D'Caprichoren bira beroa, gurean

Data

26.07.23 - 26.07.26

Lekua

Bizkaia - Bolibar

Danieuris eta Daniellis Moya Avila ahizpak dira D'Capricho.
Danieuris eta Daniellis Moya Avila ahizpak dira D'Capricho. (DCAPRICHO)

La Habana hiriko D'Capricho bikoa Euskal Herrian da, bira luze batean murgilduta. Ekaina amaieran abiatu zen eta iraila bitartean ariko dira gurean, 30 kontzertu baino gehiago eskainita. Ostegunetik igandera, asteburu beroa izango du orain Otxandion, Bolibarren, Mutrikun eta Larrabetzun.

Danieuris eta Daniellis Moya Avila ahizpak osatzen dute D'Capricho, eta aspalditik ari dira zuzenekoak eskaintzen. Las Dos D izenarekin hasi ziren, eta azken urteetan D'Capricho hartu dute. Pianoa eta ahotsa erabiltzen dituzte zuzenekoetan nagusiki, eta euskaraz zein gaztelaniaz aritzen dira.

Giro kubatarrak

Zuzeneko kantu zerrendan bikoteak berak konposatutako kantuak dira nagusi eta horretarako zenbait euskal poeten hitzak hartu izan dituzte. Joseba Sarrionandia, Jon Gerediaga, Leire Bilbao, Arrate Mardaras edo Miren Agur Meabe idazleen hitzak musikatu dituzte besteak beste, eta errepertorioan ez da inoiz falta Xabier Leteren ‘Ihesa zilegi balitz’ abestia.

Gainera, Kubara begira jartzen dira maiz, eta Silvio Rodriguez eta Pablo Milanes abeslarien kantuak jotzen dituzte. Izan ere, kubatar jatorrizko doinuak dira nagusi euren kantuetan, eta habanera, danzona, boleroa, sona, edo cha-chacha bezalakoak entzuten dira zuzeneko dantzagarrietan.

Bitxikeria bezala, 2015 urtean ‘Andrazkubak’ lana plazaratu zuten: euskaraz osorik abestua, eta Euskal Herriko emakume idazleen letrak erabilita.

Kontzertu bira

Ostegunean Otxandioko Txosna gunean ariko dira, Gazte Asanbladaren eskutik eta  20.00etik aurrera.

Ostiralean Bolibarko plazan izango da hitzordua, 18.00etan, eta larunbatean Mutrikuko jaietan joko dute Bizixo jai konpartsaren eskutik 20.30etan.

Azkenik, igandean Larrabetzun ariko dira, Irusta tabernaren aurrean 21.00etatik aurrera kale giroko emanaldian.

Datozen egunetarako emanaldi piloa hitzartu dituzte, Euskal Herriko hainbat tokietan. Uztaila Algortan eta Plentzian amaituko dute, eta abuztuan Gernika, Markina, Lekeitio edo Azkainen ariko dira besteak beste. Birako data guztiak bikoaren Facebook orrian ikusi daitezke.

D'Capricho, aste honetako kontzertuak: 
Uztailak 23 Osteguna: Otxandio. Txosnagunea. 20.00.
Uztailak 24 Ostirala: Bolibar. Plaza. 18.00.
Uztailak 25 Larunbata: Mutriku. Txosnagunea. 20.30.
Uztailak 26 Igandea: Larrabetzu. Irusta Taberna. 21.00.

Kokapena

plaza
Plaza
Bolibar. Bizkaia

Loturak

D'Capricho