Gazteon Eskutik, musika eta aldarrikapena Lezon

Data

24.03.29 - 24.03.30

Lekua

Gipuzkoa - Lezo

Mafalda taldeko kideak ‘Un ultimo grito’ biran Lezon.
Mafalda taldeko kideak ‘Un ultimo grito’ biran Lezon. (MAFALDA)

Martxoaren 29, 30 eta 31 bitartean ospatuko du Ernai gazte antolakundeak Gazteon Eskutik ekimena Lezon, ‘Loratuko da udaberria’ lelopean. Hiru egunetan zehar ugariak izango dira bertan egingo diren ekimen, ikastaro, mahai-inguru, tailer, ekitaldi, mobilizazio eta kontzertuak. Bide horretan zuzeneko musikak garrantzi handia izango du ostiralez zein larunbatez. Sarrerak dagoeneko salgai daude bibe plataforma digitalean. Bi egunetako bonuek 48,35 euroko balioa izango dute, eta ostiralekoak zein larunbatekoak 27,25 euroen truke eskura daitezke. Musika proposamen berrien eta emakumeen presentzia handia izango da musika proposamenetan; askotariko doinuak entzun ahalko dira gauero.

Ostirala

Musika eskaintza anitza eta askotarikoa izango da. Rock doinuetatik elektronikara, reggaea, hip-hopa edota funka albora utzi gabe. Ostiral gauez Azken Sustraiak taldeak punk rock eta rock and roll doinuak ekarriko ditu Lezora besapean ‘Goierri’ disko berriaz. Oñatiko Sukena taldeak ere disko berria taularatuko du, rock eta pop giroetan datorren ‘Guztia Gordetzea Ezinezkoa Da’ izeneko debuteko lana.

Belako izango da gaueko kartelburuetako bat, eta dagoeneko ezagun diren kantu mitikoekin batera taldearen errepertorioan garrantzi handia izango du ‘Sigo regando’ lan berriak. Disko berriekin jarraituz Mugan taldearen ‘Aurrera ez den alde batera’ aipatu beharko genuke. Popak indar asko hartu du gurean azken garaian, eta Mugan taldea da belaunaldi berri honen adibide argietako bat.

Valentzia hiritik dator Mafalda, eta seguraski gaueko beste une garrantzitsuetako bat izango da. Taldearen bidea etengo dute laster, eta agurreko biran murgilduak dira. Musika talde batetik harago doa banda, ondo pasatzeaz gain, bozgorailu bilakatuz. Beraz, aukera paregabea taldea zuzenean gurean ikusteko.

Burutik taldeak ez du disko berririk, baino taldearen musika ibilbidea nahikoa da aipamen bat egiteko. Pauso txikiekin urrats handiak eman dituzte, eta kantu berrien esperoan taldearen doinuekin gozatzeko aukera izango da.

Ameba taldea, berriz, disko berriaren grabaketan murgildua dago egunotan, baina denbora aterako dute zuzenean Lezon aritzeko. Rock zuzen eta gordina maite dutenentzako tartea izango da honako.

Rocka lantzen, ere, baino bestelako giroetan dator Txopet taldea. ‘Nahiz eta jausi’ diskoa kaleratu zuen taldeak 2023 urte amaieran, eta kontzertu biran murgildua da. Rock giroak eta auto-tunea lehen begi bistan, eta kantu ederrak disko ganoraz entzunez gero.

Oiartzundik iritsiko da Zilibito Records proposamena Baga Biga zigilupean kaleratuko duten ‘Deabruaren Doinuak’ esku artean. ‘Musika urbanoaren’ aterkipean aritzen dira, elektronikatik musika estilo anitzetan arituz. Oiartzundik ere Bengo etorriko da, hip-hop kulturaren baitan.

Talde gazteekin jarraituz, rap eta funk giroen maitaleek Amooma taldearen erritmoekin gozatzeko aukera izango dute, eta Andoni Ollokiegi gitarra hutsez ariko da ikuslegoa girotzen kantu propio eta kantu moldaketekin. Gaualdia borobiltzeko Fresa Morango disko jartzaileen musika festa izango da.

Larunbata

Larunbaterako ere eskaintza zabala izango da. Tribade taldea izango da eguneko kartel buruetako bat. Bartzelona hiritik dator proposamena, musikalki giro mestizoetan, besteak beste, rapa, hip-hopa, regetoia eta R’n’B giroak uztartuz, betiere giro aldarrikatzaile eta jarrera feministarekin.

The Lio taldeak punk rockean du norabidea, eta kontzertu beroak eskaintzen ditu lauko bandak. Nafarroatik datoz, eta ‘Iraganaren preso’ diskoa dute aurkezpen txartel. Iruñerritik ere, Hofe, eta bere ondoan 4:40 banda. ‘Amodioa’ eta ‘Amorrua’ diskoetan ederki erakutsi du zer egiteko gai den, baino zuzeneko emanaldietan eztanda egiten dute kantuek. Energia, izerdia eta jarrera.

Eire bikoak ere zer esana eman du azken garaian. Oso denbora gutxian toki bat lortu dute musika eszenan, eta lehen diskoan batu dituzte lehen kantuak. Proposamen ausarta da eurena, aro berri honen soinu banda.

Antzeko norabidean dator Ganibet bikoa, eta beraiek egin dute Gazteon Eskutik ekimenaren ‘Galdera guztiak’ kantua, Irune Ziztada lagun ahotsetan. Amaiur Goikoetxea eta Ekain Alegre musikariek osatzen dute egitasmoa, eta kantu solteen bidez ezagutu ditugu sarean. Arratseko 19.30ean ekitaldi politikoaren ordua izango da, eta bertan entzun ahalko da egin duten kantua.

Gitarra zorrotz eta zikinak maite dituzte Ithaka taldeko lagunek. Gipuzkoako kostaldetik datoz, Orio eta Zarautzetik, eta debuteko diskoan rock alternatiboa izan dute abiapuntu.

Erritmoak lasaituz, reggae giroetan datoz Xiberoots taldekoak, hauek ere kantu berriekin. ‘Beti forman’ kaleratu dute bideo formatuan, eta ederki erakusten du taldearen forma ona.

Herenegun taldea Donostiako Antigua auzotik dator; 2015 urtean eman zituzten lehen pausoak. Proposamen gaztea da honakoa, pauso sendoez bidea egiten.

Gaua borobiltzeko disko jartzaileen tartea izango da non, Bonbadil Sound System, Dj Azkura, Dj Xaukena Xauk eta DJ Eromena musika jartzaileek osatuko duten afitxa.

Igandean Aberri Egunera

Iganderako autobusak prestatu ditu antolakuntzak Iruñean ospatuko den Aberri Egunera joateko. Bertan ere zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da Xiberoots, Perlata eta Trikidantz taldeen emanaldiekin.

Kokapena

Herri osoan zehar
udaletxea
Lezo. Gipuzkoa

Loturak