Gatiburekin batera, The Uski's eta Pary&Tiza Azken Zoramena jaialdian

Data

25.06.07

Lekua

Bizkaia - Gernika

Gatibu taldea agur esatera doa.
Gatibu taldea agur esatera doa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Azken Zoramena jaialdiaren kartela iragarri du astelehen honetan Gatibu taldeak. San Kristobal aparkalekuan kokatuko den kontzertugunearen ateak 18.20ean irekiko dira ekainaren 7an.

Lehenengo hitzordua 17.30ean izango da Gatibufonia ikuskizun sinfonikoarekin. Gernikako Segundo Olaeta Musika Bandaren eskutik. Gatiburen abestien moldaketa sinfonikoa eskainiko du San Kristobal auzoko plazan, kontzertugunetik hurbil. 45 musikarik osatzen dute banda eta euren soinu sinfonikoa gitarra, baxu elektriko eta abestilariekin uztartuko dute. «Artur Sustatxaren gidaritzapean, Gatiburen ibilbidea laburbiltzen duen errepertorio berezia prestatu dute», adierazi dute.

«Gatibuz gain oholtzatik igaroko dira The Uski's, Ibarrangeluko eta Elantxobeko kideek osatutako rock taldea, rurf rocka eta pop-a uztartzen dituen Busturialdeko talde ganberro eta esanguratsuenetakoa. Altxaporru, erromeria talde bizkaitarrak, berriz, jai giroa ziurtatuko di bere zuzeneko dantzagarriarekin. Gauari amaiera emango diote Pary&Tiza musika jartzaile bikote zornotzarrak, erritmo bizi eta dantzagarrien bidez gaua borobiltzeko», iragarri dute.

Musikaz gain, jan-edan eskaintza berezia ere izango da. Baserritik Gernikara elkartea arduratuko da janari eskaintzaz jaialdiaren egunean. Tokiko ekoizleen produktuekin egindako burritoak jan ahal izango dira. Gure baserrietako produktuak eta Mexikoko gastronomiaren zaporeak uztartuko dituzte.

‘Agur Esan Barik’ bira

2025ean Gatibuk egingo duen ‘Agur Esan Barik’ biran toki bat faltan botatzen genuen, Gernika. «Agur hau zoramen hutsa izatea» espero du taldeak.

25 urteko ibilbide oparoaren ondoren, Gatibu taldeak agur esango du datorren urtean. Otsailean hasiko da ia urte osora luzatuko den ‘Agur Esan Barik’ bira eta, udazkenean Madril eta Bartzelonatik pasatu ondoren, BEC-en emango diote bukaera, abenduaren 6, 12 eta 13rako lotuta dituzten kontzertuekin.

Data berri bat, eta oso berezia, iragarri dute asteazkenean. Astrako parkinga Gernikako erdigunearekin lotzen duen zubia aukeratu dute Gatibuk eta Gernikako Haizeberri elkarteak ‘Azken zoramena’ izena jarri dioten kontzertu bereziaren berri emateko.

BEC hiru aldiz betetzea ez da lan makala. Eta beraien herriari agur esateko orduan, jasotako babesaren aitormena egiteak musiko honen dotoretasuna erakusten du. «Herriak ematen digun kariño eta maitasun guztia itzultzeko ordua dela pentsatu dugu, gainera herrian jo ditugu pilo bat kontzertu era desberdinetakoak eta beti zoramen hutsa izan dira –aitortu du Haimar Arejitak–. Herritik babesa jaso dugu eta azken kontzertua zoramena izatea nahi dugu, horregatik ‘Zoramena’ izena, gure lehenengo diskoaren izena delako eta nahi dugulako azken despedida herriarekin zoramen hutsa izatea, sentimenduz beteta eta jai giroan».

Sustraietara itzultzeak

Gernikan eskainiko duten azken kontzertua izanik, emanaldiak dimentsio berezia hartuko du, Gatibu bere sustraiei eta hasierei keinua egingo den errepertorio berezia prestatzen ari baita. Lehenengo zatian, taldearen lehen hiru diskoak izango dira ardatz: ‘Zoramena’, ‘Disko Infernu’ eta ‘Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik’, hau da, Gatiburen alderik rockeroena erakusten dutenak.

Kantu horiez gain, abesti arrakastatsuak edo hit-ak ere ez dira faltako. Beraz, kontzertu bakarra eta errepikaezina izango da. Alex Sarduik hori egiaztatu du: «Kontzertu desberdina izango da, kañeroa eta errepertorioaren aldetik pixka bat desberdina izango da. Egingo dira hit-ak, baina nahi izan dugu gure hasierara itzultzea. Animatu zaitezte, hemen egurra egongo delako!».

Astrako parkinga leku egokia da mota honelako kontzertu baterako, Gernikatik kanpo datorren jendearentzat ere kokapen aproposa da, tren eta autobus geltokiak gertu dituelako. Baina festa, antza, arratsaldean hasiko da.

Garazi Llonak, Haziberri elkarteko kideak aipatu duenez, «eguna borobiltzeko asmoarekin Gatibutik aparte, arratsaldetik hasi eta gauera arte egitarau berezi bat prestatzen ari gara. Kartel osoa otsailean edo martxoan aterako da».

Sarrerak (30 euro) salgai daude webgunean, eta paperean, euskarri fisikoan Gernikako Turismo Bulegoan.

Kokapena

San Kristobal auzoa
San Kristobal auzoa
Gernika. Bizkaia