Donostiako Victoria Eugenian itxiko du bira Gorka Urbizuk
Data
25.11.13 - 25.11.16
Lekua
Gipuzkoa - Donostia

Donostiako Victoria Eugenia antzokian eskainiko dituen lau kontzerturen bidez itxiko du 2025eko bira Gorka Urbizuk. Lekunberriko musikariak ‘Hasiera bat’ (Only In Dreams, 2024) disko pertsonalarekin hasi zuen bakarkako ibilbidea, Berri Txarraken agurretik ia bost urte beranduago, eta ibilbide emankorra ari da izaten orduz geroztik. Berriki euskarazko urteko diskorik onenaren saria eskuratu du MIN sarietan eta Hatortxu Rock jaialdian egongo dela ere iragarri berri da.
Donostia Kulturatik aurreratu dutenaren arabera, bira amaierako kontzertuak azaroaren 13, 14, 15 eta 16an hartuko ditu areto donostiarrrak, eta sarrerak ekainaren 4ko 11.30etatik aurrera egongo dira eskuragarri Victoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko lehiatiletan eta online ere lortu ahalko dira, Donostia Kulturaren webgunean. Aurreratu dutenez, 26 eta 30 euro arteko salneurria izango dute sarrerek.
‘Hasiera bat’ lanarekin ibilbide berriari ekin zion Gorka Urbizuk, NAIZi eskainitako elkarrizketa honetan luze eta zabal azaldu zigun bezala. Musikariak berak sare sozialen bidez iragarri zuenez, «Egungo gure bizitzeko modu frenetikoaren ifrentzua» da lana, «hitzaren eta kantuaren sortze lanak eskatzen duten patxadaz ondua». «Osorik entzuteko aukera eman nahi nizuen, aurrerapenik gabe», nabarmendu zuen musikariak Instagramen zabaldutako mezuan.
Gaineratu zuenez, «maitasun osoa jarri dut hamar doinuotan. Espero dut kantuok modu batean ala bestean zuekin konektatzea. Eta alderantziz».
Birari hasiera ere Donostian eman zion Urbizuk 2024ko otsailean, baina aurretik GARAren 25. urteurrenaren karira elkarrizketa akustikoa eskaini zuen egunkariaren Donostiako erredakzioan, urtarrilaren 30ean.
Kokapena
Victoria Eugenia antzokia
Argentinar Errepublika, 2
Donostia. Gipuzkoa