Euskal Herria Zuzenean, hiru egunez kultur sorkuntzaz gozatu munduari leihoa irekiz

Data

23.06.30 - 23.07.02

Lekua

Nafarroa Beherea - Irisarri

Giro onean egin zen iaz jaialdia.
Giro onean egin zen iaz jaialdia. (Patxi BELTZAIZ)

Irisarri azken prestakizunetan da ekainaren 30etik uztailaren 2ra EHZ jaialdia hartzeko. Azken aldia izango da jaialdia bertan egingo dena, asteazken honetan iragarri moduan. Sortzaileentzat erakusleiho aparta da eta kontzertuak, animazioak... haur, gazte zein helduk izango dute non gozatua. Munduari leihoa ireki eta inguratzen gaituen errealitateari ere erreparatuko zaio, hausnarketari bide eginez.

«Belaunaldi eta gustu guztiei zuzendutako kalitatezko eskaintza oparoa» prestatzea  izan dute helburu antolatzaileek edizio honetan.
 
Zuzeneko musika emanaldiei dagokienez Habia, Muare, Liher, J Martina, Kuma No Motor, Willis Drummond, François del mundo, Mandarine, Belako, Akts eta Madmadmad igoko dira agertokira lehen egunean, ostiralean.

Hurrengo egunean Alarma Morea, MICE, Dia DJ’s, Billie Brelok, Ixabe, Arima, Ada Oda, Nize, Gatibu, Aho Zakil Konekxion, Zetak, Ztah, Krav Boca eta Vapa taldeek hartuko diete lekukoa. Atzarbale, Afrika Bibang, Daudane, Sofa, Kolinga, Pisoo & OPH, Kristonak, Estelle. D, Soulfly eta FM Belfast taldeen partehartzearekin esango du agur jaialdiak.

Animazioak plazan

Irisarriko plazan hainbat ikuskizun izango dira. Larunbatean Otxo bikoteak irekiko du eguna. Ondotik Bertso poteoa-k herriko plaza errimaz koloreztatuko du, Txiki bakarkako humoristak eszena hartu aurretik. Hika Teatroa & Oinkari-k dantza eta antzerki ikuskizuna eskainiko dute arratsaldez eta Ipar Euskal Herriko hainbat raplari biltzen dituen RTZ kolektiboak saioa emango du zuzenean. Tartean, Ixtaklok eta Zozongo txarangek eguna alaituko dute. Igandean, berriz, Eguna Zigante eta Gaiteroekin hasiko da. Txingili’k taldeak ‘Lehen txinka’ ikusgarria eskainiko digu eta dantzarekin segitzeko Ertza konpaniak ‘Otempodiz’ sorkuntza berria eramango du plazara.Horrez gain arratsalde bukaeran Bilabal-ko musikariek animatuko dute dantzaldia. Eta gainera, Cumbiam’bero-k, Txaranga Jaiak, Goxua’n salsa-k, Patxarangak eta Bahez taldeek plaza girotuko dute egun osoan.

Urtero bezala, Euskal Herriko Laborantxa Ganbarak (EHLG) EHZ-ko zikiro tradizionala egingo du Irisarriko Airoski gelan.

Antzerki gunea Bada berrikuntzarik aurten. Antzerki gune berezia prestatu baitute. Larunbatean Cie ZeC zirko konpainiak ‘Segime’ sorkuntza eskainiko du eta igandean Tartean teatroak ‘Ez dok ero’ ikuskizuna.

Etxeko txikienek egitarau berezia izango dute Haurren Xokoan. Gaia elkarteak jokoak animatuko ditu larunbatean eta igandean Oreka zirko elkarteak tailer bat emango du. Egun guztian zehar puzgarriak, egurrezko jokoak eta beste hainbat animazio izango dira bertan

Zer pentsa

EHZ jaialdiak, euskal taldeen sorkuntza lanak bertatik bertara ezagutzearekin batera, hausnarketa du ardatz. Ospitalea eraikinean hainbat erronken inguruan eztabaida eta mintzaldiak antolatuko dira. «Egunero bizitzen ditugun problematikei buruz gogoetatu ahal izateko gunea da gure festibala –antolatzaileen esanetan–. Horregatik, elkar trukaketa eta hausnarketa aldia ahalbidetuko duen gune eta tarte bat proposatzen ditugu, eduki politikoari garrantzia nabarmena eskainiz eta formakuntza eskaintza zabal eta aberatsa proposatuz».

