Itsas salbamendua mirari baten mende zegoenean Bizkaiko kostaldean

Data

23.02.10 - 23.11.30

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Erakusketaren irudi orokorra.
Erakusketaren irudi orokorra. (Monika DEL VALLE | FOKU)

XIX. mendearen erdira arte ez ziren eraiki lehen itsasargiak Bizkaiko kostaldean. Ordura arte, itsasoan arazo bat izanez gero, gustukoa zenuen ama birginaren eskuetan laga behar zenuen zeure burua. Garai haietako istorio eta objektuak berreskuratu ditu Bilboko Itsasmuseumak.

«Gure herriak itsasoarekin 2.000 urtetako harreman luzea izan du, baina itsas salbamenduaren tradizioa azken ehun urteetara mugatzen da», argitu du Xabier Armendarizek. Historialari eta itsasgizon honek egin ditu komisario lanak Itsasmuseumek zabaldu duen erakusketa iraunkor berrian.

Azaroan beteko ditu 20 urte Itsasmuseumak, eta azken urteotan hobekuntza prozesua batean sartuta dago buru belarri. ‘Salbamendua itsasoan: mirariaren eta teknikaren artean’ erakusketa ikusgarri hau berritze prozesu horretan kokatzen da erabat.

Bizkaian historian zehar gizarteak itsasoari izan dion beldurrari aurre egiteko moduak erakutsi nahi izan dituzte eta, egia esan, oso bitxia da aurrez aurre ikustea bildu dituzten objektuak eta istorioak. Objektu bereziak dira, gehienak herri sinismenei edo erlijiotasun munduari lotuta.

Eta ez dira soilik kostaldekoak, XII. eta XIII. mendeen arteko Durangoko Tabira elizako hilobi eder bat aurkitu daitekeelako, itsasontzi baten grabatua duena. Ondoan, 1963an, Gaztelugatxeko San Juanen eta 12 metrotako sakoneran urperatutako  Begoñako Amaren irudi baten kopia ezarri dute eta, alboan, Tridana Gigas tamaina handiko maskor ederra. Marinel-eliza gehienetan aurki zitezkeen jatorria Ozeano Barean duten maskor edo pieza exotiko hauek, eta ur bedeinkatuaren ontzi gisa erabili ohi ziren elizen ataritan.

«Ohitura zaharretan sustrai sakonak dituzten sinismenak ziren. Adibidez, itsasoko jendeak, bere burua arriskuan ikusten zuenean, jainko zaharrei erregutzen zien. Esate baterako, Begoñako Ama Birjinaren irudi zaharretan ilargi erdia ikusi zitekeen: erromatarren Isis jainkoaren ilargia, alegia. Izan ere, kristautasunaren itsasoko birjinetan erabateko sinkretismoa nabaritzen da», komisarioaren hitzetan.

Ez dira apaingarri hutsak

Erakusketan boto-eskaintzek berebiziko interesa dute. Elizetako sabaietan zintzilik jartzen ziren eta ederrak oso dira, xehetasun handiarekin eginak. Ontzien maketak edo erreprodukzioak dira gehienak. Horien artean Itsasmuseumeko zaharberritze taldeak azken hilabeteetan berreskuratutako Olabeagako San Nikolas eta Santa Ana elizako merkataritza fragata armatu bat aurkitu daiteke.

Ondoan, interesa sortzen duen beste bat, erabat misteriotsua. Barnean, emakume baten argazkia aurkitu zuten. Nor ote zen? Batek daki. «Arazoa zera da, boto-eskaintza hauek desagertzen ari direla. Elizaren Kontzilioak boto-eskaintza guztiak sinismen hutsak zirela erabaki zuenean, superstiziotzat  jo zituen eta, horregatik, desagertzen ari dira: kendu dituzte elizetatik, apaingarriak izango balira bezala. Eta boto-eskaintzak gordetzen ez baditugu, gure memoria historikoaren zati handi bat galduko dugu», Xabier Armendarizen hitzetan. Gaztelugatxeko elizako boto-eskaintza guztiak desagerrarazi egin dituzte, adibidez.

Erakusketan hondoratze historikoak islatzen dituzten margolanak eta argazkiak aurkitu daitezke, baita Altuna Mendi karga ontziaren kanpaina ere (Gobernu errepublikanoak espetxe gisa erabili zuen ontzia 36ko gerran), lamina baten eskultura eta Bilboko itsasadarrean aurkitutako aingura bat.

Denetarik dago... eta, bukaeran, sinismenen mundutik zientziara eta teknikaren eremura egingo dugu jauzia. Esate baterako, Arriluzeko Salbamendu Estazioko lehenbiziko ekipamenduetako bat ikusgai dago, andaribela bat; tresna hau baliatzen zen lehorretik hurbil ezbeharren bat izaten zuten itsasontzietako arrantzaleak edo marinelak erreskatatzeko.

 

Museoa asteartetik igandera dago zabalik 11.00etatik 19.00etara. Astelehenetan, itxita. Sarrerra orokorra 6 eurotan. Gero, mota desberdintako tarifak daude. Informazioa: https://itsasmuseum.eus

Kokapena

Itsasmuseum

Bilbo. Bizkaia