hire urtez egongo da bertan.

«Gure iruditerian giza esku hartzerik behar ez duten leku magikoak daude. Baina, badira beste batzuk oharkabean pasatuko liratekeenak esku-hartze horregatik ez balitz. Horixe da, hain zuzen, Angurreta Harrobia Arte Espazioaren kasua: antzinako meatze-ustiapena, naturaz beteriko parajea, gizakiaren esku-hartzeari esker ezohikoa bihurtu da», nabarmendu dute sustatzaileek.

«Tadanori Yamaguchi (Nagoya, 1970) japoniarraren arte publikoko proiektuek adierazpen-sintesi sakona eta sentsibilitate estetiko bikaina dira, jatorri japoniarreko bere izaeraren emaitza. Bere lanek ingurunearekin hitz egin eta naturaren dinamismoa eta denboraren joana bilatzen dute», diote.

Mañariako Angurreta Harrobia Arte Espazioan ere denboraren joan-etorriaren lekuko izatea lortzeko, aluminiozko estanpazio bat egin du artistak harriaren gainazalean. Estanpazio horren bidez, harriaren morfologia eskulturara transferitu, eta mendiak jasan duen ustiapen eta eraldaketa prozesuari buruzko informazioa jaso nahi izan du.

Egitura polidrikoak

Eskulturak egitura poliedriko irregularrak dira. Hiru, lau edo bost alde dituzten irudi poliedrikoak kateatzen dira. Irudi horiek hainbat forma hartzen dituzte, sortu diren lekura egokitzeko. Horietako bakoitzak harrobiaren espazioarekin, dauden maila eta terrazekin edo utzitako paisaiarekin elkarrizketa ezberdina planteatzen du. Mugimendu infinituaren sentsazioa sortzen dute, aurpegien argitasuna etengabe aldatzen delako eguzki-argia islatzean, argi-itzalen joko dinamiko sortuz.

Izaera minimalista duen egiturazko formalismoak estetika dekonstruktibista definitzen du instalazio honek. Espazioari egokitutako instalazioak, tokiko memoria errespetatuz, gauzen iraunkortasunari buruz galdetzen du, baita errealitateari eta irudikapenari buruz ere.

Angurreta Harrobia Arte Espazioan urtean zehar kultur ekitaldi ezberdinak antolatuko dira. Tanadory Yamauochiren instalazioaren erakusketarako egingo den ekitaldiarekin batera, hurrengo bi hilabeetan ekintzak zehaztuta daude.

Maiatzaren 20an bi saio berezi iragarri dira herritarrei zuzenduta. Batetik, eguerdian, bisita gidatua egingo die Yamaguchik. Iluntzean Maite Arroitajauri ‘Mursego’ren kontzertua izango da. Eguraldi iragarpena dela eta –euria emanda dago– kontzertua Mañariko Errose Bustinza kultur etxean izango da.


Ekainaren 4an, berriz, Gehi Zazpi biolontxelo taldeak kontzertua eskainiko du eta uztailaren 8an Koldobika Jauregik performancea egingo du.

Bisitak

Publikoak instalazioa bisita dezake irailera arte –abuztuan itxita–. Asteartetik ostiralera, arratsaldetan, 17.00etatik 19.00etara. Larunbata, igande eta jaiegunetan, eguerdian, 12.00etatik 14.00etara. Arte espazioko kideez lagunduta egingo da ibilbidea, doan.

Horrez gain bisita gidatuak ere egin ahal izango dira. Horretarako erreserbak egin beharko dira angurreta@gmail.com helbide elektronikora idatziz. Prezioa pertsonako 5 eurokoa izango da.

Bisitak irailarera arte (abuztuak itxita) izango dira, doan, baina lagunduta. Bisita gidatuak, aldiz, enkarguz egingo dira bakarrik, pertsonako 5 euroko prezioan. Urritik aurrera enkarguzko bisitak bakarrik egingo dira. angurreta@gmail.com.

Artista

Arte Sortzailean lizentziatua da Kyotoko Unibertsitatean (Japonia) Tadanori Yamaguchi. Gaur egun Asturiasen bizi da. 1997an, Vicente Díez Faixat arkitekto asturiarrak emandako Interbentzio Garaikideak Ondare Arkitektonikoan tailerrean parte hartu zuen, eta, topaketa horren ondorioz, Estatu espainolera bidaiatzea erabaki zuen.

Urtebete geroago, 1998an, Espainiara joan zen ikertzaile gisa, Madrilgo Gobernuaren Kanpo Arazoetako Ministerioaren beka bati esker, Oviedoko Arte Eskolako Harriari Aplikatutako Arteen Moduluan proiektu bat garatzeko. Urte horretan bertan Candas-eko Eskultura Museoaren beka jaso zuen.

Harrezkero, hainbat erakusketa kolektibo eta indibidual egin ditu Asturias, Leon, Santander, Murtzia, Madril, Bartzelona, Portugal, Londres eta Japoniako erakusketa areto eta museoetan. Hainbat sari eskuratu ditu.

Arte garaikidea lantzeko espazioa 2021ean zabaldu zuten Mañarian. 1970eko hamarkadatik ustiatu gabeko harrobia da. Victor Arrizabala artista buru dela, kulturgune bat antolatzea erabaki eta elkarte bat sortu dute: Angurreta Harrobia Kultur Elkartea.

Arrizabalaren lanak daude ikusgai bertan, naturgunea errespetatuz. Harrobiko elementu mardulenak ere arte espazioaren parte dira, eskualdeko historiaren erakusle gisa.

Angurretako harrobi zaharra Mañariko Aldebaraieta auzoan dago. Bertatik ateratako harria ezaguna egin zen zeukan marmol kutsuko tonu beltzagatik. Mañariko Grisa izenaz ezagutzen zen.

‘Denboraren aztarna’ instalazioaren babesleak Bizkaiko Foru Aldundia eta Mañariko Udala dira. Aludium eta Heidelberg Materials enpresak eta Gerediaga Elkartea proiektuaren bidelagun izan dira.

Kokapena

Angurreta Harrobia Arte Espazioa
Aldebaraieta Auzoa, 10A
Mañaria. Bizkaia