Basterretxearen alderdi guztiak argitara atera ditu Artiumek artistaren mendeurrenean

Data

24.05.10 - 24.09.22

Lekua

Araba - Gasteiz

Elena Roseras eta Beatriz Herraez Basterretxea Irurzun familiarekin, erakusketa bisitatzen.
Elena Roseras eta Beatriz Herraez Basterretxea Irurzun familiarekin, erakusketa bisitatzen. (Raul BOGAJO | FOKU)

Nestor Basterretxearen ibilbidea erakusteko, bere ondarea bizirik mantentzeko eta ospatzeko eta hau komunitate artistikoarekin partekatzeko, Arte Garaikideko Artium museoak duela mende bat jaiotako artista polifazetiko eta emankorraren dokumentu pertsonalak kaleratu berri ditu.

Basterretxea Irurzun sendiak museoari emandako 5.000 dokumentu baino gehiagoren bitartez sortutako proiektua da. Alde batetik, ostiral honetatik datorren irailaren 22ra arte Gasteizko museoan ikusgai egongo den ‘Artxiboa’ izeneko erakusketa prestatu dute, Beatriz Herraez museoaren zuzendariaren hitzetan, «icebergaren punta» baino ez.

Horrekin batera, webgune berria jarri dute abian. Bertan, artistaren funtsa kontsultatu daiteke, sail desberdinetan antolatuta –diseinua, kultur etxeen proiektuak, gutun-truke profesionala eta pertsonala, bakarkako erakusketen dokumentazioa, Jorge Oteizarekin harremana, testuak, dokumentazio profesionala eta zinema eta telebistarako proiektuak, besteak beste–. Nestor Basterretxearen biografia zabal bat eta bere lanak mundua zehar kokatzen dituen mapa interaktibo bat baditu ere.

Bermeotarrak egindako lan anitzaren erakusgarri izateaz gain, egin ez zuena ere ezagutu daiteke proiektu honen bidez. Elena Roseras Artiumeko Dokumentazio Zentroko eta Liburutegiko arduraduna denak komisariatu du erakusketa, katalogazio lanak egin ondoren, Beatriz Herraez eta Matias Fajn-ekin batera. Roserasek ostiral honetako aurkezpenean azaldu duenez, «aberasgarriena» argitara eman ez den hori ezagutaraztea da, artxibo baten «balio oso garrantsitzuaren» erakusle.

Nestor Basterretxearen burutik bai baina estudiotik atera ez zen guzti horren artean zinemagintzan egindako lana nabarmentzen da. ‘Artxiboak’-ek nahiz webgunean ikus daitekeenez ‘La puerta’, ‘Evasion’ edo ‘Juicio’, inoiz gauzatu ez ziren pelikulen gidoiak daude. Testuak ez ezik, aktoreen jantzien eta plano desberdinen segiden marrazki oso xehatuak daude, baita antzezleen curriculumak ere.

Artium museotik azaldu dutenez, material guzti hauek «bildu, antolatu, aztertu eta testuinguruan jartzeak ezagutza artistikoa zaintzen eta aberasten laguntzen du, bai eta artista bere testionguru historiko eta kulturalean kokatzen duten narratibak eraikitzen ere. Artxibo horien eskuragarritasuna eta hedapena funtsezko zutabeak dira ondare artistiko baliotsu hori komunitate artistikoaren eta, oro har, gizartearekin partekatzeko».

Familia eta pribatutasuna

Prozesuaren hasiera-hasieratik museoa Basterretxearen familiarekin elkarlan estuan aritu da. Dohaintza egin zutenean inbentarioa egin zuten, dokumentuak sailkatzeko. Ondoren, pieza batzuk zaharberritu behar izan zituzten. 2023ko apirilean sailkapen, digitalizazio lanak egin ziren.

Elena Roserasek azaldu duenez, familiarekin lankidetzan, artxiboko elementu bakoitzaren irisgarritasun-maila definitu da, pribatutasuna gordetzen eta helburu akademikoetarako eta ikerketarako erabilgarritasunaren arteko oreka bermatuz. Ikuspegi horrek bermatzen du dokumentuetarako sarbidea errespetuz egitea, artxiboaren osotasuna eta balio historikoa zaintzen lagunduz.

Jarduerak

2024ko iraliaren 22ra arte bisitatu ahal den erakusketaz gain, Artium museoak Basterretxearen mendeurrena aitzaki egingo diren beste jarduera batzuk hartuko ditu, datorren urteko apirilera arte.

Batetik, ekainaren 20an eta 21ean EHUren udako ikastaro bat izango da, ‘Nestor Basterretxearen ondare dokumentalaren hurbilketa bat’. Udazkenean, azaroaren 13an, UNEDen eskutik ikastaro bera eskainiko da, gazteleraz. Liburuaren Nazioarteko eguna dela eta, apirilaren 23an, Basterretxearen inguruan ‘Jendaurreko irakurraldiak’ egingo dira.

Abian jarritako webgunean ere, ‘jarduerak’ atalean, Euskal Herri osoan zehar mendeurrera dela eta antolatu diren ekintzei buruzko informazioa dago. Esate baterako, umeentzako lantegiak Arantzazuko kriptan, ‘Izaro’ eta ‘Gernikako arbola’ Gasteizko Legebiltzarrean dauden bi lanei omenaldia, ‘Ama Lur’ eta ‘Pelotari’ pelikulen proiekzioa Hondarribian, Basterretxearen filmografia osoa Tabakaleran eta artistak zementuarekin egindako lanari buruzko erakusketa Donostian dagoen Museum Cemento Rezola museoan, besteak beste.

Kokapena

Artium museoa
Frantzia Kalea, 24
Gasteiz. Araba