Gazteon Eskutik Berriozarren, musika eskaintza oparoaz
Data
25.04.17 - 25.04.19
Lekua
Nafarroa - Berriozar

Ernai gazte erakundeak ‘Gazteon eskutik’ ekimena burutuko du egunotan Berriozarren, eta bide horretan, makina ekintza eta ekitaldi prestatu ditu apirilaren 17tik 20ra bitartean. Mahai inguruak, bazkariak, tatto tailerrak, ikastaroak, ekitaldi politikoa... eta nola ez, zuzeneko musika.
Izan ere, eskaintza oparoa izango da, Euskal Herriko musika taldeak eta gure mugetatik at datozen proposamenak batuz afitxa koloretsuan. Horretarako bi musika gune prestatu ditu antolakuntzak, eta Atara Zarata karpan ospatuko dira emanaldi nagusiak, eta Ezker Paretan bestelako musikekin gozatzeko aukera izango da. Egun guztietarako bonoak oraindik salgai daude Ernai erakundearen atari digitalean, eta gaualdi bakoitzerako ere eskura daitezke klik batean. Akanpatzeko aukera izango da, eta furgonetentzako ere aparkalekua prestatu dute.
Osteguna
Indarrez hasiko da Gazteon eskutik ekimenaren musika eskaintza. Madriletik etorriko da Biznaga taldea, rock eta post punk iluneko kantuekin. Sarri aritzen da taldea gurean, eta ‘¡Ahora!’ disko berrian oinarrituko dute zuzeneko kantu zerrenda. Norabide berean baino bestelako toki batetik TOC taldeak hartuko dio segida, pasa den abenduan argitaratu zuten ‘Jaioak hiltea zor’ diskoa besapean. Berriki sortu da Marte Lasarte taldea, tartean, Skakeitan, ETS, edo Belako taldeko kideekin, baino dagoeneko eman du zer esana, eskaini dituzten kontzertu bakanetan. Erritmo dantzagarriagoetan etorriko dira Skabidean taldeko kideak, mila koloreko reggae eta rockstady erritmoetan, eta bestelako doinuak nahiago dituztenek, Nogen ikusteko aukera izango dute. Popetik gertuago dago Donostiako banda, ahotsei eta azpi-ahotsei garrantzi handia emanez. Ahots erregistro ederretan ere koka daiteke Bele egitasmoa, soula edo funka edo bezalakoak proposatuz zuzeneko beroan. Amaitzeko rapetik datorren XSakara eta elektronikan sakontzen duen Aimarz gazteon gozamenerako. Gaualdia Bravak itxiko du Atara Zarata gunean, bere ikuskizun ausart eta eroez, musika pintxada ederrean. Ezker Paretan ere, disko jartzaileak goizalderarte.
Ostirala
Proposamen gazte eta berrien alde egin dute musika egitaraua prestatzean. Badator gazte belaunaldi indartsu bat, musikalki gauza berriak eskaintzen eta oso parametro ezberdinetan. Eta horietako asko eta asko, euskaraz. Hor koka daiteke Oñatiko Sukena banda, pop rock giroetan sakontzen, emakume abeslariak frentean. Talde nafarrek garrantzia handia izango dute gaualdi honetan, eta bide horretan Burutik (abeslari berria aurkezten ari da banda zuzenekoetan), Sustrai Berriak (punk oi! eta rock beroa lantzen), Maruxak (elekronikatik ikuskizun ausartaz) edo Apotheke (post-punka eta elektronika batuz) aipa daitezke. Eta Nafarroan jarraituz, Naxker taldeak ere izango du bere tartea aurtengo ekimenean, nola ez!. Beraiek sortu dute ‘Zein Lore’ abestia Flako Fonkiren lankidetzarekin, eta bideo ederrean ikusi du argia. Urte beroa izan du taldeak, eta makina emanaldi eskaini ditu pasaden udaran ere lehen diskoaren arrakastari segika. Orain etxean ariko dira, eta argi dago, ‘Zein Lore’ kantua joko dute zuzenean. Tendentzia berriek ere toki izango dute ostiraleko afitxean, eta La Blackie abeslariaren emanaldian kaleko giro berriak iritsiko dira Berriozarrera. Musika Urbanoa deritzon koktelera handian kokatzen da Bartzelonako artista, Trapean sakonduz batez ere. Bide horretatik etorriko dira ere Zilibito Records, edo 48280, rapa eta elektronikatik datozen erritmoak jorratuz.
Larunbata
Larunbaterako eskaintza ere askotarikoa izango da. Musikalki anitza izango da eskaintza, eta Soziedad Alkoholika edo Su Ta Gar bezalako talde mitikoen erritmo bortitzetatik, Gozategiren erromeria giroetara igaroko da jaia, dantza eta borroka bateragarriak direlako. Gazte eta ‘ez hain gazte’ direnentzako aukera ederra izango da honakoa, garai batean talde esanguratsuak izan zirenak, oraindik ere maila mantentzen dutela erakutsiz. Bestelako giroetan etorriko dira Olatz Salvador eta bere banda, abiadura lasaituz popera eta elektronikara bideraturiko proposamenarekin. Herdoil taldeak distortsioa zapalduko du berriro, eta erritmoa oldartu, La Furiaren rap borrokalariari bide emateko. Ganibet bikoak kantu berriak taularatuko ditu emanaldi honetan, labetik atera berri duten ‘Zure Zeru’ diskoa aurkeztuz. Gaualdia amaitzeko Euskoprincessen magia eta La Fulanaren pintxada berezia iragarri dira, non azken hau lagunartean ariko den La Txama, Labar edo Kiliki izango ditu agertokian lagun besteak beste. Gauak luze joko du Berriozarren.
Igandea
Igandean Iruñean ezker abertzaleak prestatu duen egitarauarekin bat egin du gazte erakundeak, eta bide horretan, bertara bideratuko dituzte indarrak. Alde zaharreko taberna eta elkarte batzuetan musika pintxadak prestatu dituzte, eta Gazteluko plazan izango diren kontzertuetara joateko deia egin dute. 16.00etatik aurrera Izaki Gardenak, Belako eta Trikidantz ariko dira zuzenean.
Kokapena
Berriozar, herrian zehar
Udaletxea
Berriozar. Nafarroa