‘Basques in Australia’ erakusketa ibiltaria, Photomuseum-en

Data

24.04.30 - 24.05.26

Lekua

Gipuzkoa - Zarautz

Erakusketan ikus daitekeen irudietako bat.
Erakusketan ikus daitekeen irudietako bat. (PHOTOMUSEUM)

‘Basques in Australia’ erakusketa ibiltaria ikusgai dago Photomuseum-en. Australiako Diasporaren berri emanez, hainbat esparru jorratzen ditu argazkien bidez. «Irudi bakoitzak Australiara emigratu zuten gizon eta emakumeen historia amankomuna eta, aldi berean, pribatua adierazten du. Bizitza baten zatiak. Ibilaldi bizia eta hunkigarria dozenaka argazkiren bidez», adierazi du Esther Cortak.


Hilabete baino gehiago irauten zuten bidaietan joaten ziren itsasontziz. Gehienak Italiatik abiatzen ziren Melbournera, Brisbanera... eta handik North Queenslandera zuzentzen ziren; batez ere, Ingham eta Ayr-era. 50. hamarkadan zenbait ‘operazio’ egin ziren, hala nola Kanguro, Eukaliptus, Emu, Karry eta Torres izenekoak. Horrela izendatu ziren 1958 eta 1960 bitartean Euskal Herritik Australiara egindako bost irteera-operazio handienak.

Australia eskulan beharrean zen. «Lehenengo bi operazioetan 160 gizon inguru joan ziren bidaia bakoitzean; hirugarrenean, Monte Udala ontziak laurehun pertsona baino gehiago eraman zituen, horien artean 55 bikote, 77 haur eta 214 mutil gazte. Gehienak bizkaitarrak ziren, gainerakoak nafarrak, gipuzkoarrak, Santanderrekoak eta Burgosekoak» Cortaren esanetan.

Emakumeek ere emigratu zuten, horietariko asko Marta Plana deiturikoan joan ziren. «‘Emaztegaien hegazkinak’ eramandakoak etxeko langileak, ezkongabeak eta katolikoak ziren batik bat. Marta Plana Australia eta Espainiako gobernuen arteko migrazio-akordioa zen, Eliza Katolikoak babestukoa. ‘Marta’ gazteek Australiak eskainitako bizitza hobearekin amets egiten zuten», gogoratu du Cortak.

Euskaldunak Australian hainbat lanetan aritu ziren, esaterako kanabera mozten matxeteaz. Benetan lan gogorra zen berau; eguzkiaren bero kiskalgarripean, eltxoak, azukrearen melaza gorputzean eta izerditan blai. Kanabera tonak mozten zituzten bagoietan kargatzeko, eta horretarako, gainera, errailak jarri behar izaten zituzten aurrera egin ahala. Dena eskuz.

Kanabera mozketa ekainetik abendura bitartean izaten zen, hurrengo denboraldia hasi arte tabako hostoa biltzera joaten ziren, beste batzuk frutak biltzera edota eraikuntzan lan egitera. 


Aisialdia familian edo lagunartean ematen zuten, hoteletan elkartu eta garagardoa edanez, berriketan edo lagunekin dantzan. Euskal hizkuntza eta kultura bizirik mantendu dituzte, eta euskal dantza eta kirol taldeak eta elkarteak sortu zituzten.

Esther Cortak hitzaldia eskainiko du ‘Basques in Australia’ izenburupean ostiral honetan Photomuseum-en, 18.00etan euskaraz.

Erakusketa maiatzaren 26ra arte bisita daiteke asteartetik igandera 10.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 20.00etara.

Kokapena

Photomuseum
San Inazio Kalea, 11
Zarautz. Gipuzkoa