Trikua eta euskal sormenarekiko gosea esnatuko ditu martxoan Bilboko Loraldia festibalak

Data

25.03.10 - 25.03.30

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Babesleake ta antolatzaileak, asteartean egindako aurkezpenean.
Babesleak eta antolatzaileak, asteartean egindako aurkezpenean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Loraldia festibala bere 11. aldia abiatzear da, ekoizpen propio eta proposamen berritzaile anitzekin eta, baita ere, bere lehengo sould out-arekin: Gorka Urbizuk Arriaga antzokian martxoaren 30ean emango duen kontzerturako sarrerak ziztu bizian saldu direlako, jaialdia bera hasi aurretik. ‘Goroldiorik ez’ ibilbide gidatuarentzat (martxoak 22) ia agortzear daude sarrerak, baita Maite Arroitajauregi Mursegok Bidebarrieta liburutegian (martxoak 14) Markos Gimenoren palindromoen inguruan eskainiko duen ‘Sukramarkus’ performance-arentzat beste hainbeste.

Martxoaren 10etik 30era Bilboko kultur-espazio nagusietan garatuko da aurtengo Loraldiaren edizioa, hamaikagarrena, aurten ere NAIZen babesa izango duena. Bilboko Udalaren, Bizkaiko Diputazioaren eta Lakuaren laguntza jasotzen du ere erreferente bihurtu den jaialdi honek, aurten 260.000 euroko aurrekontua izango duenak. Xehetasun guztiak Loraldiaren web orrialdean dituzue.

Hau ez baita festibal soil bat, euskal kulturaren transmisioa eta berrikuntza sustatzeko sortutako plataforma bat baizik, gure kulturaren ikusgarritasuna areagotu eta publiko anitz eta zabal bat erakartzeko asmoarekin sortua, euskaldunak eta ez-euskaldunak barne. Bilbo euskal kulturaren hirigune bihurtu nahi dute hiru asteetan zehar. 

Aurtengo lemak, ‘Trikua esnatu da’, Bernardo Atxagaren metaforan du sustraia. Trikua udaberriro esnatzen den legez, Bilbon Loraldia esnatzen baita. Eta trikuak badu euskararen egoerarekin paralelismoa, Imanol Agirrek, Loraldiako programatzaile kulturalak aipatu duen bezala: «Hemen, Bilbon, euskal hirian, trikuak leku bat merezi du, babesleku bat. Noizko ekosistema emankor eta osasuntsu bat trikuarentzat? Noizko paisaia eder bat trikua eroso bizitzeko? Noizko animalia zaurgarri honek merezi duen errespetua? Bada, Bilbon zein Euskal Herrian 11 galdera dabiltza hegan. Hiru aste falta dira udaberriko festibalari leihoa zabaltzeko eta trikua esnatuko da martxoaren 10tik 30era. Hiru astez, trikuak Korintio eta Espartako gerlari bat bezalaxe, Bilboko txoko nabarmenetakoak hartuko ditu: Arriagatik Euskaldunara; Biratik Arraitzmendi tontorrera, oztopo guztien gainetik eta zeru guztien azpitik, trikua eder, ikusgarri, zirraragarri biziko da». 

Zer aukeratu?

Hitzordu interesgarriez beteta dator aurten jaialdia: ehun bat sortzailek 29 ekintza burutuko dituzte edizio honetan. Musika egongo da, ibilbideak, literatura edo bertsolaritzari buruzko mintzaldiak, zinema... diziplina guztiak bila daitezke, guztiak euskararen unibertsoan sortuak. Ekoizpen propioei edo Loraldiak bultzatutako ekitaldiei dagokienez, ‘Mila esker, Jonan Ordorika’ (martxoak 12) izango da agian berezienetako bat, ezustean zendu zen musika teknikari ezaguna omenduko baitu euskal kulturak. Arriaga antzokian egingo den kontzertu handi honek, euskal musikaren zenbait erreferente bilduko ditu: Hiru Truku, Anari, Mice, Tapia eta Leturia eta Rafa Rueda.

‘Xiberoa kantuz loraturik’ (martxoak 13), Arriaga antzokian ere, Loraldiaren ekoizpen propioa da eta NAIZen babesarekin egingo da. Zuberoako kantu tradizionalaren eta garaikidetasunaren arteko lotura ikertuko dute Maddi Oihenartek, Beñat Achiaryk, Ihitz Iriartek, Julen Achiaryk, Mixel Etxekoparrek, Elianek Héguiaphalek, Pierre Visslerrek eta Jordi Cassagnek. Honi buruzko dokumentala eskainiko da emanaldian bertan.

