Su Ta Gar, Süne, Pelax, Rüdiger eta Janus Lester gehitu dira, besteak beste, EHZren kartelera

Data

24.06.28 - 24.06.30

Lekua

- Arberatze-Zilhekoa

Su Ta Gar, iazko Herri Urrats festan.
Su Ta Gar, iazko Herri Urrats festan. (Patxi BELTZAIZ)

Su Ta Gar, Süne, Auhen, Pelax, Old School Funky Family, Rüdiger, Janus Lester eta Octopussy taldeak gehitu dira Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren kartelera.

Aurrez iragarria zegoen Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata eta Vincen Garciaren partaidetza, besteak beste. Azken urteetako ildoari lotu eta oholtza gainera musika estilo anitzak eramateko ahalegina egingo dute, «doinu eta adierazpen mota ezberdinak deskubriaraziz eta sorkuntza berriei plaza bat eskainiz».

Egunean zehar plazan denetariko animazioak (zirkoa, kontzertuak, haurren txokoa...) izango dira. Euskabaret; Cie ZeC dantza taldearen Zenzero e Cannella ikusgarria iragarri dituzte. Azken urteetan bezala, hainbat gairen inguruko mintzaldi, tailer eta mahai inguruak ere izango dira. Arratsaldean, aldiz, bi eszenatokik hartuko dituzte kontzertuak.

Bestalde, apirilaren 13an, 17.00etan Donapaleuko Chemin – Bideak espazioan, aurtengo edizioaren aurkezteko bilkura publikoa antolatu du. Ondotik kantu poteoa izanen da Donapaleuko ostatuetan.

Maiatzaren 6ean kultura programazio osoa iragarriko dute eta mintzaldi eta mahai-inguruen egitarauaren berri emanen. Euskal kultura eta ikusgarrigintzaren inguruko saioak antolatu dituzte Ipar Euska Herriko ikastetxe ainitzetan (Etxepare, Villa Pia, Saint Thomas, Cassin, Navarre, eta beste anitz) dohainik.

Sustatzaileek oroitarazi dute ehundaka laguntzaile eta militantek egiten dutela EHZ posible. «Auzolana, elkarlana eta engaiamendu militantea EHZren oinarrizko baloreak dira», adierazi dute. Maiatzean laguntzaileen izen emaiteko formularioa idekiko dute webgunean.

Astearte honetatik goiti, 3 eguneko bonoak 50 eurotan salgai dira webgunean, maiatzaren 5a arte (60 eurotan izanen dira hortik aitzina). Egunez eguneko sartzeak maiatzaren 6tik aitzina salgai izanen dira.

Elkargoko garraio sindikatuarekin elkarlanean eta Txik Txak sarearen bidez, Baiona, Atharratze eta Baigorritik autobusak izanen dira egunero festibalera etortzeko eta sartzeko. Laster informazio gehiago.

Arberatzera jauzi

Euskal Herria Zuzenean festibalak azken urteetan aterpe izan duen Irisarri utzi eta Amikuzeko Arberatze herrian ospatuko du 28. edizioa, ekainaren 28, 29 eta 30ean.

«Jendeak galdetzen zigun ‘zergatik Irisarritik joanen zirezte? Bikaina da hemen!’. Baina Irisarri agurtu ginuen hastapen baten zaporea zuen bukaera batekin, beste ‘hemen’ baten bila joaiteko», ekarri zuten gogora aurkezpenean.

Kokalekua aldatuko bada ere, EHZk azken urteetako formulari eutsiko diola baieztatu dute. Hau da, inguruko eragileekin elkarlana sustatzea izango da euren lan ardatza: «Amikuzeko dinamika kulturalen hauspotzea dugu helburu, xumeki gure harria ekarriz».

Jaialdiaren ereduari ere egin zioten erreferentzia aurkezpenean. «Euskal kultura azpi-kultura dela kontsideratzen du hainbatek, ttipitua, guttitua eta folklorizatua. Hau da, euskal kultura hartu, eta bere errautsak erakusten dituzte, beste kultura hegemoniko batzuen barne den iraganeko ondare soil bat bailitzan. Baina guk, hemendik, ez ditugu errautsak iraunarazten, guk bizi den kultura baten suaren inguruan dantzatzen dugu!», ziurtatu zuten.

Euskal Herria «bi kultura zapaltzaileen artean» kokatzen dela ere ekarri dute gogora eta ertzetan ernaltzen diren proiektuek ere lekurik badutela aldarrikatu dute, «elgarrekin oihukatuko dugu: hemendik mintza daitezela periferiak!» ziurtatuz.

EHZk munduari «ikuspegi kritiko batetik» begiratu eta «pertsona eta herri zapalduekiko elkartasuna» erakutsi nahi dutela ere adierazi dute, eta orohar kulturgintza «merkatuaren gorabeheretan kalkulatzen» den bitartean, eurak denetzat eskuragarri den kultura baten alde egiten dutela berretsi zuten.

«Arrosatik Arberatzera, belaunaldiz belaunaldi milaka laguntzailek egin eta egiten dute EHZ, elkartrukaketa, auzolana eta autogestioa oinarri. Hemendik eraikiko dugu Euskal Herria Zuzenean!», aldarrikatu zuten.

Kokapena

Arberatze-Zilhekoa
Arberatze-Zilhekoa
Arberatze-Zilhekoa.