Etxarri Aranatz: Badator Zama Doinuz Arindu jaialdiaren hamargarren eta azken edizioa
Data
25.01.24 - 25.01.26
Lekua
Nafarroa - Etxarri Aranatz

Asteburu honetan, ostiralean eta igandean, Etxarri Aranatzen ospatuko da Zama Doinuz Arindu jaialdiaren hamargarren eta azken edizioa.
Bi egunetan ospatuko da aurtengo edizioa, azkena izango dena. Ostiral honetan gaztetxean (22.00) Unidad Alavesa, Skabidean, Malandro DJen zuzenekoa iragarri dute. Oraindik sarrerak badaude Udalaren webgunean eta Xapatero, Leku Onan.
Igandean (18.00), berriz, San Donatu Herri Eskolan kartel puska: Eñaut Elorrieta, Bulego, Olaia Inziarte, Gatibu, Portox, Nogen, Brigade Loco, Gorka Urbizu, Juantxo Arakama, El Drogas, Zea Mays, Zetak eta Zigor Dz. Sarrerak agortuta daude.
Hamar urte hauetan emankorra izan da bere bidea euren hitzetan. «70 artista ezagunetik gora pasa izan dira kultur etxe txiki horretatik, beti sarrera guztiak agortuta».
«Askotan aipatu izan dugu, herrian bizi genuen eta oraindik pairatzen dugun egoera eta errealitate batek eraman gintuela proiektu hau martxan jartzera. Azken hamarkadetan Euskal Herrian bizi izan den gatazkak zama ikaragarria utzi du, eta uzten du oraindik, gurea bezalako herri txiki batean. 1975. urtetik ia ez dugu preso edo iheslaririk gabeko hilabeterik ezagutu. Badira 50 urte. Espetxealdi luzeak, oso luzeak asko; beste batzuk motzak, espetxealdi motzik baldin badago… 50 urtetan 35 herritarrek ezagutu dute kartzela. Hainbat herrikide, hainbat herrialdetan, hainbat urtetan ezkutaturik Frantzian, Kuban, Nikaraguan, El Salvadorren... Hainbat torturatu… Pello Mariñelarena Imaz, 1993an espetxeak hila. Gehitu beste hainbat gertaera eta datu… Gehitu etxarriarrei, olaztiarrak, altsasuarrak, bakaikuarrak, ziordiarrak, ….
Egunerokoa izan da zama gure herrian, herri honetan bizi izan den gatazkak gordin eta modu askotan jo du gurea bezalako herri txiki batean… 2015ean hausnarketa bat egin genuen gure herriak gainean zeraman zama hori arintzeko zerbait egin behar genuela pentsatu eta horrela sortu zen 2016an lehenengo Zama Doinuz Arindu jaialdia», adierazi dute sustatzaileek.
«Nahi baino motelago, baina azken urtetan hobetu da egoera, arindu da zama. Atzean geratu dira urruntze ziegak eta astebururo milaka kilometro egitera behartuak zeuden herritarren zama, ondorio eta sufrimendu izugarriak utzi dituena… hobetu da egoera, baina zamak hor jarraitzen du. Oraindik mantentzen diren salbuespen neurriek oztopatzen dutelako auziaren konponbidea. Zama behin betiko atzean uztea behar bat da gure herriarentzat. Nahikoa da!», jarraitu dute.
Hamarkada honetan zama arindu izanaren sentipenarekin esango du agur jaialdiak. «Itzaliko dira argiak eta isilduko dira doinuak, baina hamar urte hauetan zama arindu dugunaren sentsazio on eta poz izugarriarekin emanen diogu amaiera».
Kantu bat ere utziko du egitasmoak. Jon Maiaren hitzak, Ion de Luisen musika eta Aitor Gorosabel, Ines Osinaga, Estitxu Pinatxo, Maider Ansa, Juantxo Arakama, Juanpa Agirre, Petti, Fran Urias, Xabier Solano eta Josune Arakistainen parte hartzea aipatu behar.
Aurrera begira «sokatik tiratzen jarraitzeko» asmoa agertu dute. «Ezin dugu etxeratzearen aldeko zapia lepoetatik eranzi. Sokatik tiratzen jarraituko dugu. Zama, motxila, bidai poltsak, kartzela edo eta erbestea, behin betiko atzean uzteko…», diote.
Kokapena
Herri Eskola
Etxarri Aranatz
Etxarri Aranatz. Nafarroa