Bizenta Mogelen ‘Ipui onak’ etenik gabe irakurriko dute Arriagan
Data
25.06.05 - 25.06.05
Lekua
Bizkaia - Bilbo

Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurketa Etenik Gabearen XVIII. edizioak Bizenta Mogelen ‘Ipui onak’ obra izango du protagonista osategun honetan, ekainak 5, Bilboko Arriaga antzokian egingo den irakurraldian.
1804. urtean, Bizenta Mogelek Esoporen 50 alegia itzuli zituen latinetik euskarara. Artean ez zen ohikoa emakumeek irakurtzen jakitea, are gutxiago latina ikastea. Obra horrekin bihurtu zen Mogel euskaraz liburu bat argitaratu zuen lehen emakumea. 22 urte baino ez zituen.
Aurkezpenean azaldu dutenez, hiru arrazoirengatik aukeratu du Bilbo Zaharra Euskaltegiak ‘Ipui onac’: euskal literatura eta Europako literatura klasikoa lotzen dituelako, alegia literatura-genero primitiboari lekua egiten diolako eta emakume batek euskaraz publikatutako lehen obra dugulako.
Bizenta Mogel Elgezabal (Azkoitia 1782- Abando 1854) emakume eta kulturgile aitzindaria izan zen. Azkoitian jaio bazen ere, urte bat zuela aita hil egin zen eta familia osoa Markinara mugitu zen. Bertan bizi izan zen 1817ra arte. ‘Ipui onac’ publikatzeaz gain, hainbat bertso-sorta idatzi zituen.
Osteguneko ekitaldian Nerea Ibarzabal kulturgileak (Zumarraga 1994) emango dio ahotsa Bizenta Mogeli. Bizentak bezalaxe, Markinan igaro zuen gaztaroa Ibarzabalek. Bi aldiz izan da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazlea, eta beste behin Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalista. 2022an Bar Gloria liburu arrakastatsua argitaratu zuen. Bera izango da Arriagan ‘Ipui onak’-en lehenengo lerroak irakurriko dituena, 8.00etan.
Ondoren, 200 pertsona inguru txandaka arituko dira goiz osoan zehar udal antzokiko Foyer-en jarritako mikrofonoaren aurrean. Ohikoa denez, euskal gizartearen arlo guztietako jendeak parte hartuko du: kultura eta gizarte eragileek, ikasleek, irakasleek eta erakunde mota guztietako ordezkariek. NAIZ eta GARAren ordezkari modura, 9.56etan harrtuko du parte Itxaso Leon NAIZ Irratiko esatariak.
18 urte Irakurketa egiten
Bilbo Zaharra euskaltegia, orain dela 50 urte baino gehiagoko sorreratik bertatik, Bilboren bihotzean, euskara ikasteko zentroa baino gehiago izan da beti. Horren lekuko dira, besteak beste, Gorozikako barnetegia, ‘Barra-barra’ aldizkaria, euskara-planak egiteko zerbitzua, itzulpen-zerbitzua edota Berbaldun taldea... Eta baita Bilbo Zaharra Forum ekimena ere: euskal kulturaren alorrean gertatzen den ororen erresonantzia-kaxa eta eztabaidagune izan nahi duen elkarte edo topagunea.
Hortxe kokatzen da Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabea egitasmoa. Honek hasiera-hasieratik helburu bikoitza izan du, gainera: batetik, euskal kultura herritarren artean sustatzea eta prestigiatzea, eta bestetik, ikasleek euskara ikasteko egindako ahalegina saritzea. Horrexegatik kokatzen da irakurketa ikasturtearen amaieran, euskara-ikasleen jaiaren muinean.
Kokapena
Arriaga antzokia
Arriaga plaza, 1
Bilbo. Bizkaia