‘Entzun’, Etorkizuna Musikatan orkestraren lan berria, belarriez ikustekoa

Data

23.06.19

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Etorkizuna Musikatan orkestrako kideak.
Etorkizuna Musikatan orkestrako kideak. (NAIZ)

Bilboko Kalealdia jaialdiaren enkarguz Olatz Gorrotxategik ondutako lana da ‘Entzun’. Hartutako zeregina, Etorkizuna Musikatan orkestrako kideekin bitartekaritza lana egitea. Iazko abenduan hasi zuten bidea eta hilaren 19an ikusiko du argia emaitzak. Hitzordua 18.30ean da, Casilda Parkeko urmaelaren inguruan. Sarrera librea da.

8 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteek hartu dute parte proiektuan. Bilboko San Frantzisko auzoko orkestrako kideak denak. NORAI elkartearen kultur egitasmoa da. «Hiriko haur eta gazte guztiei irekia dago. Venezuelatik datorren ‘metodoa’ erabiltzen dute. Oso praktikoa da, lehenengo egunetik –ez dute solfeoa edo musika teoriarik ikasi beharrik– jo ditzazkete tresnak. Ingurune oso ezberdinetako haurrak daude orkestra profesionalean jotzen. Doakoa da eta instrumentuak ematen dizkiete haurrei», kontatu du Gorrotxategik. 

Kaleko arteetara hurbiltzeko balioko dien sormen eta partehartze prozesuan murgildu dira ikasturtean zehar, musikaz gain komunikatzeko hainbat hizkuntza eszeniko aurkituz, eta espazio eta publiko berriak partekatuz.

Antzerkiaren mundua –kale ikuskizunak bereziki– erakustea izan dute helburu. «Horren inguruan lan egitea, beste publiko mota batzuk daudela ikustea. Antzerki eskolak jasotzen dituzte, nahiko xumeak, nahikoa lan dute eta eskolarekin eta orkestrarekin....», esan du.

Gaur egungo nerabe eta etorkizuneko musikariek euren kezka, grina eta beharrak hartu dituzte oinarri. Dispositibo ezberdinak topatzen saiatu dira eurek zabaldu nahi duten mezua publikoari helarazteko. «Orain arte musika izan da artearen bidez komunikatzeko tresna, orain musikaz aparte beste gailu eta jokuak bilatu ditugu. Artearen gozamena bizi dute, guztiz, baina ez dira aktoreak. Garrantzitsua zen beste modu batzuk bilatzea. Diziplina arteko proiektu transbertsala egiten saiatu gara».

Orkestrarekin duten lotura nabarmendu du. «Musikariak dira, ez dut uste utziko dutenik aktore izateko asmorik, musikarekin topera ari dira. Ikaragarria da zelako pasioa eta maitasuna dioten ez bakarrik musikari, baita orkestrari ere. Oso indartsuak dira, asko dute esateko... barre ere asko egin dugu».

75 lagunek kaskoak izango dituzte eskuragarri eta saioan zehar testigantzak entzungo dituzte.  Ikuskizuna guztientzako da baina kaskoak dituztenek esperientzia osoa jasoko dute. Aurikularrik soinean ez dutenek kontzertu arrunta entzungo dute. Jokoek badute presentziarik. Une batean altxa eta berriz esertzen ikusiko ditu. Kaskoak dituenak jakingo du orain zutik daudenak gaztelaniaz egiten dutela berba, gero altxatzen direnek euskaraz, arabieraz edo frantsesez... esaterako».

Behin eskainiko da ikuskizuna. «Audioak eta material osoa gorde egingo du orkestrak eta errepikatu nahi badu esperimentua askatasun osoa dute egiteko, noski», esan du.

Aurretik antzerki eskolan lan egina urte askoan haurrekin badu eskarmenturik. Esperientzia interesgarria izan da Gorrotxategirentzat. «Ez dira antzerkian izena ematen duten haur eta gazteak. Lan egiteko modua ezberdina izan da. Jolasean, esperimentatzen... ibili gara. Euren artean erlazionatzeko beste modu bat ere izan da. Elkar bizitzeko gunetxo bat sortu dugu».

Musika arloari dagokionez «oso profesionalak dira, oso serio hartzen dute. Alde horretatik gozamena izan da. Oso esperientzia polita izan da. Elkartearen lana bai, ezaguna nuen, baina ez justu orkestrarena, izan ere, atal bat besterik ez da jardueraren barruan».

Positibotzat jo du jaialdiaren ekimena. «Kalealdia gustukoa dut eta oso garrantzitsua da egiten duten lana. Oso aberatsa da auzoarentzat, Bilborentzat eta gazteentzat. Ez dakit oraindik kontziente diren zer den jaialdian jotzea. Esperientzia izango da, ikasketa, hori seguru».

 
 



Kokapena

Casilda Iturrizar Parkea
Casilda Iturrizar Parkea
Bilbo. Bizkaia