Hernioko magalean inspirazio bila aritu zen Juan Luis Goenaga gaztea itzuli da

Data

24.10.23 - 25.02.16

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Mikel Lertxundi komisario, Barbara eta Telmorekin, artistaren seme-alabak.
Mikel Lertxundi komisarioa, Barbara eta Telmorekin, artistaren seme-alabak. (Oskar MATXIN | FOKU)

Adats luze-luzea, bizarra, zulatutako jeans zikinduak, cowboy botak eta begirada pentsakorra. Otsamendi baserrian bere buruari ateratzen zizkion erretratuetan, hogei urte inguruko Juan Luis Goenaga gaztetxo hark 60-70. hamarkadetako rock izar baten antza du. Artista bat zen, naturan bere unibertsoaren bila ari zena. Mikel Lertxundi arte komisarioak esandakoa jarraituz, Goenaga «sator pintorea» bihurtzen ari zen garai hartan; satorren moduan, sustraien bila.

Joan den abuztuaren 13an bota zuen azken hatsa Juan Luis Goenagak (Donostia, 1950-Madril, 2024), 74 urte zituenean eta gaixotasun luze baten ondorioz. Eta, bere omenez, Bilboko Arte Ederren museoak artista handi honen lan goiztiarrena erakutsi nahi izan du ‘Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976’ erakusketarekin. Museoko bost aretoetan ehun bat artelan daude ikusgai urriak 23tik datorren urteko otsailaren 16ra arte.

Mikel Lertxundi historialaria da erakusketaren komisarioa. Artistaren gainean argitaratutako monografiaren egilea ere bai, eta 2017an heldu zion egun Bilbon ikusgai dagoen erakusketari. Hunkitu egin da Lertxundi aurkezpenean, negarrari eutsi nahian ibili dira ere Barbara eta Telmo, Goenagaren seme-alabak.

«Erakusketa hau buruan zuela joan zitzaigun –aipatu du Barbara Goenaga aktoreak–, luze lan egin zuelako honetan, bukaerara arte. Uztailean, Mikelek galdetu zigun ea joan ahal izango zuen ospitalera aita ikustera, eta orduan erakutsi zion erakusketa nola geldituko zen».

Liburua, Azokarako

Bilboko museoaren aukeraketak ere badu bere ‘zera’: «Aitarentzat hau munduko museorik garrantzitsuena zen, Leopoldo Zugaza (1932-2022) berarengan sinetsi zuen lehena izan zelako», aipatu du aktoreak. Hau da, Zugaza kultur eragileak, 1973. urtean, Durangoko Udal Kultur Aretoan antolatu zuen erakusketan erakutsi zituen Goenagak bere lan goiztiar hauek.

Eta 2024. honetan, Miguel Zugazak iragarri duenez, Durangoko Azokarako Goenagari buruzko liburu bat prestatzen ari da museoa, Joseba Zulaikaren testuekin hornituta, duela 51 urte egin zen erakusketa hura gogora ekartzeko asmoarekin. Arte Ederren museoaren aita zen Leopoldo Zugaza.

«Jose Luisengan dena intentsitatea eta sakontasuna zen», aipatu du Mikel Lertxundik. Lehenengo aretoan sartu eta, bat-batean, Goenaga gaztearekin egiten duzu topo eta, egia da, igertzen da intentsitate hori: harriekin bideak egiten ditu, eta bide horiei argazkiak atera. Harriak jaso eta, beste osagai batzuekin, osagai naturalez eta beste motatako objektuez osatutako kaxak eraikitzen ditu. Hemen Jose Miguel Barandiaran, Jorge Oteiza, Pio Baroja, H.P. Lovecraft edo Edgard Allan Poeren erreferentziak daude, hor giro misteriotsua eta magikoa.

Prestakuntan autodidakta izanik oso gaztetan hasi zen pintatzen eta marrazten Goenaga. 60. hamarkada bukaeran prestakuntza ibilbide bat egin zuen Madril, Erroma, Bartzelona eta Parisen barrena. Donostiara itzuli zenean, ordurako Ur eta Gaur euskal talde artistiko berritzaileen proposametara hurbildu zen; izan ere, Gaur taldeko hainbat kideren kezken oinordeko zuzena izan zen: Chillida, Oteiza eta, bereziki, Zumeta eta Mendibururen oinordekoa, alegia. «Hori behar du euskal pinturak: lehenik, gure aurrekoek egindako guztia ondo ezagutu, leze-zulotan, kanta eta dantzatan. Horiei ondo begiratu, arretaz entzun eta kontuan edukiaz», adierazi zuen ‘Zeruko Argia’ aldizkarik 1972. urtean argitaratuko elkarrizketa batean. 

Bere buruari inposatutako isolamendua

«1969. urtetik aurrera bere buruari Alkizan inposatu zion isolamendua erabakigarria izan zen bere kontakizunean sakontzeko», Mikel Lertxundiren aburuz. Garai hartako artista asko legez, naturara jo zuen; naturan murgildu, gerra giroan bizi ziren garai likido haietan. «Ahaztutako Gipuzkoa zen Alkiza garai haietan; ez zuen zerikusirik Donostiarekin, beste mundu bat zen, non orainak eta iraganak elkarri eskua ematen zioten. Alkizan kokatu zuen ere Bernardo Atxagak bere mundu magikoa», gehitu zuen.

Egunez, bakarrik ibiltzen zen basoan, Hernioko magalean, argazkiak egiten. Gauez, saiatzen zen pinturaren eta marrazkiaren bidez azaltzen zer sentipen sortzen edo eragiten zizkion bilaketa horrek. «Beregan identifikatu nahi izan zuen euskal arima», komisarioaren ustetan.

Zorrotz dokumentatu zituen ‘land art’-eko lan horiek guztiak. Arkeologo baten landa-koaderno antzeko bat osatu zuen, museoak erosi zuena duela urte batzuk, eta testuetan ere oso kutsu poetikoa antzematen zaio. Argazki bitxiak dira gero. 70. hamarkadaren hasieran, eta urtebetez naturan eta argazkigintzan murgilduta egon ondoren, ‘Itzalak’ lanarekin itzuli zen pinturara. Argazkiak eta pinturak tartekatuta, ibilbide bat izango balitz bezala, artistaren mundu magikoan murgildu gaitezke erakusketa honetan.

‘Belarrak’ saila dago ikusgai ere. Izugarria da. «Hura izan zen landare osagaiak berrinterpretatu eta abstrakzioaren eta figurazioaren arteko tentsioa sortzen duten diseinu bihurtzen dituen sailetan lehena: osagaiak ezaguterrazak dira, baina diseinuak irudizkoak», dio Lertxundik. Belarren eta sustraien ordez, ureko landaredia bihurtu zuen protagonista gero... Gezurra dirudi hain denbora laburrean, bost sei urte inguru, zein motatako esperimentazio lana egin zuen.

«22-24 urte zituen, baina ordurako bazen Goenaga», Lertxundiren esanetan.

Kokapena

Museo de Bellas Artes de Bilbo

Bilbo. Bizkaia