Bilboko Udal Txistulari Banda eta Tio Teronen Semeak, ‘Dinbi danba’ ikuskizunean
Data
25.02.07
Lekua
Bizkaia - Bilbo

Asteazken honetan estreinakoz ikusi ahal izango da ‘Dinbi danba’ ikuskizuna. Bilboko Udal Txistulari Banda eta Tio Teronen Semeak daude proiektuaren atzean. Musika eta dantza. Eriz Perez gitarristaren eta Amaiur Cajaraville baxuaren partehartzea ere izango da emanaldian.
Ikuskizuna 20.00etan hasiko da eta ez 19.00etan, ohi bezala, eta jauregiko hallean izango da. Sarrerak eskuragarri daude Euskalduna Jauregiko leihatiletan eta webgunean.
«Proposamen berritzaile honetan, txistuaren musika tradizionala taularatze zirraragarri batekin uztartuko da, non koreografien argitasuna eta komikotasuna hari gidari bihurtuko diren», adierazi dute Bilboko udaletik.
Gorka Zabaleta, Idoia Kareaga, Sabin Bikandi, Asier Garcia eta Peio Irigoien musikariek osatzen duten egungo Bilboko Udal Txistulari Banda. Lehenengoaren zuzendaritzapean ari dira.
Tio Teronen Semeak hainbat jatorritako dantzariek eta musikariek osatzen dute eta dantzarako grina eta adin guztietako ikusleekin bat egiten duen umorea dute ezaugarri. Egun bakar baterako emanaldi puntual bat izan behar zuenak ez zuen etenik izan 2015ean Donostiako Olatu Talka jaialdian aurkeztu zenetik. Herriz herri ibiltzen dira ‘Freshcool’ eta ‘Festamentua’ ikuskizunak aurkezten.
Mutilak dira dantzari guztiak. Hasieran ikuskizun puntual bat izango zenez, saiatu ziren euskaldunon estereotipoak markatzen: koadrodun alkandorak, txikitero itxura, mutil kuadrillak... Gainera, euskal dantzetan, normalean, neskak dira nagusi, eta taldekide mutilak izanik dantza taldez dantza talde ibili ohi dira, taldeetan mutilen falta izan delako. Lekualdatze horietan ezagutu zuten elkar taldekideek, eta hala sortu zen Tio Teronen Semeak, modu inkontzientean.
Zentzumenentzako festa da ‘Dinbi danba’. «Txistu bandaren musika trebetasunak eta dantzarien energia kutsakorrak esperientzia paregabea sortuko dute –diote–. Familia osoarentzat pentsatutako emanaldi fresko eta dinamiko honek publikoaren artean txaloak adina irribarre piztuko ditu. Estilo ezberdinek bat egingo dute, ahazteko zaila den gau bat igarotzeko helburu bakarrarekin».
‘Lainoen artean’
Bilboko Udal Txistulari Bandaren denboraldiak otsailaren 19an izango du hurrengo hitzordua, Quim Moya artista katalanarekin batera ‘Lainoen artean’ ikuskizuna eskaintzeko. Musika eta ilustrazioak uztartuko dira eta entzuleak fantasiazko eta irudimenezko mundu batera eramango dituzte. Quim Moyak, ‘artist speed and live painting’, zuzeneko pintura ikuskizun bizia eskainiko du.
Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.
Kokapena
Euskalduna Jauregia
Abandoibarra 4
Bilbo. Bizkaia