Xiberoots, Olaia Inziarte, Bengo, W!zard, Tapia ta Leturia, Errobi... badator EHZ
Data
25.06.27 - 25.06.29
Lekua
Nafarroa Beherea - Arberatze-Zilhekoa

‘Lurraren (h)erritmoa’ lemapean Arberatze Zilhekoan iraganen da aurten EHZ festibala ekainaren 27, 28 eta 29an. Xiberoots, Olaia Inziarte, Hop Hop Hop Crew, Henge, Galder, Bengo, Inertzia, Marta, Naxker Polylogue From Sila, Tapia ta Leturia, Txaptrax, Auhen, Marte Lasarte, W!zard, Radio byzance, Maskak, Acidulant, Kaskezur, Xsakara, Voltaire, Errobi, Pangea Pop, Gros Coeur... Festibaleko pentzean joko duten partehartzaileen zerrenda luzea eta anitza da.
Makrofestibletatik haratago, hemengo (h)erritmotik eraikitzen da EHZ. Hala nabarmendu dute jaialdiaren sustatzaileek. «Lurra denen ondasuna den heinean, EHZk ere hala izan nahi du, herri batez osatua eta herriaren erritmoak markatua, produktu kultural merkantilizatuen erritmo frenetiko eta esponentzialetatik kanpo. Arrosatik Arberatzera, belaunaldiz belaunaldi milaka laguntzailek landatu dute EHZ, elkar trukea, auzolana eta autogestioa oinarri harturik. Lurraren (h)erritmoari esker ereinen dugu EHZ!», adierazi dute.
Badator hitzordua. Arberatzeko plaza denentzat irekia egongo da egunean zehar. Bertan Papa cumbia, Izan, Ibawa, Dizkobolo txaranga, Altxalili, Ithaka, Buuzbu, Zigante & Gaiteroak, TnT & Tor & Txoborro magoen magiapoteoa, Gaitistaneko Orkestra, Duguna dantza taldea, Kalume txaranga eta DJ Reimy izango dira, besteak beste.
Baita orotariko animazioak ere: zirkoa, haurren xokoak.... «Azken urteetan bezala, mintzaldiak, tailerrak eta mahai inguruak antolatuak izanen dira hainbat gairen inguruan. Eguneko programazioari doakionez, Cie Choari eta Queer Falafel artistak izanen ditugu».
Arratsetik aurrera, bi eszenatan banatuko da pentzea eta bertan segituko dute kontzertuek. Xiberoots, Olaia Inziarte, Hop Hop Hop Crew, Henge, Galder, Bengo, Inertzia, Marta, Naxker Polylogue From Sila, Tapia ta Leturia, Txaptrax, Auhen, Marte Lasarte, W!zard, Radio byzance eta Maskak... badaute zer aukeratua eta gozatua bertaratzen direnek.
«Orotariko musika estiloak oholtzara eramanen ditugu, doinu eta adierazpen mota ezberdinak taularatuz eta sorkuntza berriei plaza bat eskainiz», iragarri dute festibalaren sustatzaileek.
Hausnarketa gune ere bada EHZ. «Eskaintza politikoak lehentasunezko tokia du gurean: tailerrak, hitzaldiak, mahain inguruak, bestelako lanketa kolektiboak... Bost gai nagusi jorratuak izanen dira aurten, eta gai horien lantzeko, larunbat goizean zehar andana bat mahai inguru eta hitzaldi antolatuak izanen dira eragile desberdinen lankidetzari esker. Goizeko mintzaldiek bide emanen diete arratsaldeko tailer praktikoei, zeinetan ardatz bereziak landuak izanen diren hogeinakako tailer interaktiboetan. Honela, formakuntza eta hausnarketarako momentu bat eskainia izanen zaio parte hartzaile orori, elgarrekin gogoetatuz eta jakintza teoriko zein praktikoak partekatuz. Kontsumitze soiletik harago, festibalariak aktore bilakatzea dugu xede, interakzioa piztu eta bere parte hartzearen bidez ekarpenak egitea sustatuz. Festibalak esperientzia kolektibo anitzen espazioa izan nahi du».
