‘EzBerdin Berdinak’, euskal identitate garaikidea birpentsatzeko gonbidapena
Data
25.10.24 - 25.12.20
Lekua
Bizkaia - Bilbo

Euskal identitate garaikidea birpentsatzeko esperientzia artistiko eta parte-hartzaile gisa aurkeztu duten ‘EzBerdin Berdinak’, Eusko Ikaskuntzak sustatuta, diziplina ezberdinetako sortzaile eta artistekin osatu dute ikuskizun berezia. Aurkezpenean «esperientzia» bezala aurkeztu dute, identitatearen, elkarbizitzaren, euskararen eta beste hainbat ardatzen inguruko hausnarketa sustatu nahi duena, hainbat galdera ekarriz mahai gainera: «Nola hitz egiten dute tradizioak eta modernitateak, belaunaldiek eta lurraldeek? Zer egiteko dute euskarak eta kulturak gizarte plural eta aldakor batean?», jarri dute adibidea.
Dantza garaikidea eta tradizionala, bertsolaritza, antzerkia eta zuzeneko musikak (txalaparta, rapa eta elektronika) uztartuko ditu proposamenak, «estiloen eta diziplinen arteko fusioa, indarra eta emozioa» transmitituz, «bai eta aniztasuna sortzetik eta euskaratik naturaltasun osoz batzeko gaitasun ikaragarria» ere. Besteak beste, Odei Barroso, La Furia, Leire Vargas, Mixel Etxekopar, Sabin Bikandi, La Pulga edo Jesus Herrera izango dira saioetan, Kukai Dantzarekin batera.
Aurkezpenean Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusia den Iñaki Zabaletak azaldu ditu ekimenaren helburuak: «Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren legatu gogoetatsuari zabalkundea eta jarraipena eman nahi diogu». Kongresu horrek, 2024ean, hizkuntza artistikoari helarazi zizkion identitateari, euskarari, aniztasunari eta etorkizun partekatuari buruzko gogoetak, ikuspegi ireki eta inklusibo batetik. Zentzu horretan, Arteak gizartea eraldatzeko duen gaitasuna azpimarratu du: «Euskal nortasunari buruzko hausnarketa kolektiboa sustatu nahi da, euskal kulturan oinarritutako proposamen artistiko berritzaile batetik abiatuta, belaunaldien arteko elkarrizketa eta lurralde-kohesioa bultzatuz», gaineratu du Zabaletak.
Egutegia eta sarrerak
Zazpi saiotako bira bat izango da, urriaren 24 eta 25ean abiatuko dena Bilbon, EITBren egoitzako 5. platoan, 19.00etan. Iruñean jarraituko du azaroaren 8an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko frontoian, 18.00etan. Ondoren, proiektua Donibane-Garaziko Jaï Alaï trinketera helduko da azaroaren 28an, eta abenduaren 12an Gasteizko Europa jauregira, 19.00etan. Bira Donostian amaituko da, abenduaren 19an eta 20an, Tabakalerako patioan, 19.00etan baita ere. Aipatzekoa da urriaren 25ean Bilbon, azaroaren 28an Donibane Garazin eta abenduaren 20an Donostian izango diren saioek formatu laburragoa izango dutela.
Sarrerak eskuragarri daude jada Eusko Ikaskuntzaren webgunean, non hitzordu bakoitzari buruzko informazio praktikoa ere eskaintzen den.
7 saio esklusibo izango dira soilik eta prezio orokorra 18 eurokoa da, baina tarifa murriztua 15 eurokoa izango da urriaren 17a baino lehen egindako erosketetarako. Eusko Ikaskuntzako bazkideek 9 euroko prezio berezia izango dute, 5 eurokoa izango dena urriaren 17ra arte.
Kokapena
EITBren egoitza
Capuchinos de Basurtu Kalea, 2
Bilbo. Bizkaia