Bolo Bolo Weekend jaialdia Donostian
Data
25.10.03 - 25.10.04
Lekua
Gipuzkoa - Donostia

Bloody Mary musika dendak 35 urte bete berri ditu zabalik, eta zuzeneko musikarekin ospatu nahi izan du urteurrena Donostiako Intxaurrondoko Kultur Etxean antolatu duen Bolo Bolo Weekend jaialdiarekin. Bi egunetan zehar hamabi musika banda igaroko dira agertoki gainetik, gauero sei talde ariko direlarik zuzenean. Euskal Herriko zein atzerriko bandak ikusteko aukera izango da, eta batez ere proposamen berriak eta talde gazteek osatuko dute afitxa. Bi egunetarako bonoak 40 euroko balioa izango du, eta egun bakoitzeko sarrerak 25 euro. Emanaldiak 19.00etan hasiko dira eta goizaldeko 02.00etan amaituko da musika festa.
Ostirala
Sei taldeek osatuko dute ostiraleko musika eskaintza. Grande Amore banda Galiziatik dator eta musikalki sintetizadoreekin egindako rock giroetan sakontzen dute. Aiko taldea, berriz, Madril hiritik dator, eta punka eta popa uztartzen dituzte maisuki. Ingalaterratik etorriko dira Honeyglaze taldekoak, Indie eta rock giroak nahastuz euren proposamenean, eta Sevillako Adios Amores taldearekin, erritmoak lasaituko dira pop melodiei toki eginez. Euskal Herritik bi talde ariko dira: Lukiek hirukoak estudioko hirugarren diskoa duten ‘3’ taularatuko dute emanaldi honetan. Uda beroa izan du bandak, eta ederra izango da berriz ere areto itxi batean ikustea. Zeba taldea, azkenik, Donostia bertan sorturiko musika proposamena da, rock giro zabaletan datorren egitasmo gaztea.
Larunbata
Larunbatean, ordea, Euskal Herriko musika taldeak izango dira protagonista. Kartel buru Bartzelonak Dame Area izango dira, biko formatuan taularatzen den banda, zarata industrialaren koordenadetan. Silitia taldeak ‘Mirari orok tapatzen zauria’ disko berria aurkeztuko du Donostian. Biko egitasmo zena, laukote bilakatu da, eta taldeak zuzenekoan irabazi du. Bilbotik dator ere Airu taldea. Dream pop giroetan sakontzen du egitasmoak eta azken urteetan agertu diren talde interesgarrienen artean kokatu daiteke. ‘Yo No se Nada! Nada’ diskoa horren adibide argiena da.
Donostia bertatik iritsiko da Indabe hirukoa. ‘Ez banaiz’ diskoa plazaratu zuen bandak maiatzean, eta geroztik zuzenekoetan murgildua da banda. Emozioz beteriko rocka lantzen dute, pasarte zikin eta poperoak uztartuz kantuetan. Hirukoen gaua izango da honakoa. Izan ere Kotoi banda biko taldea izan da orain artean, baino azken garaian hiruko eran taularatzen dira Jon Salinas (baxua eta ahotsa) eta Elena Nuñez (bateria eta ahotsa) dira taldeko sortzaileak, eta egun Ruben Garatea (sinteak eta teklatua) dute lagun agertokian.
Afitxa osatuz, Mikosis talde bizkaitarra. Gernikako bandak ere zer esan asko eman du azken urte honetan, eta uda beroa izan dute emanaldiz emanaldi. Donostian zer egiteko gai diren erakutsiko dute, eta batez ere, aro berriko kantuak izango dira nagusi zuzeneko zerrendan. Carla Raepiercei (baxua eta ahotsa, Ane Mei Aspiazu (gitarra) eta Garazi Arriaga (bateria) dira Mikosis egun.
URRIAK 3 OSTIRALA
Grande Amore
Aiko
Honeyglaze
Lukiek
Adios Amores
Zeba
URRIAK 4 LARUNBATA
Dame Area
Silitia
Airu
Indabe
Kotoi
Mikosis
Kokapena
Intxaurrondo K.E.
Intxaurrondo K.E
Donostia. Gipuzkoa