Chantal Akerman zinemagilearen lana Artiumen ikusgai, Josu Bilbaoren lanarekin elkarrizketan

Data

25.05.30 - 25.11.30

Lekua

Araba - Gasteiz

Claire Atherton, Akermanen ‘Untitled (D'Est)’ lanarekin ostiral honetan.
Claire Atherton, Akermanen ‘Untitled (D'Est)’ lanarekin ostiral honetan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gasteizko Artium museoak bi erakusketa ireki ditu ostiral honetan, Chantal Akermanen ‘Irudiari aurre egitea’, Claire Athertonen komisariotzarekin eta Josu Bilbaoren ‘h’. Azken hau azaroaren 30era arte egongo da ikusgai eta Athertonena urriaren 19ra arte.

Chantal Akerman zinemagilearen lana ekarri du Claire Atherton bideo editoreak eta, kasu honetan komisarioak, Artium museora. Artista belgikarrak zinema instalazioetan egindako lana du ardatz ‘Irudiari aurre egitea’ erakusketak, batez ere Athertonekin batera urte luzez egindakoa.

Ostiral honetatik urriaren 19ra arte egongo da ikusgai A1 aretoan eta uztailean artistari buruzko hiru eguneko mintegia egingo da museoan eta museoak ‘Hitzak’ sailaren ale berri bat argitaratu du. Hala azaldu dute ostiral honetan egindako aurkezpenean.

Artiumeko zuzendaria den Beatriz Herraezek azaldu duenez, Gasteizera iritsi berri den hau 2023an Bartzelonako La Virreinak hartutako izen bereko erakusketa baten bigarren kapituloa da. Herraezen ustetan, XX. mendeko historian barneratzeko balio du.

Barneratzea da, hain zuzen Claire Athertonek nabarmendu duen ideia. Aurkezpenean hitza hartu duenean, 2015ean zendutako ez dela bere lankide eta lagunaren obraren bilduma ohartarazi du, baizik eta «erakusketan bertan norberak bere bidea egiteko gonbidapen bat».

Akermanekin 20 zinema instalazio inguru egin zituela azaldu du, bera editore bezala aritzen zelarik. Zinemagilea hil zenean «museoetan bere lana errespetuz erakusteko aholkua ematen hasi nintzen», azaldu du. Horri esker, instalazioak sortzeko modu berri bat deskubritu zuen. Dionenez, «komisario bezala lan egitea Chantalentzat edizio lanak egiten jarraitzea da».

Behin A1 aretoan, iluntasunak zenbait proiekziori –‘La Chambre’, ‘Tombée de nuit sur Shanghai’, ‘Je tu il elle, l'instalation’, ‘My mother laughs’ eta ‘Une voix dans le désert’, besteak beste– bidea irekitzen die. Horrekin batera, tarteka entzuten den ahotsak, Akermanena, ikuslea guztiz murgiltzea lortzen du.

Josu Bilbaoren ‘h’

Bideoak, irudiak, soinuak eta alde batera utzita, alboan dagoen A2 aretoak Josu Bilbao artista Bermeotarraren ‘h’ lan berria hartzen du eta biak elkar osatzen dira. Hori adierazi du Catalina Lozano komisarioak, irudia eta hutsunea eta espazioaren arteko kontrasteari erreferentzia eginez.

Josu Bilbaoren ‘h’. (Jaizki FONTANEDA I FOKU)

Lurrean jarritako kable eta gailu elektroniko batzuk baino ezin dira ikusi gela argi honetan, Estanis Comella artistak erakusketarako berariaz ondu duen soinu-pieza batekin. Horrela, azaldu du Bilbaok, «aretoa bera entzun» dezakegu. Izan ere, gela honetarako pentsatutako erakusketa da.

«Egoteko leku bat da», laburbildu du artistak. «Arkitekturaren espezifikotasunarekin, zoruarekin, argiekin, hagekin... elkarrizketan sortutakoa da eta dena osotasun bat da, ez dira pieza autonomoak. Tarteka ikusten den lainoak, gainera, arkitekturaren linea gogorrak biguntzen ditu». Gelarekin elkarrizketan ere, Isabel de Naveran EHUko Arte doktoreak testu bat idatzi du, ‘Hitzak’ bildumarako.

Bisita ordutegia:

Asteartetik ostiralera: 11.00–14.00, 17.00–20.00

Larunbata eta igandea: 11.00–20.00

Sarrerak eskuragarri leihatilan eta online.

Kokapena

Artium museoa
Frantzia Kalea, 24
Gasteiz. Araba