Fernando Beorleguiren atzera begirakoa Durangoko Arte eta Historia Museoan
Data
25.03.03 - 25.06.01
Lekua
Bizkaia - Durango

Fernando Beorleguiren erakusketak ateak ireki ditu Durangoko Arte eta Historia Museoan. Erakusketak 1976tik 1996ra bitarteko lanen aukeraketa euskal plastika garaikidean eragin handiena duen artistetako bat omentzen du. Ekainaren 1era bitarte egongo da ikusgai.
‘Solstizio Solar’ erakusketa esanguratsua aurkeztu zenetik 24 urte igaro direnean Fernando Beorleguiren obra Durangoko museora itzuli da, eta oraingoan, bilduma pribatuetatik jasotako 30 bat piezaz osatutako erakusketa zabala aurkezten da, haien jabeei esker.
Erakusketa honek 1976 eta 1996 urteen arteko ibilbide artistikoaren ikuspegi kronologikoa eskaintzen du, artista honen garapenean funtsezko aldia izan zen hori. «Bi hamarkada horietan, Beorleguik teknika eta materialekin esperimentatu zuen, eta pintura pertsonalago eta helduago bat garatu zuen, gizartearen miseria, indarkeria eta abandonuaren aurkako kritika sozial argiarekin. Tenple-pinturaren bidez egindako esplorazioa, egurrez, sare metalikoz eta hondakin-materialez egindako eskulturak, eta grabatuaren munduan murgiltzea izan ziren bere adierazpen plastiko konprometitu eta bereziaren ezaugarriak», adierazi dute museoaren arduradunek.
Erakusketak bi atal nagusi ditu. Lehenengoak formatu ertain eta txikiko oihalak biltzen ditu, garaiko eragin artistikoak islatzen dituztenak eta Beorleguik hauek bere estilo pertsonalarekin berrinterpretatzeko izan zuen gaitasuna erakusten dutenak.
Bigarren atala, berriz, bere grabatu-lan oparoari eskainia dago. «Bertan nabarmentzen dira hainbat serie esanguratsu: ‘Tauromágias’, ‘Fiesta’, ‘Jerarcas’, ‘Gigantes’ eta ‘Fábula’. Pieza horien bidez ikusleek artista honen sormen prozesua ezagutu eta teknika tradizionalekin, besteak beste, xilografia, kalkografia, burila eta aguafortea izan zuen harremana ulertzeko aukera dute», kontatu dute museotik.
Erakusketak Beorleguiren unibertsoa lehen eskutik ezagutzeko, haren bilakaera artistikoa ulertzeko eta bere ondareaz gogoeta egiteko aukera ematen du. Halaber, Durangoko Arte eta Historia Museoaren papera azpimarratu du euskal ondare artistikoaren zaintza eta zabalkundean, eta Beorleguiren figura arte garaikideko historian ezinbesteko gisa berresten du.
«Durangorentzat harro egoteko modukoa da Fernando Beorleguiren lana berriro hartzea, haren ibilbideak arrasto sakona utzi baitu euskal arte garaikidean», adierazi du Paule Sánchez Kultura zinegotziak. «Erakusketa honek, bere sormen unibertsoa berraurkitzeaz gain, herritarrak begirada kritiko eta konprometitu batera hurbiltzeko aukera ematen du, eta horrek gaur egun indarrean jarraitzen du. Udalak gure historia kulturalan eragin duten artisten talentuari balioa ematearen alde egiten jarraitzen du, eta Arte eta Historia Museoa espazio bizia eta guztiontzat irisgarria izatearen alde».
Erakusketa ekainaren 1era arte egongo da zabalik, eta sarrera doakoa da. Museoak Durangoko eta inguruko herritar guztiak gonbidatzen ditu esperientzia kultural esanguratsu eta irisgarri honetaz gozatzera.
Ordutegia:
Asteartetik ostiralera: 10.00 - 13.00 / 17.00 - 20.00
Larunbatak: 11.00 -14.00 / 17.00 - 20.00
Igandeak: 11.00 -14.00
Sarrera doan.
Kokapena
Arte eta Historia Museoa
San Agustinalde, 16
Durango. Bizkaia