Sol Band taldeak Gazaren ahotsa ekarriko du Maite Zaitut jaialdira
Data
25.05.03
Lekua
Bizkaia - Barakaldo

Sol Band musika talde palestinarra Barakaldoko Bizkaia Arenan izango da maiatzaren 3an. «Gazaren ahotsa ekarriko dute Maite Zaitut jaialdira, beren herria sufritzen ari den zapalkuntzaren erdian, erresistentziaren eta erresilientziaren taupada eta doinua ekarriko dituzte herri omenaldira», esan dute jaialdiaren sustatzaileek.
Maiatzaren 3an Barakaldoko Bizkaia Arena BEC!en izango den herri omenaldiak aparta izateko osagai guztiak dauzka euren esanetan. «200 parte hartzaile baino gehiagok josiko dute emanaldia eta azken ekarpen bat ere izango da: Gazako Sol Band musika taldea. Hortaz, Gazaren ahotsa entzun ahal izango da Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoen omenaldian. Hiru hamarkadatik gorako bidean pailazoek oso presente izan dituzte munduko haurrak, munduko loreak, baita palestinarrak ere. Hartara, beren omenaldian Palestinak toki propioa izango du», diote.
Sol Band 2012an sortu zen Gazan, itxaropenaren eta sormenaren sinbolo gisa. Bertan sortutako eta hazitako musikarien proiektua da, folk palestinarra eta pop garaikidea uztartzen ditu, eta bere musikak blokeoaren oztopoak gainditu ditu Gazan. «Baina 2023ko urriaren 7ak mugarri bat jarri zuen palestinarren bizitzan eta baita Sol Banden bidean ere. Dagoeneko ez dira abeslariak edo musika-banda bat bakarrik, mezu bat daukate: ’Gertatzen dena munduari kontatu nahi diogu. Gure herria bonbardaketen pean dago, eta kontatu egin behar dugu’», gaineratu dute.
Sol Band-eko musikariek Gazan hilabeteak eman zituzten Israelen erasoen pean. Genozidioa sareetan dokumentatu, abestiak grabatu eta haur errefuxiatuei lagundu zieten. «Sol Bandek zerrenda barrutik kontatu zuen bizitzen ari zirena eta laguntza eskatu zuen egoera latz horretan. Heriotza, hondamena, gosea, bereizi gabeko bonbardaketak eta desplazamendu behartuak eguneroko ogi bihurtu direnean, lan garrantzitsua egin du Sol Bandek haurrak zaintzeko eta zoriontasun dosiak eramateko haien egunerokora. Gazan bonbardaketak etengabeak izan arren, kantuak grabatu dituzte bertatik eta hain juxtu kantu horietako bat ekarriko dute Maite Zaitut jaialdira: Nire umeak txoriak dira zeruan. Gazan sortu eta grabatutako abestia da, bonben pean, eta eraildako haurrak ditu gogoan», jarraitu dute.
Sol Bandeko kideek Gazatik ateratzea lortu zuten pasa den apirilean, lehenik Kairora eta ondoren Qatarrera, erresilientzia-mezu bat partekatzeko eta musikaren bidez palestinarren egoeraren ahots bihurtzeko. «Taldeko
zuzendari-artistikoa eta bideoklipen egilea, Saadi Mdoukh, Gazan geratu zen eta pasa den uztailean jaso zuten bere heriotzaren berri latza. Barakaldora ekarriko duten abestiaren bideoklipa Saadi Mdoukhek berak zuzendu zuen. Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek guztiok kabitzeko moduko mundua amesten dute. Palestina ere bada mundu horren parte eta Barakaldon bere ahotsa entzungo da», adierazi dute.
Festa handia
Euskal Herritik bildutako milaka pertsonek ‘Maite zaitugu’ esango diete Pirritx, Porrotx eta Marimototsi. ‘Maite zaitugu’ eta ‘eskerrik asko’. Herri omenaldia maiatzaren 3an egingo da Barakaldoko BECen, 17.00etatik aurrera eta, gerturatzen ari denean, herri omenaldiaren taupada dagoeneko sumatu daiteke.
