Dupla eta Sukena Bermeon
Data
25.09.07 - 25.09.07
Lekua
Bizkaia - Bermeo

Musika egitarau ederra prestatu dute Bermeoko jaietarako, eta Lamera Parkean eta txosna gunean burutuko dira emanaldi nagusiak. Irailaren 7an, igande gauez Dupla eta Sukena ariko dira zuzenean, azken boladan zer esana ematen ari diren bi proposamen gazte. Emanaldia 22.00etan hasiko da.
Sukena
Emozioz beteriko proposamen freskoa da Sukena taldea, eta pixkanaka musika eszenan toki bat lortzen ari da, gero eta ikuslego zabalagoa konkistatuz. Giro akustikoetan eman zituzten lehen pausoak egitasmoak Oñatiko Naia eta Eider Herraez ahizpek beraien logelan egindako kantuen bidez, eta taldea handitu den heinean pop rock giroetara bideratu dituzte euren doinuak, beti ere, sustraiak ahantzi gabe.
2023. urteko ‘Guztia gordetzea ezinezkoa da’ diskoa izan zen taldearen debutekoa, eta disko horri esker biko proposamena zena banda bilakatu zen. ‘Ahots hura’ abesti berriak lehen diskoko norabidean sakontzen du, eta ahots melodiak nagusi diren arren, gitarren presentzia areagotu da Haritz Harreguy estudioetan grabatu den kantuan. Egun entsegu lokalean sortzen ari diren abesti berrien aurrerapena izan daiteke, taldearen norabide berria erakusten duen adibidea.
Dupla
Talde bitxia bezain interesgarria da Dupla. Hasteko biko formatuan taularatzen dira, eta musikalki sailkaezina da taldearen musika jarduna. Rock sutsutik, reggaetoi dantzagarrira, edozer sartzen da Aguraingo taldearen unibertsoan, eta egiten duten oro badu berezko zigilu bat.
Beñat Oribe eta Gari Uriarte dira Dupla, bi laguneko banda erraldoia. Zuzenekoak ere horrelakoak dira, eta kontzertu soil batetik harago, emanaldi bakoitza festa bat da. Urte hasieran Herri Urrats ekimeneko abestia egiteko aukera izan zuten, tartean Pantxoa eta Peio abeslariekin batera. Berriki beste kantu bat argitaratu dute, honakoan, Euskal Herriko musika eszenako beste talde beterano batekin. Joselu Anayak taldeko kideekin batera ‘Iñaki’ kantua egin dute, eta bideoklip ederrean ikusi daiteke plataforma digitaletan.
Kokapena
Lamera
Lamera
Bermeo. Bizkaia