Queer utopien alde garatzen ari diren erreferenteak erakutsiko ditu Zinegoak jaialdiak

Data

24.06.24 - 24.07.01

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Zinegoak antolatzen duen lantaldeko partaideak, aurkezpenean.
Zinegoak antolatzen duen lantaldeko partaideak, aurkezpenean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

‘Queertopiak’ definizioa sortu du Bilboko Zinegoak jaialdiak aurten, ekainaren 24tik uztailaren 1era, burutuko den 21. edizioa izendatzeko. ‘Queertopiak’ hauek, aurten lehenengo aldiz egingo den ziklo berri bati izena emateaz aparte, hitzordu herrikoi honen filosofia islatzen dute, Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdia, funtsean, kultura eta sexu aniztasunaren erreibindikazioa baita.

Aurten, beraz, indibidualki egiten den borrokatik, maila kolektiboan egiten den borrokak aldarrikatuko ditu Zinegoak jaialdiak. «Bi hamarkada hauetan nabaritu dugu, bakoitzak bere onarpen propioa edo barneratzeko zituen zailtasunari buruzko filmak programatzetik, borroka kolektiboaren konplexutasunari buruz hitz egiten duten filmak programatzera pasatu garela. Filmek erakusten baitute erresistentzia-espazioak daudela munduan; eta, ez dugu egoera idealizatu nahi, baina egia da, egoera txarrak eta traba guztien gainetik, munduan badaudela ‘queertopia’ horiek modu kolektiboan sortzen dituztenek. Eta gu, jaialdiarekin, erreferente hauek eskaintzen ditugu», aipatu du Alaitz Arenzana, Zinegoak jaialdiaren zuzendariak jaialdiaren aurkezpenean. 

Jaialdiaren egitaraua

50 proiekzio eta jarduera, 15 film luze sail ofizialeko kategoria desberdinetan, bi ziklo berri film laburren sailean –Queertopiak eta Sexilioak– eta hamaika ekitaldi –arte eszenikoak, solasaldiak, jardunaldi profesionalak, jaiak...– antolatu dituzte aurtengo edizioa luzatuko den hamar egunetarako. Programazioa Bilboko areto desberdinetan gauzatuko da, besteak beste, Bilborock, Alondegiko Goleme zinemetan, BilbaoArte, Bira, Sarean, Arriaga antzokia edo Guggenheim museoan.

Inaugurazio ekitaldia ekainaren 24an izango de Arriagan eta bertan izango dira Eddi Circa kantautorea eta Clarisa Navas zinemagile argentinarra, aurtengo Ohorezko sariduna. Itxiera ekitaldia uztailaren 1ean izango da Bilborocken. Jaialdiaren barnean, bere 3 filme eskaintzeaz gain, Navas bera Irantzu Varelarekin solasean egongo da bezperan.

Film luzeen sail ofizialari dagokienez, ohiko hiru sailetan nazioarteko hainbat herrialdetik jasotako filmak daude: Nigeria, Mexiko, Txina, AEB, Grezia edota Alemanitik iritsiko lanak daude. «Brasilgo eremu zapalduenetako bateko saskibaloi-talde queer baten bizipenak (‘Levante’); Lesbos uhartean 1980ko hamarkadan sorturiko lesbiana-komunitatearen historia (‘Lesvia’), Suitzan asilo politikoa lortzeko prozesuetan egiten diren galdeketak (‘The Hearing’), sexu-grinaren areagotzea eta polimaitasuna (‘Vera y el placer de otros’) edo LGTBfobiaren salaketa eta haren aurka borrokatzeko ahalduntzea (‘Mavi Kimlin’)», aipatu ditu Arenzanak.

Eta nazioarteko lanez gain, Erroak sailean, Euskal Herrian sortu diren hainbat ekoizpen lan eskainiko dira. Halere, ekainaren 21etik 23rako asteburuan, jaialdia hasi aurretik, ‘3, 2, 1... Zinegoak!’ aurrejaialdia egingo da. Ostiralean, Guggenheim museoan, ‘All the Bauty and the Boodshed’ dokumentala izango dute, Nan Goldin artista eta aktibistaren ingurukoa.

Hurrengo egunean, ekainak 22, egun osoko egitaraua antolatu da: goizean Danele Sarriugarte eta Miren Narbaizaren ‘Popperra, Afterra, Utopia’ ikuskizun musikatua, Sarean kulturgunean. Arratsaldean, saio bikoitza: Bilborocken Dantzertiren azken lan eszenikoaz gozatzeko aukera gongo da: ‘Lopez zioenez. Sin mí, sin vos y sin Dios’, Matxalen de Pedroren zuzendaritzapenean. Amaitzeko, Bira Kulturgunean, ‘Bizi. Bisexualitatea eta euskal komunitatea’ proiektuaren aurkezpena egingo da.

Proiekzioez gain, arte eszenikoak antolatu dira –ekainaren 27an Muxikebarrin, Getxon–, mota desberdinetako aurkezpen eta solasaldi, eta baita ere ZG Pro jardunaldi profesionalak. Industria eta sexu-aniztasuna landuko dira jardinaldi hauetan, ekainaren 27 eta 28an, gai zehatz bati helduta: ‘Queer jaia espazio politiko moduan eta bere islada irudietan’.

Kartela, Aldudetik

Indar bisual handiko ilustrazioa da aukeratutakoa, eta, markatutako trazuaren eta kolore-blokeen bidez, jaialdiak 2024ko edizio honetan aldarrikatzen duen queer utopiaren ideia gorpuzten duten bi pertsona erakusten dizkigu. Dom Campistron artistak egina, edizio berri honetako queer indarra islatzen duten bi pertsona ditu protagonista.

Dom Campistron (Aldude, 1994) artista arduratu da izpiritu hori ilustrazio honen bidez islatzeaz. Alduden (Nafarroa Beherea) duen estudiotik, Don Campistronek bere lan eta ikerketa egiten du kontatzen edo irudikatzen dizkioten istorioak islatzeko. LGTBIQ+ kolektiboaren parte izateak dakartzan konplexutasunak zuzenean ezagutzen ditu, ‘Bekatorosak’ bere lanean jasotzen duen bezala, eta artistak bizipen horiek guztiak bere sormenaren zerbitzura jartzen ditu, irudimen bisual bizia, eta oso indartsua sortzeko.

Artistak kartela egiteko orduan izan zuen inspirazioa zinema-areto batean sortu zen, berak aipatzen duen bezala: «Lerroa egiten duzu zinemara sartzeko. Gaua emeki-emeki sartzen ari da eta aitzinekoak itzuli dira zuri begiratzeko. Eta zein ederrak atxemaiten dituzun aitzineko horiek. Berdin, nahiko zinuke haiek bezala izan: aske».

Energia hori da Zinegoaken edizio berri honek ekainean aurkeztuko duen jardueren programazioan transmititu nahi duena.

«Norberak bere burua eraikitzeko eta adierazteko askatasunaren ideian sakontzen jarraitu nahi genuen, eta berezitasun hori oinarria izan zedila askotariko pertsonez betetako gizarte berri bat eraikitzeko, munduan egoteko modu berriak asmatzeko antolatzen, biltzen eta sareak ehuntzen baitira», esan du Alaitz Arenzana lehiaketaren zuzendariak.

Kokapena

Arriaga antzokia

Bilbo. Bizkaia