Bob Dylanen kantuak euskaraz, Audience eta Belharraren eskutik
Data
25.03.27
Lekua
Bizkaia - Bilbo

Audience eta Belharra taldeak arituko dira ostegun honetan Loraldia festibalean. «Musika estiloak eta taldeen arteko elkarlan berritzailea: folk, rock eta blues eraginak uztartzen dituzten bi taldeek, gitarra, mandolina eta banjo soinuen artean, Dylanen kantuak geure erara moldatuko dituzte», adierazi dute Loraldiatik.
«Ibilbide luze eta emankorra duen taldea da Audience. Taldearen musika estiloak, folk, rock eta blues eraginak uztartzen ditu, eta hainbat disko eta kontzertu ugari eman dituzte. Bob Dylanen euskaratutako kanta batzuekin, talde honek bere estilo propioa emango dio klasiko horiei, eta publikoari esperientzia berri bat eskainiko dio», esan dute.
2012. urtean hartu zuen izen berria, Howdy Bluegrass taldeak. «Country musikaren oinarri den estilo honen ezaugarri nagusietako bat, doinu eta ahots armonia berezien eta erritmo bizien arteko bategitean dago. Bereizgarri dira ere, mikrofono bakar baten inguruan sortzen diren musika tresna ezberdinen arteko elkarrizketak» Loraldiaren hitzetan.
Bob Dylan XX. mendeko musika herrikoian eragin sakonena utzi duen abeslaria da Loraldia festibalaren sustatzaileen esanetan. «600 kantutik gora sortu eta grabatu ditu.
‘B.D. berrikusia’
Dylanen bederatzi bertsioz osatutako emanaldia eskainiko du Audience taldeak. ‘B.D. berrikusia’ diskoa bere horretan entzun ahal izango dute zaleek lehen aldiz. Izan ere, gernikarren azken lanak 2023an ikusi zuen argia eta orain arte emandako kontzertuetan Dylanen bertsioekin batera taldearen beste hainbat abesti sartu dituzte errepertorioan.
2022an, ‘Tolesturak’ bira amaitzean, iritsi zen Xabi Payaren ‘100 kanta’ liburua Audienceko kideen eskuetara. Argitalpenean, musikari estatubatuarraren ehun abesti ekarri zituen euskarara Payak. «100 abestietatik 9 aukeratu genituen. Urte hartan bertan grabatu genuen ‘B.D. berrikusia’ diskoa eta 2023ra arte ez genuen kaleratu. 2024an diskoa zuzenean aurkezten egon gara eta oso harrera ona eduki du. Hau da lehenengo aldia diskoa osorik joko duguna», kontatu dio Gaizka Isunzak NAIzi.
Erreferente nagusia dute Audience taldeko kideek Dylan. «2010ean zorte itzela izan genuen, bere egun berean jo baikenuen Azkena Rock jaialdian. Izan zen beste iniziatiba Izar & Star, Euskal Herriko taldeek atzerriko artistak bertsionatzen zituzten. Bob Dylan aukeratu genuen guk. Eta urteetan zehar, gure kontzertuetan, ‘Hurricane’ abestiaren bertsioa egin dugu. Dylanen narratiba, poesia kutsua eta erritmikara moldatzen ziren Payak euskaratutako letrak. Alegia, kantuak abestu zitezkeen eta gainera Dylanen poesia mantenduz. Proiektuak oso ondo enjakatzen zuen gurekin.
Gaurkotasuna du Dylanek Isunzaren esanetan. «Gainera, momentu honetan revival modukoa dago eta bere figurak asko balio du. Bere biopic-a iritsi da karteldegira, Oscar sarietan egon dena, eta 2023an ez ginen bakarrk izan Dylanen abestiak diska egin genituena. Cat Powerrek ere bere bertsioaz osatutako diskoa atera zuen eta Lucinda Willimsek ere gauza bera egin zuen», gogoratu du. 60-70eko hamarkadatan urrezko garaia izan zuen, gero apur 80-90etan gainbehera etorri zen eta azken diskoak oso onak izan dira. Eta orain pelikularekin eta bere pertsonajearen mistikarekin berrindartuta dago Dylan».
Jolasaren bidea hartu zuten liburuko abestiak aukeratzerakoan. Orri bat aliritzira ireki eta bertan agertzen zen kantua jotzen probatzen zuten. «Euskaraz gure abesteko moduari nola egokitzen zitzaion ikusten genuen. Bederatzi horiez aparte abesti gehiago jo genituen. Dylanek hainbat etapa izan zituen, hasieran gitarra soilaz, 1965etik aurrera elektrifikatu egin zen bere soinua, country bolada ere izan zuen, kristaua ere bai, eta gero gaur egungo aldia. Soinu aldetik, abestien egituraren aldetik, oso ezberdina da bere errepertorioa. Etapa ezberdinetako kantuak hartu eta koherentzia bilatzen saiatu ginen. Gure diskoak duen plusa da, noski, euskaraz dela eta errepertorio oso anitza, originalki tratamendu oso ezberdina daukana, oso uniforme eta soinu bateratuarekin entzun daitekeela da», esan du.
«Gitarra, mandolina eta banjo soinuen artean, ‘Ahaztu behingoz, ta kito’, ‘Libre izango naiz’, ‘Garaiak aldatzen baitira’ eta ‘Iparraldeko neska’ bezalako klasikoak entzun ahal izango dira. Kontzertua amaitzeko, ‘Zeruko atea joz’ melodia mitikoak itxiko du aretoko ateak», iragarri dute Loraldia festibalaren arduradunek.
Loraldiako hitzordua eta apirilaren 24an Iruñean eskainiko duten kontzertua proiektuari agur esateko baliatuko dituzte. «Horren ondoren aurrera begira jarriko gara errepertorio propioan eta gure proiektu berrietan zentratuz», iragarri du.
Belharra
Bilboko, Donostiako eta Hendaiako musikariez osaturiko bluegrass taldea da Belharra: Jon Arzelus (kontrabaxua), Urbil Artola (dobro eta ahotsak), Jose Mari Pulido (banjo), Dani Venegas (gitarra akustikoa), Julen Maestro (akordeoi diatonikoa eta ahotsak), eta Gorka Arranz (mandolina eta ahots nagusia).
Campos Elíseos antzokiko Kupula Aretoan da hitzordua ostegun honetan 19.30ean. Informazio gehiago eta sarrerak webgunean.
Kokapena
Campos Eliseos Antzokia
Bertendona, 3
Bilbo. Bizkaia