Euskal Herriko hainbat erakunde, enpresa, eragil eta hedabideek babesa agertu diote jaialdiari.
Hilabete baino gutxiago falta denean harmailak dagoeneko beteta daude. Hala ere, oraindik bada aukera herri momentu ederraz pistan gozatzeko. Sarrerak www.nikeremaitezaitut.eus webgunean eskuratu daitezke.
BECeko pista herriko plaza bihurtuko baita, egokia adin guztietako herritarrentzat. Dantza, kanta eta salto, emanaldiak indar berezia hartuko du pistan eta ez da sorpresarik faltako. Behin bakarrik gertatuko den herri omenaldiak marka berezia utzi nahi du bertaratzen direnengan eta dagoeneko sumatu daiteke herri momentu eder horren taupada.
Dantzak, abestiek eta sorpresek aginduko dute pistan. Xabi Solano, Lide Hernando, Oreka TX eta Verdini dantza taldea ere jaira batu dira. Guztira 200 parte hartzaile baino gehiago izango dira.
Musika, dantza, zirkua eta beste hainbat arte diziplinak bat egingo dute agertokian, «pailazoek urtetan eta urtetan eskaini diguten soinu-banda abiapuntu hartuta». Sustatzaileek.14.000 pertsona biltzea espero dute.
Euskal Herriko goi mailako musikariek, abeslariek, bertsolariek, artista plastikoek, zirkuko profesionalek... jarriko diote arima herri oso baten sentipenari oholtza gainekoan. Zerrendara batu diren azkenak Oreka TX, Xabi Solano, Lide Hernando eta Verdini dantza taldea izan dira. Guztira 200 pertsonak baino gehiagok parte hartuko dute omenaldian.
Maila artistiko handiko emanaldia izango da eta oinarria zuzeneko musika izango da.
Xabi Zabalak zuzendutako dozena bat musikari arituko dira uneoro zuzenean, guztiak puntako profesionalak. Zabala bera pianoan eta akordeoian arituko da; Igor Telletxea baterian eta kajoian; Ruben Caballero eta Urbil Artola, gitarrekin; Ritxi Salaberria, baxuan; Pirata, Ion Viejo eta Diego Martinez haizezko instrumentuekin. Horiez gain, hari laukote batez ere gozatu ahal izango da; Jurdana Otxoa eta Areta Senosiain biolinekin, Iraide Sarria biolarekin eta Pello Ramirez biolontxeloarekin.
Formaz ederra eta mamiz zaindua izango da herri omenaldia. Ez alferrik Euskal Herriko letragile onenak aritu dira urteotan pailazoekin elkarlanean. Hartara, nabarmentzekoa da herri omenaldian parte hartuko duten bertsolarien maila, ez bertsotan bakarrik, baita letragintzan ere: Maialen Lujanbio, Jon Maia, Igor Elortza, Amets Arzallus, Uxue Alberdi, Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Miren Amuriza, Aner Peritz, Irati Alcantarilla. Beste askotan bezala, berriz ere asmatuko dute bertsolariek herri oso baten sentipenei hitz egokiak janzten.
Abesti mitikoak
Ikuskizunaren eszenaratzea eta gidoia osatzeko unea da orain. Ane Labaka gidoilariak iragarri du «abesti mitikoak» oholtzaratuko dituztela eta, esaterako, ‘Musua’, ‘Amona Maria Luisa’ eta ‘Maite zaitut’ doinuak iritsiko direla ikus-entzule guztien belarrietara. «Bistan da, parte hartzaileen aniztasunak eta hautatutako abestiek belaunaldien arteko hari bilakatuko dutela Pirritx, Porrotx eta Marimototsi eskainitako omenaldia», esan dute.
Pailazoen historiaren lekukotasunak biltzeko deia ere egin dute antolatzaileek, hitzorduari begira. «Ia guztiok daukagu txikitako argazkiren bat beraiekin, eta 37 urteko ibilbidean zenbat bihotzetan sartu diren erakutsi nahi diegu, BEC!-en argazki horiek guztiak plazaratuz. Gaurtik aurrera eta festa erraldoia hurbildu bitarte, herritarrek aukera izango dute, garaiak garai eta urteak urte, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin nahiz Katxiporretaren unibertsoko edozein elementurekin dituzten argazkiak webgunera bidaltzeko», kontatu du Godoyek.