Eskaintza politikoak lehentasunezko tokia du egitarauan: tailerrak, hitzaldiak, mahainguruak... Bost gai nagusi jorratuko dira aurten, eta «formakuntza eta hausnarketarako momentu bat eskainia izanen zaio parte hartzaile orori, elgarrekin gogoetatuz eta jakintza teoriko zein praktikoak partekatuz. Kontsumitze soiletik harago, festibalariak aktore bilakatzea dugu xede, interakzioa piztu eta bere parte hartzearen bidez ekarpenak egitea sustatuz».

Euskararen aldeko borrokak suspertzeko ekintzak izango dituzte hizpide. Euskaltzale gisa, zer egin dezakegu konkretuki gure hizkuntzari zentraltasun gehiago emateko? Ze lotura dago euskararen aldeko borroka eta mundu hobe baten aldeko borroken artean? Zein lotura munduko hizkuntza zapalduen artean? Nola pasa diagnostikotik ekintza zuzenera?, dira mahai gainean jarriko diren galderetako batzuk.

Energia, kalitatezko elikadura eskuragarri izateko beharra, frantziar Estatuko azken zazpi urteotako borroka sozialak eta errepresioaren lekukotasunak bezalako gaiak ere jorratuko dira.  

Kurdistanera begira ere jarriko dira Berivan Firat militante politiko kurdoaren eskutik. «Gazte gaztetik demokraziaren alde, emazte kurdoen eskubide eta askapenaren alde borrokatu da. Rojavaren alde egin duen lanagatik ere egin da ezagun. PKKn zen bere semea galdu du, Daeshen kontrako borrokan. Orain, frantziar Estatuko Kontseilu Demokratiko Kurdoaren kanpo harremanen boz eramailea da. Kurdistango egoeraz, Rojavaz eta hango borrokaz atera daitezkeen irakaspenez arituko da hitzaldian», iragarri dute. Ukrainak bizi duen egoerari ere jarriko zaio fokua antolatu diren saioetan.

Akanpalekua

Lo egiteko aukera izango da akanpalekuan, doan. «Soilik festibaleko pass-a ukanen duteneri idekia izanen da. Laguntzaileei bereziki zuzendua izanen zaien beste akanpaleku bat izanen da ere. Bertan, aparkalekuak aurreikusiak dira ehunka autorentzat, doan, eta aparkaleku berezi bat izanen da furgonetentzat», argitu dute antolakuntzatik.

Ostatua, trafiko zirkulazioa, jatorduak, segurtasuna, brigada berdea... urtero bezala, ehunka laguntzaile lanpostu ezberdinetan txandakatuko dira festibala aurrera ateratzeko. Bestela ezin. Denen beharra dutela aipatu dute antolatzaileek. Izan ere, EHZ ez da bakarrik hiru egunetara mugatzen. Gunearen muntaketa prestaketak hasiak dira eta beso zabalik hartuko dituzte laguntzaileak. «Auzolana, elkarlana eta engaiamendu militantea EHZren oinarrizko  baloreak dira», nabarmendu dute sustatzaileek.

Aipagarria da aurten Ipar Euskal Herriko leku ezberdinetatik autobusak antolatu direla. Maule, Garazi, Baiona eta Hendaiatik, hain zuzen ere. Txartelak webgunean salgai dira 6 eurotan.

Hiru eguneko sarrerak eta egunez eguneko sarrerak eskura daitezke, aurrez 60 eurotan webgunean. Irisarrin bertan 65 eurotan eskuratu ahal izango dira. Berdin eguneko sarrerak ere.

Kokapena

Irisarri
Irisarri
Irisarri. Nafarroa Beherea