Chillidak harriari eta lurrari emandako erabilera ikusgai Zabalaga baserrian

Data

25.02.06 - 25.05.26

Lekua

Gipuzkoa - Hernani

Chillida Lekuko Zabalaga baserrian ‘Harri, Lurra, Huts’ erakusketa.
Chillida Lekuko Zabalaga baserrian ‘Harri, Lurra, Huts’ erakusketa. (Jon Urbe | FOKU)

Eduardo Chillidak bere eskulturan lurrari eta harriari eman zien erabilera jorratzeko ‘Harri, Lurra, Huts’ Chillida Lekuko erakusketa zabaldu dute Zabalaga baserrian. Estela Solana erakusketako arduradunak ostegun honetan esan du Chillidaren «unibertso materikoa lurraren eta harriaren ikuspegitik aztertzen duen erakusketa» dela.

Mireia Massague zuzendariaren hitzetan, oraindik «sakondu gabeko» materialen ezaugarriak aztertu nahi izan dituzte; batez ere harriaren eta lurraren kasuan. Izenburuak berak jada materialtasunaren jokua jartzen du jomugan, Solanak adierazi bezala, nazioarteko «harria, papera, guraizea» jokutik eratorria baita, «material bakoitzaren aukeraketa eraldatzeko gaitasuna».

Guztira 48 obra bildu dituzte Zabalaga baserrian, besteak beste, lehen Chillida Lekuko kanpokaldean zeuden hainbat obra sartu dituzte barrura, eta horrek, eskala aldatu dienez, obrak berak «beste modu batera ulertzeko» aukera ematen duela azaldu du Solanak. Inoiz ikusi gabeko hamar obra ere barnebiltzen ditu erakusketak; izan ere, eraskuketako obrak erakunde publikoetatik (Sofia Erregina Arte Zentrotik adibidez) zein bilduma pribatuetatik (hala nola, Iberdrola edota Banco Santander bildumetatik zein bilduma pertsonaletatik) utzitakoak izan dira.

Hiru materia

Chillidaren «euskal identitatea» islatzea lortu dute erakusketako arduradunaren arabera, eta izenburua eman dioten hiru hitzen bidez «soinu-espazio» bat ere sortu dutela. Solanak aurkezpenean gogorarazi duenez lurraren eta harriaren bidez «materiaren esplorazioa eta ikerketa» landu zituen eskultoreak: «Harriaren lanketa aldizkakoa izan zen Chillidaren ibilbidean, baserriaren goiko solairuan bere lehen lanak aurki ditzakegu, eta behean 90. hamarkadan egindakoak, eta ondorioz, aldizkako material horren lanketaren bilakaera ikusten dugu guztira».

Lurrari dagokionez, Chillidak landuriko material «bigunena» dela kontatu du Solanak, eta 70. hamarkadaren erdialdean txamota-lurra deskubritu zuela, dentsitate handiko lur bat. Arduradunak azaldu du material honetako obrarik arinenak 30 kilo izango dituztela, eta pisutsuenak 200.

Hutsuneari dagokionean, azaltzeko «zailena» izanagatik «pertsonalena» ere badela ohartarazi du Solanak: «Magikoa eta misteriotsua da, material guztietan dago hutsunea». Bereziki 60ko hamarkadaren erdialdean eskulturaren ariketa arkitekturara moldatu izanak sortutako barne-espazioek sortu zutela hutsunearen ideia argitu zuen, argiari eta hutsuneari arreta berezia emanez.

Obra eta espazioa harremanetan

Luis Chillida eskultorearen semea eta Fundazioko presidentea ere erakusketa berriaren irekieran izan da, eta orain artean ikusi gabeko erakusketa bat dela adierazi du, «granitoa, esaterako, inoiz ez da egon baserri barruan». Obra eta espazioa harremanetan jarri izana txalotu du presidenteak eta argiari eta eskalari berebiziko garrantzia eman izana: «Lehenago bagenituen obrei ere bisio berri bat eman zaie. Eskalaz aldatzerakoan tamainaren potentziaz ohartzen gara, eta argi naturala artifizialarekin nahastean beste zerbait sortzen da».

Erakusketa osoa Zabalaga baserrian jarri izana ere positiboki baloratu du. Izan ere, Fundazioko presidentearen ustez, «baserria bera bere horretan obra bat da» eta kasu honetan, harria, lurra eta hutsunea biltzen dira eta, ondorioz, «edukia eta edukiontzia» etengabeko harremanean daude.

Erakusketa maiatzaren 26a bitarte Chillida Lekuko ohiko ordutegian bisitatu daiteke, 10.00etatik 17.00etara, ostegunetik astelehenera bitarte; bisita gidatua nahi izanez gero, 16.00etan egingo da egunero. Bestalde, Massaguek gogoratu du erakusketa honek ere izango duela bere programa publikoa. Artea eta ongizatea lantzeko hitzaldiak antolatu dituzte (martxoak 13), baita ‘Urratsak huts handiruntz’ izeneko meditazioa Nausica Sanchezekin (martxoak 22). eta Eider Bailerekin zeramika tailerra (apirilak 26).

Familiei eta eskolei zuzenduriko programa ere ondu dute, eta besteak beste zeramika tailerrak eta bisita gidatuak barnebildu dituzte bertan.

Sarrerak online eta leihatilan.

Kokapena

Chillida Leku
Jauregi Bailara, 66
Hernani. Gipuzkoa