Euskal emakume artista garaikideen ibilbidea ikusgai EHUn

Data

25.09.30 - 25.10.15

Lekua

Bizkaia - Leioa

Erakusketaren irudia.
Erakusketaren irudia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko Artea, Ikerketa eta Feminismoak ikerketa taldeak (AIFA) Artxiboa Proiektuaren hamargarren urteurrena ospatzen ari da.

Euskal emakume artista garaikideen ibilbidea jaso eta zabaltzen duen biltegia da. Hamarkada hau ospatzeko, AIFek programazio berezia antolatu du. Horren baitan, Arte Ederren Fakultateko Erakusketa Aretoan eta korridoreetan hainbat artelan jarri dira ikusgai urriaren 15era arte.

Aurten, bi artista berri egongo dira artxiboan: Nerea Lekuona eta Txaro Arrazola. «Era honetan, hogeita hamar emakume artista baino gehiagok osatuko dute proiektua», azaldu dute. Urteurrenean, gainera, hitzaldi ziklo bat egingo da urriaren 7an, ikasgeletan ikuspegi feminista txertatzen aitzindari izan diren hiru emakumek emana: Adelina Moya, Lourdes Mendez eta Rosa Maria Andreuk.

Artxibo Proiektuaren ildo nagusietako bat bere web orria da, urtero artistak erregistratzen dituena, grabatuta geratzen diren hitzaldien bidez. Argazkigintzan, pinturan, performancean eta beste diziplina batzuetan zehar ibilbide anitza eskaintzen du.

«Hamargarren urteurrenaren ospakizunak narratiba berriak sortzeko beharra azpimarratzea eta emakume artistei ikusgarritasuna ematea bilatzen du, izan ere, emakume artisten presentzia mendeetan zehar baztertu da artearen historian», diote.

AIFren ustez, Artxibo Proiektua ikerketa, memoria eta kulturaren zabalkunderako tresna bat da, kontakizun tradizionalak zalantzan jartzen eta historiografia bidezkoago eta inklusiboago bat eraikitzen laguntzen duena.

Programazioak Bilboko Rekalde Aretoan jarraituko du 2026an, apirilaren 23tik maiatzaren 14ra, eta bertan, mahainguruak, tailerrak eta saioak egingo dira, artistek euskal artearen historiografian duten zereginari buruzko gogoeta zabaltzeko.

Inaugurazio ekitaldian, irailaren 30ean Artxibo Proiektuaren parte diren artisten 29 bideoak ikusi ahal izango ziren, eta obren erreprodukzioak fakultate osoan nola geratu diren erakutsi.

 

Kokapena

Arte Eder Fakultatea
Sarriena auzoa z/g
Leioa. Bizkaia