Blues Hotsak jaialdia asteburuan Soraluzen
Data
26.11.19 - 26.11.22
Lekua
Gipuzkoa - Soraluze

Zortzigarren edizioa izango du aurten Blues Hotsak jaialdiak, eta azaroaren 19tik 22ra Soraluze (Gipuzkoa) bluesaren, soularen eta rock and rollaren hiriburu bilakatuko da. Errabal Kultur Elkarteak antolatzen duen jaialdia dagoeneko erreferente bat bilakatu du musika beltzaren zaletuentzako, eta aurtengorako ere egitarau ederra prestatu dute. Lau egunetan zehar zuzeneko musika herriko areto eta plaza ezberdinetan entzuteko aukera izango da, doakoak eta ordainpekoak izango diren emanaldietan. Antzokiko hiru kontzertu nagusietarako sarrerak 15 eurotan daude salgai Entradium atarian eta Iratxo dendan. Beste emanaldi guztiak doakoak dira.
Osteguna
Petti eta Ana Galarragak 'Frankenstein agurgarria' ikuskizuna taularatuko dute herri antzokian. Ana Galarraga errezitatu egiten du, eta Pettik musikaz janzten du Mary Shelleyren obrak eta gaur egunak dituzten paralelismoak jasotzen dituen disko-liburua. Emanaldia 19.00etan hasiko da.
Ostirala
Dr. Feelgood britainiarrak izango dira ostiraleko protagonistak. Lee Brilleauxek eta Wilko Johnsonek sortu zuten taldea 70eko hamarkadaren hasieran Canvey Islanden, eta pub rockaren zutabeetako bat izan da banda urte hauetan guztietan. Gaur egun Robert Kanek gidatzen du banda, Gordon Russel, Kevin Morris eta Phil Mitchell agertokian lagun, oraindik ere, rhythm & bluesaren erreferente biziak izaten jarraituz. Emanaldi honetarako sarrera guztiak amaitu dira dagoeneko.
Larunbata
Goizeko 11.30etan hasko dira larunbateko ekimenak eta musika eskolako konboa ikusteko aukera izango da antzokian. 13.00etan, Etxaburuetan, Joan Pau Cumellas armonika jotzaile katalana, Paul San Martin eta Romain Gratalonekin batera ariko dira kale giroko emanaldian. Arratsaldeko 19.00etan, antzokian, DeRobert & The Half-Truths Nashvilleko taldea ariko da zuzenean, DeRobert Adams abeslari gidari 60 eta 70eko hamarkadetako soul eta funk giroetan barna. Eguna amaitzeko Sweet Marta & The Blues Shakers banda ariko da gaztetxean, doakoa izango den emanaldian.
Igandea
Goiz hasiko dira igandeko emanaldiak, eta 12.30ean The Ubangi Stomp taldea ariko da zuzenean Santanan boogie-woogie, rhythm & blues eta rock and roll doinuekin. 14.00etan, Plaza Zaharrean, La Perra Blancoren txanda izango da. Alba Blanco gaditarrak rockabillya eta bluesa nahasten ditu bere kantuetan, eta zortzi urte daramatza Europako agertokiak sutan jartzen. Jaialdiari amaiera emateko, 19.00etan antzokian, Barrence Whitfield & MFC Chicken ikusteko aukera izango da, The Savages taldearekin hasi zen Whitfield urteak atzera, eta lau hamarkada baino gehiagoz rhythm & bluesaren azken "shouter" handietako bat izan da. Spencer Evoy saxofonistak gidatzen duen MFC Chicken taldearekin batera, bere lehen urteetako errepertorioa berreskuratuko du Soraluzeko emanaldian. Zuzeneko musikaz gain, tailerrak, zinema, literatura, eta bestelako ekimenak izango dira Blues Hotsak jaialdiaren zortzigarren edizioan.
Kokapena
Herri antzokia
Herri antzokia
Soraluze. Gipuzkoa