‘Bidasoatik harago’ ikuskizuna oholtzaratuko dute Xabi Solano eta Jon Garmendiak
Data
25.10.23 - 25.11.30
Lekua
Gipuzkoa - Hernani

‘Bidasoatik harago’ Xabi Solano musikaria eta Jon Garmendia ‘Txuria’ idazlearen ikuskizun berria da, eta urritik abendura momentuz bost emanaldi emango dituzte antzoki eta toki txikietan Hernanin, Getxon, Bilbon, Atharratzen eta Gasteizen. Ipuinak, poemak, idatzi laburrak, gitarra, trikitia eta ahotsa izango dira nagusi, hitzekin eta musikarekin jolasean arituz.
Bi euskal sortzaile hauek ibilbide luzea egin dute elkarrekin 30 urtez. Etzakit musika taldean hasi zen bien elkarlana eta Esne Beltza izan da beren azken proiektua.
Momentuz emango dituzten bost emanaldietako lehena Hernanin izango da urriaren 23an Biteri Kultur etxean 19.00etan. Ondoren Getxon azaroaren 7an Muxikebarri Arrigunaga aretoan 20.00etan. Hirugarrena Bilbon, azaroaren 18an Arriaga antzokian 19.30ean. Hurrengoa Atharratzen azaroaren 22an Prefostan 21.00n. Eta azkenik azaroak 30ean Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean 19.30etan.
‘Bidasoatik Harago’ proiektuaren irudia, Ainara Azpiazu ‘Axpi’ eta Maitane Gartziandiaren esku egon da, diseinu grafikoaren eta ilustrazioaren arloko sortzaileak izanda. Axpik ilustrazioa egin du eta Maitanek diseinua. Tupust! komiki kolektiboko kideak dira biak sorreratik 2016an.
Axpiren arabera, «afixak izokin bat agertzen du, Bidasoatik Urumeara salto egiten duena, bi arro hauetan garrantzi handia duen izaki bat izanik sinbologia aproposa duelako. Oso maitea dut, berezia da niretzat, euskal kulturaren iturburu. Irudian, jaiotetxera itzultzen da izokina, kantu hauen letren atzean dauden artistak bezala».
Kokapena
Biteri kultur etxea
Nafar kalea, 18
Hernani. Gipuzkoa