Etzakit, Markina-Xemein herriko festetan
Data
26.07.18 - 26.07.18
Lekua
Bizkaia - Markina

Urte asko lozorroan izan eta gero, Etzakit taldeak itzulera iragarri zuen pasa den urte amaieran hogei urte baino gehiago agertokietatik kanpo izan eta gero. Urtarrileko lehen egunetan kontzertu gogoangarriak eskaini zituen Oialume biltokia hiru aldiz betez eta sarrera guztiak amaituz.
Uda giroan, berriz, EHZ festibalean eskaini zutena bertan behera geratu zen ekaitzarengatik, eta duela egun gutxi Iruñeako San Fermin jaietan aritu dira Gazteluko plaza betez.
Aste honetan Sopelan aritu dira, eta larunbatean Markina-Xemein herriko jaietan ariko dira zuzenean gaueko 22.30etatik aurrera Zelaian.
90. hamarkadako talde esanguratsuen artean kokatu daiteke Etzakit talde gipuzkoarra. Triki poparen loratzean protagonista izan ziren, eta Gozategi, Alaitz eta Maider edo Maixa eta Ixiarrekin batera urrezko garai bat marraztu zuten, aurretik, Joseba Tapiak zabaldutako bidean beste urrats bat emanez.
bidean maketa bat eta bi disko luze kaleratu zituen laukoteak, denak arrakasta handikoak. Taldearen izen bera eraman zuen debuteko diskoak 1998 urtean ikusi zuen argia, eta bi urte beranduago iritsi zen ‘Goiz edo Noiz’ estudioko bigarrena.
Kantu esanguratsuak
Kantu esanguratsuak utzi zituen bidean Etzakit taldeak Jon Garmendia ‘Txuria’ bertsolariaren hitzak oinarri. Triki doinuak bestelako lekuetara eraman zituen bandak, rockera gerturatuz une batzuetan, eta Karibeko erritmo beroetan sakonduz besteetan, beti ere, borroka eta festa uztartuz abestietan.
‘Izar Iheskorra’, ‘Txikita’, ‘Zergatik ez’ edo ‘Urrun zaren arren’ garaiko soinu banda bilakatu ziren, Txosnagune eta tabernetan etengabe jarriz. Gainera, Etzakit taldeak sortu zuen ere Egin egunkariaren itxieraren aurka egin zen 'Egina' kantua, non Iñigo Muguruza eta Jon Garmendia 'Txuria' izan zituzten lagun taldearen kantu zerrendako ezinbesteko abestia bilakatuz.
Itzulera
Itzulera honetako ‘Hanka-punttetan’ abestia sortu du Etzakitek, non Kristina Solano, Amaia Oreja, Alaitz Telletxea, Maider Zabalegi, Ixiar Oreja, Maixa Lizarribar eta Gozategi taldekoak izan dituzten lagun erromeriak aldarrikatzen dituen kantua alai eta dantzagarrian. Udara honetarako beste bi emanaldi hitzartu dituzte eta Donostiako eta Bilboko jaietan joko dute abuztuan.
Etzakit agertoki gainean da berriz, taldea sortu zuten lau kideak batuz zuzenekoetan. Joan Mari Beasain (gitarra), Ander Barrenetxea (Bateria), Xabi Solano (trikia eta ahotsa) eta Aitor Zabaleta (baxua) berriz elkarrekin dira duela ia 30 urte bezala. Gainera, itzulerako emanaldi bakoitzean haize sekzioa eta gonbidatuak izaten dituzte taula gainean, eta larunbateko emanaldian ere horrela izango da.
Kokapena
plaza
Herriko plaza
Markina. Bizkaia