‘Gravitation’, Chillidari buruzko lehen monografikoa Austrian

Data

23.05.02 - 23.09.24

Lekua

- Krems

‘Eduardo Chillida. Gravitation’ irailaren 24ra bitartean dago ikusgai.
‘Eduardo Chillida. Gravitation’ irailaren 24ra bitartean dago ikusgai. (Walter SKOKANITSCH)

Eduardo Chillida jaio zeneko mendeurreneko ospakizunei Euskal Herriko mugetatik kanpo eman zaie hasiera, Austrian hain zuzen ere. Vienatik hurbil dagoen Krems hiriak hartuko du ‘Eduardo Chillida. Gravitation’ erakusketa irailaren 24ra bitartean. Han paratu dituzten 80 obra grafiko eta eskultorikoen bidez, eskultore handiaren ibilbideari errepaso sakona eman nahi zaio.

«Atzera begirako erakusketa honek bere ibilbidean egin zituen sorkuntza artistiko ezberdinak irudikatzen ditu. Eduardo Chillidaren obrak beti izan zuen bokazio unibertsala, eta guretzat oinarrizkoa da Kunsthalle Krems bezalako instituzioen konplizitatea lortzea, eskultorearen figura herrialde eta belaunaldi berrietara eramateko», adierazi du erakusketaren aurkezpenean Luis Chillidak, eskultorearen seme eta Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioko presidenteak. Austrian eskaini zaion lehen erakusketa monografikoa da honakoa.

Chillidak bere ibilbidean erabili izan zituen teknika eta material ezberdinak erakustea du xede erakusketak eta, hala, papera, igeltsua, kobre oxidoa, burdina edo granitoa erabilita osatutako piezak jarri dituzte.

Obra grafikoari garrantzia berezia eman diote erakusketan eta, marrazki, collage eta grabatuez gainera, Chillidaren ‘grabitazioek’ leku nabarmena hartzen dute. 80ko hamarkadatik aurrera ‘‘grabitatzearen’’ ideiarekin jolastuz paperaren gainean osatu zituen irudiei izen hori eman zien, eta horiek dira, hain zuzen, erakusketaren muina.

Luis Chillidak nabarmendu zuenez, Kremsen ikus daitezkeen obren artean 1982ko futbol Mundialerako egin zituen marrazkiak ere badaude, hein batean erakusketa hau antolatu zedila bideratu duen elementua: «Beti nahi izan dut Eduardo Chillidaren artea erakutsi –esan zuen Florian Steiningerrek, Kunsthalle Krems Museum-eko zuzendariak–. Chillidarekin izan nuen lehen kontaktua album bateko futbol pegatina baten bidez izan zen. 1982ko Mundialerako euskal artistak egin zuen marrazki batean zuen oinarria», kontatu zuen zuzendariak.

Urte batzuk geroago izan zuen eskultorearen obra zabalago ezagutzeko aukera, museotik gertu dagoen Gottlicher galerian. «Poesiaz, zehaztasunez eta lurtartasunez gainezka zegoen obra grafikoaz eta eskultorikoaz maitemindu nintzen, eta pozarren nago mendeurreneko ekitaldiak Austrian egingo zaion lehen erakusketa monografikoarekin abiatu ahalko direlako», ziurtatu du Steiningerrek.
 
Maketak eta argazkiak Munduan barrena espazio publikoan barreiatuta dauden Chillidaren eskulturak maketa eta argazki bidez eraman dituzte museora, besteak beste, ‘Haizearen orrazia’, ‘Arkitekturari omenaldia’ edota ‘Askatasun kaiola’ obrenak.

Katalogo bat ere argitaratu dute, erakusketan dauden obra eta irudien zerrendaz gainera, hausnarketarako baliagarriak izan nahi duten testuak biltzen dituena. Zehazki, Kosme de Barañano, Peter Murray, Florien Steininger, Ignacio Chillida eta Mikel Chillidaren testuak jaso dituzte katalogoan.

Sarrerak webgunean eskuragarri. Zabalik asteartetik igandera 10.00etatik 18.00etara.

Kokapena

Kunsthalle Krems
Museumsplatz 5
Krems.