Esanezin Larrabetzun igande arratsaldez

Data

24.05.12 - 24.05.12

Lekua

Bizkaia - Larrabetzu

Igande arratsean ariko da Esanezin Larrabetzuko gaztetxean.
Igande arratsean ariko da Esanezin Larrabetzuko gaztetxean. (ESANEZIN)

Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean aurrera darrai Domekak Hori Bain musika zikloa. Hilabetean behin (eta badira dagoeneko urte batzuk) zuzeneko bat antolatzen dute igande arratsaldez, talde edo bakarlari bat aritzen delarik arratsaldeko 18.30etatik aurrera herriko gaztetxean. Igande honetan Esanezin egitasmoaren txanda izango da, pasaden urtean argitaratu zuten ‘Erretratu Bat’ diskoa taularatuz zuzeneko emanaldian. Sarrerak egunean bertan eskuratu ahalko dira saioa hasi baino ordu erdi lehenago hamar euroen truke. Ohikoa den bezala kontzertuaren afitxa  Malen Amenabar artista gaztearen eskutik dator.

Ianire Aranzabe musikariak gidatzen du Esanezin egitasmoa. Beste musikari asko bezala etxeko logelan hasi zen kantuak sortzen, eta lehen zirriborroak sare sozialen bidez zabaltzen. Lehen emanaldiak bakarka eman zituen gitarra akustikoa lagun, eta denboraren poderioz bakarkakoa zena talde izaera hartzen joan da musikari lagunak batuz egitasmora.

Banda formatu horretan grabatu dute estudioko azken emaitza ‘Erretratu Bat’ izenpean kaleratu den lana. 2023ko udan Lezoti Estudioan grabatu, nahastu eta masterizatu zen diskoa Gorka Urraren soinu teknikariaren eskutik, eta Ianire Aranzabe bera (ahotsak eta gitarra akustikoa), Iñigo Asensio (Pianoa, sinteak eta baxua), Arri Iraeta (Bateria eta perkusioak) eta Ander Zubillaga (Gitarra elektrikoa) aritu ziren estudioko lanetan. Diskoak auto-ekoizpen gisa ikusi zuen argia abenduko Durangoko Liburu eta Disko azokan.

Musikalki indie eta pop melodiak nagusi dira Esanezin egitasmoan, folk giroetara gerturatzen diren gitarra eta ahotsaren presentzia indartsuarekin. Larrabetzun igande pasa egiteko emanaldi ederra zinez.

Kokapena

Hori Bai gaztetxea
Hori Bai gaztetxea
Larrabetzu. Bizkaia

Loturak