‘Etorkisuneku 01’, euskararen agertoki berriak irudikatu dituen erakusketa
Data
25.01.30 - 25.06.15
Lekua
Gipuzkoa - Errenteria

Etorkizuneko euskararen agertoki berriak irudikatu eta horien inguruan hausnartu ahal izateko hiru artelan eta soinu-instalakuntza bat bildu ditu ‘Etorkisuneku 01’ erakusketak.
Iraitz Mateo –NAIZeko erredaktorea–, Nora Goyalde, eta Naiara de la Puente artista parte-hartzaileek iaz jaso zuten Etorkisuneku sormen bekarekin sortutako lanen erakusketa da. Badalab Hizkutza Berrikuntza Laborategiak emandako dirulaguntzaren helburua zen «euskaratik eta euskaraz biziko den hiztun komunitate sortzaile, berdinzale eta justua elikatzeko, gaurtik proposamenak gauzatzen hastea».
Hizkuntzaren iruditegi kolektiboa berritzen lagundu nahi duten hiru artelan eta soinu instalazio baten bidez, etorkizuneko euskaradun jendartearen iruditeria aberasteko bokazioa du erakusketak. «Sormen piezak prototipo gisa funtzionatzeko sortu dira, hau da, eszenario berriak proposatu eta horien inguruko eztabaida elikatu nahi dute», esan dute.
‘Etorkisuneku 01’ erakusketak ostegun honetan ireki ditu ateak eta ekainaren 15era arte egongo da zabalik. Bisitatu ahal izateko, eta bisita gidatuetan parte hartzeko, hitzordua egin beharko da.
Proiektuak
Iraitz Mateok 2051. urtean kokatutako ‘Kapsulak’ artelanean etorkizuneko egunerokotasunean hizkuntzak izan ditzakeen erabilera anitz posibleak hausnartu ditu. Horretarako, ikuspegi zabal edo makroaren ordez, ohiko eta errutinazko ekintza xumeetan hizkuntza erabilera prototipoak irudikatu ditu.
Etorkizuneko euskal hiztunak eta beren komunitatea irudikatzeko eskatu zien Badalab-ek partehartzaileei. Proposamen horretatik jaio da ‘Kapsulak, Euskal Herria 2051’ proposamen artistikoa, 2051.urtetik iritsitako zortzi ‘kapsulek’ osatzen duten fanzinea. «Etorkizuneko euskaldunen bizitza zatiak jasotzen ditu lanak, kapsula bakoitza herritar baten bizitzaren zati bat da, eztabaida bat, eginbehar bat, amets bat, asmo bat, kezka bat. Gure ondorengotzaren oroitzapen aurreratuak. Kapsula bakoitza independentea da, txinparta edo harramazka bat, irakurleak elkarrizketan jarriko dituenaren esperantzaz. Hizkuntzaren bilakaera bizimoduetan, egunerokotasunean ere ikusten delako. Erakusketarako fanzinearen formatik panelera eraman ditugu eta paretan kokatu kapsula horietako batzuk», azaldu du Mateok.
Egun euskarak eta euskal herriak bizi duen egoeratik begiratu nahi izan du etorkizunera. «Akaso beste forma batean baina kezka antzekoak errepikatzen dira. Egun existitzen ez den erakunde baten akta forman jaso dut migrazioa edota kulturaniztasunaren gaia, adimen artifiziala eta kulturgileen korapiloak manifestu eran, belaunaldi ezberdinen bizimodua eta militantzia erak narrazio bidez deskribatu ditut, etxebizitzaren bilakaera etxeko planoen forman, euskal komunitatearen arrakalak eta heldulekuak balizko 37. Korrikaren amaierako mezuan, ahozkotasuna baliatuz jaso nahi izan ditut euskalki/euskara batu eta memoriaren ingurukoak audio batean… Eta horrela beste hainbat kapsula. Alde argiak eta ilunak agerian uzten ahalegindu naiz, guztia ezin baita bitan banatu, modu kontrajarrian ulertu», jarraitu du.
