Boikot madrildarrak Herrerako jaietan

Data

25.06.13 - 25.06.13

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Boikot taldeko kideak, Xabi Arakama iskiean.
Boikot taldeko kideak, Xabi Arakama iskiean. (REAKTIU)

Boikot talde madrildarra Euskal Herrian ariko da zuzenean asteburu honetan, Donostiako Herrera auzoan eskainiko duen emanaldia tarteko. Urtero legez musika egitarau ederra prestatu dute auzoko jaietan, eta bide horretan zuzeneko musikarekin gozatzeko aukera izango da asteburuan. Ostiral gauez Asgarth, Herenegun eta Boikot taldeak ariko dira, rocka, ska, heavy metala eta punka uztartuko diren gau beroan. Larunbatez, Elektrobullaka kale txarangak girotuko ditu kaleak, eta Gabezin taldea arduratuko da gaua berotzen erromeria giroetan. Ekainaren 21ean amaituko dira Herrerako jaiak, non Andoni Ollokiegi eta Itzal taldeak ariko diren zuzenean. Emanaldi guztiak, nola ez, doakoak izango dira.

Boikot

80. hamarkadaren amaieran sortu zen Boikot taldea Madril hirian. Rock musika beti zutabe nagusi, ska, mestizaia, edota punk erritmoetan sakondu dute, garaian garaiko eraginei men eginez, taldearen musika garatuz eta zabalduz. Taldearen ezaugarri nagusi bat hitzetan topatzen dugu, non kale giroetatik aldarrikapenak eta salaketa kantuak nagusi izan diren taldearen hitzetan. Izan ere, taldeak musika bozgoragailu bezala ulertzen du, lau akordeetatik haratago, mundua aldatzeko erreminta gisa. Rock banda izan arren, bitxikeria bezala taldeak trikitxia erabiltzen du bere kantuetan, eta horren ardura Xabi Arakama musikari euskaldunak izaten du zuzenekoetan. Mexikon izan dira zuzenean berriki, eta orain Donostian ikusteko aukera izango da. 

Herenegun eta Asgarth

Emanaldian Herenegun eta Asgarth taldeak ere ariko dira, luxuzko bi taulakide. Herenegun disko berria izango dena prestatzen ari da azken hilabeteetan, eta ondo bidean laster izango dira aurrerapen kantuak sarean. Ska eta rock koordenadan abiatu zuen talde donostiarrak bere bidea, eta egun bestelako erritmoetan sakontzen ari dira, taldearen musika era aberastuz. Asgarth taldeari buruz jada ezer gutxi gehiago esan daiteke. 90. hamarkadan sorturiko heavy metal banda esanguratsua izan da musika eszenan, eta agertokietara itzuli direnetik, egurra banatu besterik ez dute egin.

Kokapena

Herrera auzoa
Herrera auzoa
Donostia. Gipuzkoa

Loturak