‘Atearen bestaldean’, Hika Teatrok erresilientzia ardatz hartuta ondu duen lana

Data

24.02.25

Lekua

Gipuzkoa - Astigarraga

Sandra Fdez. Aguirre eta Unai Celaya, antzezlanean.
Sandra Fdez. Aguirre eta Unai Celaya, antzezlanean. (Asier CAMACHO )

Hika Teatrok igande honetan taularatuko du estreinakoz ‘Atearen bestaldean’ lan berria. 12.30ean izango da, Erribera Kulturgunean.

4 eta 8 urte bitarteko umeei zuzendua dago bereziki. Familia osoak elkarrekin ikusteko aproposa. Erresilientzia da landutako gai nagusia. «Pertsonok egoera kaltegarriak gainditzeko dugun gaitasuna lantzen duen ikuskizun parte-hartzailea da», azaldu dute konpainiako kideek.

«Ate bat ireki eta gurutzatu. Ate bat ireki eta gonbidatu. Bata zein bestea itxaropen eta alaitasun ekintza txikiak dira, eta egiterrazak dirudite;  hainbatetan, ordea, ezinezko bihurtzen dira», jarraitu dute.

Zuzendaritzaz, dramaturgiaz eta espazio eszenikoaz Agurtzane Intxaurraga arduratu da. Xabier Lozanorena da argien diseinua.

Agertoki gainean Sandra Fdez Aguirre eta Unai Celaya ikusiko ditugu. Hitzik apenas. Aktorea, musikaria eta ate bat. Hauxe lanaren ardatza. Aguirrek atea irekitzen duen bakoitzean bere begien aurrean mundu berri bat agertuko da. Zuzeneko musikaren bidez publikoak entzumenetik ikusi ahal izango du. Musika eta imajinazioaren bidez toki ezezagunetaraino iritsiko da.

Sarrerak hemen.

Kokapena

Erribera Kulturgunea
Kontxa Etxeberria Plaza, 1
Astigarraga. Gipuzkoa