‘Badon*’, gure burua birpentsatu eta ospatzea asmo duen opera

Data

23.12.01 - 24.03.22

Lekua

Araba - Gasteiz

Operaren une bat.
Operaren une bat. (Iker GOZATEGI)

Orkestra fosoan dago. Musika hasten da eta teloia jaitsita dago, iluntasuna. Norbaitek teloia astindu du. Zenbat ote daude? Arriskuan ote gaude? Orroak ere entzuten dira, ihes egin nahi duen norbaitenak bezala. Edo barreak dira? Gogorarazten digu... Gogorarazten digu... Ez dakit zer gogorarazten digun. Teloiaren eta lurraren arteko zulotik argia agertu da. Zerbait dator. Zerbait gerturatzen ari da. Ekarri duzu? Hauxe ‘Badon*’ operaren abiapuntua. Ostiral honetan ikusiko du argia. Gasteizko Printzipal antzokian da hitzordua 19.30ean.

Mauriziak ez du inor hil kooperatibak ondu du ikuskizuna Korrikaren lehenengo bekari esker. Bost koadroz osatua, «opera postdramatikoa» bezala definitu dute sortzaileek, genealogia propio bati atea ireki nahi diona. «Plaza bat da non oraina hackeatzen den etorkizunari buruz hitz egiteko. Gure buruak birpentsatzeko-berreraikitzeko ariketa da, baina batez ere, eta denaren gainetik, gure buruak ospatzeko festa».

Euskal kultura eta bere kanonak berrikustera dator obra. «Bestelako kanona, plaza publikoa eta aitortza praktikan jartzea ahalbidetuko digun mundua asmatzeko beharra sentitu dugu. Jolasaren bitartez, etorkizun utopiko espekulatibo bat proposatzen dugu. Eszena sorkuntza honek esperientzia estetiko eta zentzumen bidezko bat dakarkio publikoari, denok partekatzen dugun iruditeriatik sortutako mundu posible bat», diote.

Partaideak

Ines Osinaga da obraren sortzaileetako bat, berak konposatu du musika ere, Patxi Suinagarenarekin batera. Marina Suarez Ortiz de Zarate arduratu da zuzendaritza artistikoaz eta Amaia Castañeda izan du ondoan. Zuzeneko bideo sorkuntza Itziar Garalucerena.

Osinaga eta Suarezekin batera Ainara Gurrutxaga, Oihana Vesga, Xanti Agirrezabala igoko dira agertokira.

Bi fase izan ditu proiektuak. Lehenengo fasean euskal kulturaren erreferenteen, kanonen eta plaza publikoan hartzen duten lekuaren inguruko ikerketa egin dute. Bigarrenean, berriz, forma eman diote ikuskizunari.

Egonaldiak

Eszena sorkuntzaren lehen fasea Tabakalera Arte garaikiderako zentroan gauzatu zen bi astez 2023ko maiatzan. Bertan kontzeptualizazioa eta erreferentzia estetiko-filosofikoak landu ziren. Niessen antzokian egin zen sorkuntzaren bigarren fasea, eszenarako materiala sortzeko lehen lanetan, 2023ko ekaina eta uztailan. Hirugarren fasea hainbat tokitan burutu da iraila eta azaroa artean, irailean Gasteizeko Federico Garcia Lorca antzokian egin zen aste beteko egonaldia, urrian Azpeitiko Soreasu antzokian eta azkenik bi asteko egonaldia Pasaiako Juanba Berasategi antzokian.

Gasteizko estreinaldiaren ostean hainbat emanaldi etorriko dira: Donostia, Bilbo, Irun, Iruñea, Baiona, Donapaleu, Tutera... Agenda webgunean kontsulta daiteke.

Sarrerak salgai daude webgunean. 8 euroren truke Korrika laguntzaileek (Korrika laguntzaile izan nahi dutenek izena eman dezakete esteka honetan) eta 10 euroren truke gainontzekoek.

 

Kokapena

Principal Antzokia
San Prudencio Kalea, 29
Gasteiz. Araba