Mateoren esanetan, «sorkuntza prozesua, dikotomian ulertu ohi ditugun eta aurreiritziz bustitako bi elementuk zeharkatu dute etengabean: landa eremu euskalduna, baina balio atzerakoiak dituena vs hirigune moderno eta aurrerakoia, baina erdalduna. Euskara eta euskal hiztunak ez dira ordea hain kortse zurrunetan kabitzen; konplexuagoa da eztabaida, eta konplexuagoa izango da etorkizuna. Baina konplexutasunak ez du okerragoa esan nahi».
Nerea Arrienen ‘Itzultzeko eskubidea’ fabulak krisi klimatikoak eraginda egungo ur mailatik gora irudikatzen du etorkizuna. Aintzane Gamiz, Marga Altolagirre, Mikele Arizkorreta eta Arkaitz Gartziandia aktoreen laguntzarekin soinu-instalazio gisa egokitu da erakusketarako, Haimar Olaskoaga teknikariaren gidaritzapean. Fabulan, Obabel izeneko hiri bertikalean, euskara mainstream bihurtu da, gailu teknologikoek emozioak murriztu dituzte, eta gazteek hizkuntzak kontrolpean dituzten behin-behineko itzultzaileen kontrako errebolta hasi dute, etorkizun heze, teknokratiko eta itogarriaren erdigunean.
Bide horretatik, Nora Goyalderen ‘Isiltasun eskubidea’ artelanak, hizkuntzaren etorkizuna irudikatzeko, ingurune zalapartatsuan kokatzea proposatzen du. Zarata ardatz, isiltasunaren etorkizun larriari begiratzen dio soinu, eskultura eta interaktibitatearen bitartez. Gizakiek sortzen dituzten soinu-hotsak, musikak eta zaratak aztertzen ditu gorputzarekin duten harremanari so eginda.
Naiara de la Puente eta Josee Miguel Baenaren ‘Euskaldun elektronikoekin amets egiten duen akordeoiak’ performanceak eta haren arrastoarekin sortutako instalazioak euskararen etorkizunari buruz hausnartzeko musika, dramaturgia eta inprobisazioa erabiltzen ditu. Kultura eta arteak iruditegiak elikatu, aberastu, zabaldu eta hedatzeko duten gaitasunarekin esperimentatu dute, prozesuan sortutako musika idatzien edota aztarna artistikoen bidez galderak eta kezkak islatu ahal izateko.
Programa publikoa
Erakusketa otsailetik ekainera bitarteko programa publiko batekin osatuko du Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak. Jardunaldiak, laborategiak eta deialdiak bilduko ditu, etorkizuneko agertoki osagarriak elikatzen jarraitzeko. Helburua izango da, zientzia fikzioa ardatz eta erakusketa osatzen duten prototipoen laguntzarekin, euskararen agertoki berrien inguruan hausnartzea; iraganaz, orainaz eta etorkizunaz.
Zer nolako ekarpena egin dezake zientzia fikzioak iruditegi berria elikatzeko bidean eta utopia kolektiboaren eraikitze gaitasunean? Nahikoa al da irudikatzearekin? Galderaz hausnartu nahi duen jardunaldia egingo da martxoan, hitzaldi eta tailer formatuetan.
Horrekin batera, denboraren ardatza oinarrian izango duten laborategiek osatuko dituzte bestelako proposamenetako batzuk. Zein dira etorkizuna ‘iragartzeko’ euskal metodologia anzestralak? Galderaren bueltan laborategia jarriko da martxan, eta itzulpenarekin esperimentatzeko aukera ireki nahi du laborategiak ere. Bisita gidatuak egongo dira komisariotza eta artista taldearen eskutik. Erakusketa bisitatu zein bisitetan parte hartzeko izen-ematea laister irekiko da.
Proposamenak, orokorrean, publiko orokorrari zuzenduak izango dira, eta zehaztasunak webgunean argiratatuko dira. Era berean, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak, haren esperimentazio izaerari jarraiki, gonbidapena luzatu nahi du programaren baitan txerta daitezkeen proposamenak egiteko; helburu argi batekin, kolektiboan eraikitzea euskarari eta hizkuntza komunitateari lotutako kontakizunak, sinismenak edota diskurtsoak elikatzeko bidea.
Kokapena
Badalab Hizkutza Berrikuntza Laborategia
Madalen Kalea, 27
Errenteria. Gipuzkoa