Bizardunak bueltan dira

Data

25.03.14 - 25.03.15

Lekua

Nafarroa - Atarrabia

Bizardunak taldeko kideak aro berri honetan.
Bizardunak taldeko kideak aro berri honetan. (BIDEAN)

Pasa den urteko neguan iragarri zuen Bizardunak taldeak agertokietara itzuliko zirela 2025 honetako martxoan. Lau emanaldi iragarri zituen bandak, eta sarrera guztiak amaitu eta gero, beste lau hitzordu finkatu dituzte areto berdinetan. Asteburu honetan abiatuko du banda nafarrak aro berria Atarrabiako Totem aretoan eskaini behar duen emanaldi bikoitzarekin. Larunbateko sarrera guztiak aspaldi amaitu ziren, eta oraindik bakan batzuk geratzen dira ostiraleko kontzerturako.

Folk Radical Vasco

2009 urtean ezagutu genuen Bizardunak taldea, eta irlandar folka abiapuntu hartuta, napar zaporeko Folk Radical Vasco etiketa asmatu zuten dagoeneko mitiko bilakatu den estudioko debuteko diskoa argitaratzearekin batera.

Segidan etorri ziren ‘En zugzwang’ (2011) eta ‘Ur ederra kirats infinituan’ (2013) diskoak, eta horiekin batera, dozenaka emanaldi sutsu eta zirikatzaile eskaini zituen bandak Euskal Herri osoan barna 2013 urtean azken kontzertua eskaini zuten arte. Hamabi urte luzez lozorroan egon eta gero, taldea bueltan da, eta ez dator esku hutsik. Taldearen itzulerarekin batera ‘Individues del mundo’ kantua zintzilikatu du bandak plataforma digitaletan, eta 'kontzertu bira jarri dute abian. Gainera, lehen diskoa berrargitaratu dute binilo formatuan, aipatutako kantu berria eta taldearen beste bi abesti mitiko batuz jatorrizko kantu zerrendara.

Azken Iraina Bira

Atarrabiako emanaldiak eskaini eta gero ‘Hasta Que Nos Canceléis Tour - Azken Iraina Bira’ kontzertu birak aurrera jarraituko du, eta bide horretan, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, Azpeitiko Sanagustin gunean eta Bilboko Kafe Antzokian ariko da banda. Oraingoz, hauek dira taldeak iragarri dituen emanaldi bakarrak.

Kokapena

Totem aretoa
Totem aretoa
Atarrabia. Nafarroa

Loturak