Herri giroan
Familia handia dute inguruan Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Lagunez eta hainbat partehartzailez beteta zegoen Jalgi tabernan aurkeztu zuten joan den azaroan ekitaldia. Ondoren, plazan bildu ziren prentsaurrekoaren ondoren familia argazki koloretsu eta alaia egiteko.
Ideia xume batetik hasi eta bidean handituz joan den egitasmoa da BECek hartuko duena. Bi hamarkada joan dira euskal herritarrengana –«euskal irrritarrak», sustatzaileen esanetan– iritsi den ‘Maite zaitut’ kantuak argia ikusi zuenetik.
«Behin batean, maitatzen zekien herriari ‘maite zaitut’ esaten irakatsi zioten Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek. Orain, ereserki bilakatutako abestiak hogei urte beteko dituenean, merezitako ‘maite zaitut’ ozena eskaintzeko herri omenaldi bat antolatu dugu. Nork bere bizipenak izan ditu pailazoekin, eta guztiek osatzen dute irrien herria. Elkarrekin esan nahi diegu ‘maite zaitut’ hala esaten irakatsi zigutenei», adierazi zuten.
Esku askotara jositako ikuskizun hunkigarri eta dibertigarria izan dadin espero dute sustatzaileek. «Denok haur bilakatzea izango da helburua, sudur gorria jantzi eta pailazoen unibertso magikora jauzi egiteko», gaineratu zuten.
«Pribilegioa»
Pailazoekin bizipen desberdinak izan dituen adin desberdineko herritar talde batek osatu du Maite Zaitut Kultur Elkartea, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi Euskal Herri mailako omenaldi bat egiteko proposamena luzatuz.
«Esan ote diegu nolako pribilegioa daukan Euskal Herriak haiekin? Segur aski ez diegu esan merezi duten moduan, merezi bezain ozen», galdera airean utzi zuten. «Izan ere, 1987an –egoera soziolinguistiko eta helburu jakinekin– beraien ibilbideari ekin ziotenetik, Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek belaunaldi askori utzi diote arrastoa bidean, jendarte oso bat eraikitzeko oinarri eta zimenduak jarriz. Euskarara etorri direnei beso-zabalik, pertsonak lehenetsi dituzte beti mapen aurrean, eta aniztasunaren bandera guztiak haizatu, tinko», nabarmendu zuten.
Katxiporretako pailazoek mundu-ikuskera bat landu dute urte hauetan guztietan, haien pertsonaia eta ikuskizunen bitartez pailazogintza irauliz. Eta, gaztetxoenak munduari begiratzeko modu horretan hezteko aitzakian, tresna eraldatzaile eta pedagokiko bilakatu dira helduentzat ere, antolatzaileen esanetan.
Pailazoen ausardia nabarmendu zuen Amagoia Mujika, Maite Zaitut Kultur Elkarteko partaideak: «Poz eta min, bizitzari kantatzen ausartu dira. Minbiziari ere abestu diote. Munduan ba al dago beste pailazo talderik minbiziari kantatzera ausartu denik?».
«Hori guztia bada nahikoa ekarpen, tamaina bereko eskertza bat gorpuzteko eta, haiek askotan abestu duten moduan, ‘eman eta jaso’ logikari modu kolektiboan erantzuteko. Horregatik, maiatzeko hitzordu berezi horretara den-denak bertaratzea nahi da: haurrak, gazteak, helduak, zaharrak, familiak, norbanakoak, bikoteak, hirukoteak, lagun-taldeak, lankideak, ikaskideak, bizilagunak… Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek arrastoren bat utzi dietela sentitzen duten guztientzako lekua izango da bertan: 14.000 bihotz elkarrekin, taupa-taupa», adierazi zuen.
Kokapena
BEC
Azkue Kalea,1
Barakaldo. Bizkaia