Musikarekin jarraituta, hemen beste zertzelada batzuk: aurten Loraldia Sociedad Filarmonica de Bilbaora helduko da lehen aldiz (martxoak 20) ‘Pause’-rekin –Xabi Zeberio, Iñar Sastre, Eñaut Zubizarreta eta Aitor Etxebarria–; Idoia Tapiak (Skabidean ohiak) bere lehen performancea aurkeztuko du Bloñ taldearekin batera (martxoak 21, Itsasmuseumen); Judi Neddermann kataluniarrak hainbat euskal emakume musiko izango ditu ondoan euskaraz eta katalanez kaleratu duen ‘Artean’ diskoa aurkezteko (Guggenheim museoko entzungelan, martxoak 23); Darlene Gijumiag quebekiar mig'mawaga ‘Lurretik lurrera’ emankizunean entzun ahal izango dugu (martxoak 26, Bidebarrietan liburutegia) eta Bob Dylanen kantuak Audience eta Belharraren eskutik iritsiko dira (martxoak 27, Kupula aretoan).

Antzerkiari dagokionez, Arriaga antzokiarekin elkarlanean egindako bidea jarraiturik, bihar bertan hasiko dira Tennessee Williamsen ‘Kristaleko zooa’ antzezlan klasikoaren euskarazko bertsioaren entsaioak. Natalia Menendez aktore ospetsua da antzezlanaren zuzendaria eta gaztelaniazko bertsioaren egilea, eta Kepa Errastik ekarri du euskarara. Mikel Losada, Ione Irazabal, Miren Gaztañaga, Anartz Puertas eta Kepa Errasti bera dira antzezleak. Martxoak 21, 22 eta 23an egongo da Arriagan.

Urtero idazle bati eskatzen dio Loraldiak etorkizunean pentsatuz testu bat asma dezan, emanaldian irakurketa egin eta zuzeneko musika eta bertsolaritza saio batekin uztarketa egiteko. Aurten Edorta Jimenez izan da gonbidatua, eta oholtzan izango ditu lagun Rafa Rueda musikaria eta Amaia Agirre, Oihana Arana eta Ane Labaka bertsolariak (martxoak 16, Gugenheimeko entzungelan). 

Liburuen aurkezpenak izango dira ere, bertsolaritzari buruzko hausnarketak, zinema emanaldiak –Oskar Alegriaren transhumantziaren inguruko bidaia poetikoa, ‘Zizindurrukarrratz’ izenekoa, martxoaren 28an egongo da Bizkaia aretoan–, ibilaldi kulturalak... eta Palestina izango dute gogoan ‘Palestina mina’ kontzertuarekin (martxoak 26).

Egonaldia Lekeition

Loraldiak gazteei zuzendutako kultur sorkuntza egonaldien deialdia egin du. 30 urtetik beherakoei zuzendutakoa da egitasmoa. Egonaldia ekainaren 23tik 27ra egingo da Lekeition, eta euskarazko kultur proiektuak sortzeko eta garatzeko espazio bat eskainiko du, tutoretza profesionalarekin.

Gazteen sormena sustatzea da programaren helburu nagusia. «Sorkuntza egonaldiak parte-hartzaileei beren proiektuak martxan jartzeko baliabideak eta aholkularitza eskainiko dizkie, diziplina anitzetan: dramaturgia, dantza, musika, ikus-entzunezkoak, bertsolaritza eta beste hainbat arlo», adierazi dute sustatzaileek.

«Gazte sortzaileek aukera paregabea dute beren ideiak garatzeko eta euskarazko kultur sorkuntzan urrats garrantzitsu bat emateko», nabarmendu dute.

Zer eskaintzen du Loraldiaren gazte sormen-egonaldiak?
-Sormen-egonaldia, egun bat eta bost egunen artekoa.
-Tutoretzapeko lana: sortzaile gazteek erreferente profesional baten laguntza jasoko
dute beren proiektua garatzeko.
-Baliabideak eta ostatua: lanerako espazio egokia eta mantenu-ostatu erdi-pentsioa.
-Kultur ekintzak: parte-hartzaileek Loraldiak aste horretan antolatutako Lekeitioko
Sormen Astearen ekintzetarako doako sarrera izango dute.

Parte hartzeko baldintzak honakoak dira: 30 urte baino gutxiago izatea batetik, banaka edo taldeka aurkeztea, bestetik. Baita euskaraz garatzeko kultur-proiektu bat izatea ere. Aurten, lehen aldiz, gazteak beraiek izango dira haien proiektuak garatzeko proposamena luzatuko dutenak.

Egun bat eta bost egun arteko egonaldia izan daiteke, eskaeren eta beharren arabera. Proiektuaren tutorea izateko nahi den pertsona edo profesionala proposatu beharko dute partehartzaileek.

Urtarrilaren 30a eta otsailaren 20a bitartean zehaztu dute proposamenak aurkezteko epea.
Otsailaren 21tik 28ra egingo da proiektuen ebaluazioa eta martxoaren 3an jakinaraziko du Loraldiak hautatutako proiektua. Martxoaren 5ean argitaratuko da erabakia.

Informazio gehiago eta izen-emate orria webgunean.

Gazteentzako sormen-egonaldia Loraldiak antolatzen du, eta hainbat erakundeen laguntza jaso du: Lekeitioko Udala, NAIZ Irratia eta Laboral Kutxa laguntzaile gisa ari dira, eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesletza eskaini du.

Kokapena

Arriaga antzokia

Bilbo . Bizkaia