Errobi itzuli egingo da maiatzean, 50 urteren buruan eta «betiko espirituarekin»

Data

24.05.04 - 24.05.04

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Anje Duhalde eta Mixel Ducau, Leixuri Arrizabalagarekin, Bizkaiko Kultura diputatua.
Anje Duhalde eta Mixel Ducau, Leixuri Arrizabala Bizkaiko Kultura diputatua eta Igortz Iturberekin, Mauka argitaletxekoa. (Oskar MATXIN | FOKU)

Euskal kantagintzako izen mitikoa da Errobi. 70eko hamarkada hasieran Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk sortutako taldeak euskarazko rockaren lehen harria jarri zuen eta, luze iraun ez zuen arren (1973tik 1985era, tartean bost disko grabatu zituzten), arrasto sakona utzi zuen. 1974an Donibane Garazin emandako lehen kontzertuaren 50. urteurrena betetzen denean, maiatzaren 4an Bilbon zuzeneko baterako elkartuko dira berriz.

Bilboko Rekalde aretoan eginiko prentsaurrekoan iragarri zuten Euskal Herriko rockaren aitzindariok inork espero ez zuen hitzordua: Errobi itzuliko da, kontzertu zehatz bat emateko.

Ezer baino lehen, hemen datuak: Bilboko Euskalduna jauregian egingo da 50. urteurrena oroitzeko prestaturiko kontzertua, maiatzaren 4an, Bizkaiko Aldundiaren babesa du, ateak 18.15ean irekiko dira eta emanaldia 19.00etan hasiko da. Sarrerak atzo jarri zituzten salgai www.euskalduna.eus webgunean; 30 euro gehi kudeaketa gastuak (35 euro egunean bertan leihatilan).

Baina zerbait puntuala izango da edo segida izango du? Ez dago oso argi. Anje Duhaldek esandakoaren arabera, hitzordu bakarra dirudi –«hemendik ez da bira bat aterako», azpimarratu zuen–, baina horrek ez du esan nahi beste kontzerturen bat egiteari uko egiten diotenik. Datorrena datorrela, esan ohi den bezala.

Omenaldirik ez

Hau guztia piztu duena iaz Xabi Peryk martxan jarri zuen Atzar Hadi proiektua izan omen da: «Guri deus erran gabe hastapenean, omenaldi bat egitea nahi zuten. Niri omenaldiak gustatzen zaizkit ni ez nagoenean tartean, eta besteen omenaldira joatea gustuko dut, baina nahiago nuke nire omenaldira ez joatea!», esan zuen Duhaldek.

Kontuan hartu behar da musikari biek mende erdi honetan musikan lanean jarraitu dutela, bakoitzak bere esparru propioan; Duhaldek bakarkako lanetan eta Ducauk Caroline Phillips emaztearekin eta Oreka TX taldearekin, batez ere. Beraz, beraien ibilbide profesionala ez da sekula eten.

Bestalde, 1985ean galdu zuten lagunarteko harreman hura denborarekin berreskuratu ahal izan dute. «Kontzertu hau aitzakia izan da, azken finean, gure arteko erlazioa errazteko eta ‘Joño! [Atzar Hadi] Horiek egingo dute: guk ere zerbait egin genezakeen’, esan genuen. Aspaldian aipatzen ziguten ingurukoek, gainera», aipatu zuen Duhaldek.

Mixel Ducauk egin ditu moldaketak, «zaharberritze lanak» bere esanetan: «Eta honek aukera eman dit berriz gure errepertorio osoa entzuteko eta, modestiarik gabe, ohartu naiz kantu guzti haiek gaurkotasuna badutela eta merezi dutela berriz hartu eta berriz konpontzea. Hasi gara elkarrekin kantatzen eta izan da atzo izango balitz bezala; txirrindula bezala da, ez baita ahanzten. Aukera bat izan da niretzat ere gitarra elektrikoa berriz hartzeko, 50. urteren buruan, eta merezi du bai musikalki bai hitzen aldetik, tamalez gaurkotasuna dutelako oraindino».

Taularen gainean orduko Errobi aurkituko dugu Bilbon, kanpoko kolaboraziorik gabe. Beraien diskografia eguneratu dute, eta soinua desberdina izango da, noski, mende erdian teknika asko aldatu baita. Baina «espiritua berdina» da, Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk aipatutakoaren arabera.

Duhaldek berak azken urteetan lagun dituen hiru musikariekin arituko dira: Txomin Duhalde baterian, Remi Gachis gitarran eta Iñigo Telletxea baxuan. «Nik erreuma daukat eskuetan eta nahikoa arazo ditut gitarra jotzeko. Kantu bat egingo du gehienbat, eta kontzertuan lehen diskoko kantu ezezagunak eta ‘Ametsaren bidea’ joko ditugu», azaldu zuen. Azken hau, euskal rock progresiboaren aintzindaritzat jotzen da.

 

Kokapena

Euskalduna jauregia

Bilbo. Bizkaia