Bertako taldeak nagusi Baionako besta alternatiboetan

Data

23.07.28 - 23.07.28

Lekua

Lapurdi - Baiona

Ztah taldea metal doinuetan ariko da.
Ztah taldea metal doinuetan ariko da. (ZTAH)

Asteazkenetik igandera bitartean ospatuko dira Baionako bestak, eta aurten ere ez da zuzeneko musikarik faltako datozen egunetan. Hiriko plaza eta gune askotan antolatu dira kontzertuak, eta Besta Alternatiboen baitan gozatu ahalko dira horietako asko. Züzülü gunean, Patxokian, San Andres plazan edota Patxa plazan kontzertu egitarauak prestatu dituzte, egunero zuzeneko musikaz gozatzeko aukera zabalaz. http://gune-alternatiboak.eus/ atari digitalean bildu dituzte gune alternatiboen egitarau eta kokaguneak. Askotariko doinuak entzungo dira emanaldi hauetan, arratsean hasi eta gaueko ordu txikiak bitarteko musika eskaintzaz. Patxa plaza da gune horietako bat, eta programazio polita prestatu dute uztailaren 28rako. Murgi, Dekot, Ztah, Kuartz eta DJ Bull disko jartzailearen txanda izango da.

Murgi

Murgi taldeak zabalduko du musika festa arratsaldeko 17.00etan. Tristtan Mourguy musikariak abian jarritako banda da honakoa, berak sorturiko kantuak banda formatuan taularatzeko asmoz. Cedric Lepine (bateria) eta Greg Juvin (baxua) musikariak lagun, bere musika bidea errepasatuko du zuzeneko emanaldian.

Dekot

Dekot taldeak garapen handia izan du azken urte hauetan guztietan. Laukote moduan abiatu zuen bere bidea, eta egun biko eran taularatzen dira taldeko musikariak. Ibai Ayerza (ahotsa eta gitarra) eta Ibon Aguirre (bateria eta ahotsak) dira taldeko kideak eta Maruri-Jatabe herritik datoz. Berriki  ‘Photoplayer’ lana kaleratu dute, eta lan berriko kantuak joko dituzte Baionako emanaldian.

Kuartz

Biko formatuan taularatzen da ere Kuartz taldea. Nafarroa Behereko Bastida herrian dute entsegu lokala Kuartz taldeko Ibes Mongaburu (gitarra eta ahotsa) eta Oihan Delavigne (bateria) musikariek. 2016 urtetik daude martxan, eta dagoeneko bi disko kaleratu dituzte. Musikalki rock eta blues giroak jorratzen dituzte bateria eta gitarra soilik erabiliz.

Ztah

Euskal Herriko metal eszenako talde esanguratsu bat da Ztah taldea. Donibane Ziburuko gaztetxean sortutako death core banda 2010. urtean eman zituen lehen pausoak eta etenik gabeko bidean bi disko luze kaleratu dituzte. Etiketak etiketa, Ztah taldekoek ‘egurrarkore’ bezala definitzen dute euren musika.
 
Dj Bull

Gaualdia DJ Bull disko jartzailearen sesioarekin amaituko da, musikalki euskal musikak eta mestizaiak garrantzi handia duten kantu zerrenda lagun.

Ordutegiak
17.00 Murgi
19.00 Dekot
21.45 Ztah
23.15 Kuartz
00.30 DJ Bull

Kokapena

Patxa Plaza
Patxa plaza
Baiona. Lapurdi

Loturak