Festibalaren baloreak eta belaunaldi berrietan eragiteko nahia ere utzi dute agerian: «Auzolanean eraikitzen den festibal honen baloreak gazteei transmititu eta iraganetik gerorako bidaia eskaini nahi diegu, bizi den euskal kulturaren inguruko ezagutza sustatzeko xedearekin».
Auzolana, elkarlana eta engaiamendu militantea Zentzu horretan, EHZ posible egiten dutenak bolondres festibalaren alde lan egiten duten «ehundaka laguntzaile eta militanteak» direla ziurtatu dute, baita «auzolana, elkarlana eta engaiamendu militantea» direla EHZren oinarrizko baloreak ere.
Azpimarratzekoa da EHZ ez dela sold-out kulturan sartuko. «Denentzat lekua izanen dela iragartzen dizuegu. Kapitalismoak eragindako inflazio garai honetan, gure ahalegin guziak egiten ditugu festibala denendako eskuragarria izan dadin», adierazi dute. Ohikoa den moduan, Ipar Euskal Herriko hainbat puntutik festibalera hurbiltzeko autobusak antolatuko dituzte ohikoa den moduan.
Irisarritik Arberatzera Irisarritik Arberatzera egin zuen jauzi iazko edizioan Euskal Herria Zuzenean jaialdiak. «Amikuze eskualdera joan zen festibala euskal kulturaren eta herri dinamikentzat emankorrak diren lurretan haziak ereitera. Lurra bezala, EHZ aberasten da eta etengabeko kimu hazkuntzan denez, Irisarritik Arberatzera joan zen festibalaren eta herri baten erritmoak uztartzera. Kulturgintzaren kapitalizazioa eta pribatizazio nehoiz baino bortitzagoa den garaiotan, EHZ-k landuriko lurrak emankor izaten segitzen du, landatzen den herrian dinamikak bultzatzen baititu tokiko erritmora egokituz, Amikuze eskualdeko biztanleekin batera».
Zikloak
Aurten ere ziklo desberdinez osatu da EHZ. «Funtsean, urte anitzez loratuz joan, eta lekuz aldatu behar izan du barnebiltzen dituen antolaketa talde eta laguntzaileen belaunaldien joan-jinen erritmora. Lurrez elikatuz eta soroak irauliz eraiki da urteetan zehar, salgai izan gabe».
Atzera begira jarri eta gogora ekarri dute jaialdiak orain artean egindako ibilbidea: «Arrosako zolatik Arberatzeko plazara bidea luzea egina du EHZk. Idauze-Mendi, Heletan, Lekorne eta Irisarrin barna, munduko herrien zein orotariko jende, doinu eta borroken topaleku izan da» euren esanetan.
Sexu erasoen aurkako protokoloa abian dute aurten ere jaialdiaren antolatzaileek. «Gure festibala emazteen, aniztasunaren eta sexu-askapen eskubideen babes-gune den heinean, EHZ Festibalean ez da inolaz ere eraso sexista, lesbofobo, homofobo, arrazista edo dena delakorik onartuko», azpimarratu dute.
Heldu den uztailaren 24tik 27ra Lakuntzan egingo den Hatortxu Rock musika eta elkartasun festibalarekin batera, HTX / EHZ bono bateratua 150€ko prezio berezian eskuragai izanen da aurresalmentan.
Azkenik, hiru eguneko bonoaz gain, egunez eguneko sarrerak aurresalmentan salgai dira eta aurtengo EHZren edizioan laguntzaile izateko izan ematea idekia da.
Kokapena
Arberatze
Arberatze
Arberatze-Zilhekoa. Nafarroa Beherea