‘Basterretxea eta Zementua. Arriarango Urtegia’ erakusketa hartu du Museum Cemento Rezolak
Data
25.05.28 - 25.10.25
Lekua
Gipuzkoa - Donostia

‘Basterretxea eta Zementua. Arriarango Urtegia’ erakusketa hartu du Museum Cemento Rezolak. Erakusketa urriaren 25era arte egongo da ikusgai, eta Arriarango urtegian hormigoizko ‘Urbidea’ obra monumentalaren fabrikazio eta instalazio prozesua erakusten du artistaren beraren zirriborroen, maketen, argazkien eta bideoen bidez.
Beasaingo azpiegituran egindako lanean bere ibilbide osoan garatutako interes eta lengoaien parte handia laburbildu zuen artistak eta horren lekuko da erakusketa. 1993an eraiki zuen ‘Urbidea’ eskultura. Bertan bere ibilbide osoan garatutako interes eta lengoaien parte handia bildu zuen, forma eta estilo sortzaile berriak arakatuz. Hormigoi trinkotuz egindako lan monumental horrek elkarren artean hitz egiten duten eta artistak eskulturaren eta arkitekturaren arteko harremanarekiko duen interesa islatzen duten bi pieza ditu.
Pieza berezi horren prozesua eta egindako lana azaltzeko, erakusketan lanaren maketak erakusten dira, bai eta artistak berak egindako aurretiazko diseinuak eta zirriborroak ere, tokiko argazkiekin, Gipuzkoako Ur Partzuergoak, Basterretxea familiak, Elosegi familiak, Jasangarritasunaren Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Artxibo Orokorrak utzitako objektuekin batera.
Eskultore bermeotarrak zementuarekin egindako lan artistikoari buruzko diskurtsoa osatzeko, material horrekin egindako adibide esanguratsuak ere erakusten dira, eskultura publikoen argazki, diseinu eta maketen bidez.
Eskultura publiko horien artean, garrantzi berezia du 1973an bere jaioterrian, Bermeon, instalatutako ‘Benito Barruetari omenaldia’ piezak. Pieza horren behealdean haritz-zurarekin eta zementuarekin egindako joko interesgarria dago, piezari eta inguruari adierazpen-aukera handiak emanez.
Era berean, hormigoiz egindako eskultura publikoen beste oinarri batzuk erakusten dira, hala nola ‘Bizkaia, burdinazko olatu bat’. Bizkaiko Artatzako biribilgunean dago jarrita, eta artistak material hori erabili zuen haren oinarrirako, bere funtzionaltasun tektoniko hutsaz gain, eskulturaren zati gisa berretsiz, piezaren izenburuaren sinbologian eta forma dinamikoetan sakontzen zuen zubi zirkular gisa.
Bisitariek Basterretxeak zementuarekin egindako lana ezagutzeko ere aukera izango dute. Gehien erabili zuen materiala izan ez bazen ere, bere obran ezaugarri eta ikuspegi berriak esploratzeko aukera eman zion.
Erakusketaren komisarioa Miren Vadillo izan da, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Artearen Historian doktorea eta Artearen eta Musikaren Historia Saileko Bitarteko lan-kontratudun irakaslea. Miren Vadillo Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) “GizaArtea” ikerketa-taldeko kidea ere bada, eta Letren Fakultatean hezkuntza hobetzeko eta berritzeko hainbat proiektutan hartzen du parte.
Bere ikerketa-ildo nagusia euskal arte garaikidean oinarritzen da, eta, zehazkiago, hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan. Arreta berezia eskaintzen die urte horietako sorkuntza artistikoaren kudeaketa, sustapen eta zabalkuntza mekanismoei, bai eta horien ondorioei ere. Hainbat ikerketa liburu eta artikulu argitaratu ditu, eta hainbat kongresu eta jardunalditan hartu du parte, aipatutako gaiari buruzko ekarpenekin.
Museoak jarduera paraleloak eskainiko ditu erakusketaren testuinguruan. Miren Vadillo erakusketaren komisarioaren eskutik Arriarango urtegira egingo diren bisitak nabarmentzen dira. Era berean, eta museoaren ‘Larunbatak Museumean’ programaren barruan, komisarioak bisita komentatu berezi bat eskainiko du ekainaren 14an, ‘Basterretxea eta Zementua. Arriarango Urtegia’ erakusketara.
Jarduerak webgunean kontsultatu ahal izango dira, eta bertan eman ahal izango da izena.
Museum Cemento Rezola
Museuma oso toki eta eraikin berezian dago, Cementos Rezolaren fabrikak 1948an langileen seme-alabentzat eraiki zuen eskola zaharrean. 1997an, eskola erabilerarik gabe geratu ondoren, fabrikak Peña Ganchegui estudioari agindu zion hura birmoldatzeko, museo gisa izango zuen funtzio berrira egokitzeko. Erabilera berria, baina helburu bera: inguruko jendearen artean ezagutza eta kultura zabaltzea.
«Izan ere, eraikina, fabrikak bere ingurunearekin duela 170 urtetik duen konpromiso sozialaren sinbolo da. Añorgako Heidelberg Materials fabrika da hiriko industriaren adierazle bizi bakarra, eta beti izan du konpromiso sendoa eta lotura zuzena haren historiarekin; izan ere, bertako labeetatik atera da Euskadiko azken mendeko obrarik adierazgarrienei bizia eman dien zementua», nabarmendu dute.
Museoak lehen hezkuntzako ikasleentzako berariazko hezkuntza programa bat du, baita bigarren hezkuntzarako eta lanbide heziketarako jarduerak ere. Ikastetxe bakoitzaren beharrei erantzuteko asmoz, bisita komentatuak eskaintzen dira bertako espazio eta tailer egokituetara. Museoaren ordutegia honakoa da: Asteartetik ostiralera 10.00etatik 14.00etara eta larunbatetan 11.00etatik 14.00etara. Sarrera doan.
Kokapena
Museum Cemento Rezola
Añorga Hiribidea, 16
Donostia. Gipuzkoa